Euskaltel Taldeak errekorra hautsi du, eta 62,8 milioi irabazi ditu 2018an, % 26,6 gehiago
Operadorearen diru-sarrerak 691,6 milioi eurora iritsi dira: % 11,2ko igoera esan nahi du horrek 2017ko ekitaldiaren itxierarekiko
Honetan datza Taldearen negozio-estrategia: balio erantsi goreneko produktuak paketeka eta bateratuta eskaintzean
Operadoreak arrakastaz ekin dio hedapen-planari, eta bost merkatutan sartu da dagoeneko: Nafarroan, Kantabrian, Leónen, Errioxan eta Katalunian. Merkatu horietan garatzea aurreikusten du 2019rako
Euskaltel Taldeak bere errekorra hautsi zuen 2018ko ekitaldiaren itxieran, 62,8 milioi euroko irabazi garbiarekin amaitu baitzuen urtea: aurreko urtean baino % 26,6 gehiago. Espainiako iparraldeko operadore liderrak 691,6 milioiko diru-sarrerak lortu zituen, hots, 12 hilabete lehenago baino % 11,2 gehiago.
Konpainiak CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari gaur bidali dizkion emaitzen aurkezpenean azaldu bezala, datu horiek konpainiaren estrategiaren ondorio dira: balio erantsi goreneko produktuak paketeka eta bateratuta eskaintzearen ondorio, alegia. Euskaltel Taldearen bezero bakoitzak 3,6 produktu kontratatu ditu batez beste 2018an (2017an, berriz, 3,5).
Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) 336,4 milioi eurokoa izan da, hots, aurreko ekitaldikoa baino % 9,6 handiagoa. Halaber, Ebitdaren marjinak gorako bidean jarraitu du 2018an: oinarrizko 42 puntu hazi da ekitaldian, eta diru-sarreren % 48,6raino heldu da. Datu horri erreparatuta, sektoreko europar konpainien hiru arrakastatsuenen artean kokatzen da Euskaltel.
Hau proposatu du operadorearen Administrazio Kontseiluak: akzioko 0,31 euro-zentimoko azken dibidendu bat banatzea, 2018ko emaitzen kontura, ekitaldi horretako irabazi garbia oinarri harturik. Akziodunen Batzar Orokorrak onartu behar du erabaki hori. Dibidendu horri % 4,2ko errentagarritasuna dagokio, akzioko prezio haztatuko, 2018ko ekitaldia kontuan harturik, eta duela urtebete ordaindutakoa baino % 11,5 gehiago da.
Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidenteak esan bezala, “2018an modu jasangarrian hazten jarraitu dugu, gure negozioa indartu dugu, bezero-oinarria handitu eta emaitzak hobetu. Eta horrekin guztiarekin, lanean dihardugun gizarteen eraldaketa digitala bultzatu dugu. Emaitza horiei esker, akziodunei dibidenduen bidez ordaintzeko aukera dugu; iaz bi digitu hazi zen dibidendua, eta, hala, hartutako konpromisoa bete dugu”.
Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak hauxe nabarmendu du: “2018ko ekitaldiko zenbakiek eta hedapen geografikorako gure planaren garapenak erakusten dute Euskaltel Taldearen hazkuntza sendoa dela. Konfiantza osoa dugu gure plan estrategikoan, eta espero dugu 2022ko ekitaldia 800 milioiko diru-sarrerekin eta 400 milioiko Ebitdarekin amaitzea”.
Palanka-efektuaren ratioak hobera egin du, zorra Ebitda bider 4,45ekoa baita, 2018ko ekitaldian zorra 74,4 milioi murriztu ondoren.
Kutxako fluxu operatiboa 182,9 milioi eurokoa da, diru-sarrerekiko % 28,5eko marjina alegia; eta % 31,8ra iritsiko litzateke Taldearen hedatze- eta integrazio-plana kontuan hartuko ez balitz. Hala, Euskaltel Taldea lider da Europako operadoreen artean kutxako fluxu-sorrerari dagokionez.
Horrez gainera, sendoa da konpainiaren ARPU indizea (erabiltzaile bakoitzeko diru-sarreren batezbestekoa): 59,90 euro hileko. Eskaintza bateratuari esker lortu da zenbateko hori, balio erantsiko kalitatezko zerbitzua eskaintzen baitie Euskaltel Taldeko bezeroei.
Balio erantsi handiko bezero gehiago
Euskaltel taldeak zerbitzuak paketeka eta bateratuta eskaintzeko garatu duen estrategiari esker, bezero guztien % 69,7k 3-4 produktu ditu kontratatuak. 168 oinarrizko puntuko hazkuntza esan nahi du horrek 2017ko ekitaldiaren itxieran lortutako % 68rekin alderatuz gero.
Etxeko segmentuan, aurreko ekitaldian baino 64.000 produktu gehiago kontratatu dira; beraz, 2018an, ia 2,4 milioi produktu ditugu kontratatuak, nahiz oso ingurune lehiakorrean dihardugun.
Enpresa-segmentuari dagokionez, ETEek eta kontu handiek sortutako diru-sarrerak % 3,5 hazi dira, eta, 2018an hartutako neurriei esker, joera aldatu eta eboluzio positiboa izan du laugarren hiruhilekoan.
Hurrengo ekitaldietarako, Euskaltel Taldearen negozio-planak aurreikusten du eutsi egingo diola bere ohiko merkatuetako bezero-oinarriari. Izan ere, operadoreak alta garbi positiboak izan ditu 2018an, eta hazi egin da urteko lau hiruhilekoetatik hirutan. Bereziki adierazgarria izan da laugarren hiruhilekoa, 2.000 alta garbi baino gehiago izan baitira. Horrez gain, planean zehar erabiltzaile bakoitzeko diru-sarreren hileko batezbestekoa (ARPU indizea) handitzen jarraitzea espero du konpainiak, eskaintza bikainari eta edukien eraginkortasunari eta balioari esker.
Produktu-motak bana-banan hartuta, operadoreak sendotu egin du telefonia mugikorren sektorean zuen nagusitasuna (43.300 linea berri ), eta ekitaldiaren amaieran mugikorreko 958.000 linea izatera iritsi da. Telebista-zerbitzuak, berriz, 23.000 bezero irabazi ditu eta 417.000ra iritsi, Euskaltel Taldeak eskaintzen duen baliozko proposamenari esker eta 4K Android TV deskodetzailea sendotzeari esker; horretan zerikusia izan du, halaber, zenbait plataforma integratzeak, hala nola Netflix eta Amazon. Bestalde, kontratatutako banda zabaleko produktuak 497.000tik gora dira, urtean zehar 8.5000 gehitu ondoren.
Teknologia sendoa bereizgarri
Euskaltel Taldeak epe luzerako ikuspegia eta luzaro irauteko borondatea du, funts teknologiko sendoa duela bere balio bereizgarriaren oinarri. Horri esker, konpainia guztiz prestatuta dago hazteko eta merkatu berrietan sartzeko. Hala, lau zutabetan oinarritzen da konpainiaren estrategia. Lehenik, erabiltzaileen gogobetetze handiagoa du xede, etxeko merkatuan lidergoari eusteko, faktore hauek baliatuz: telebista-esperientzia paregabeak, wifia, banda zabala eta mugikortasuna.
Bigarrenik, berriz hazi da enpresa-sektorean (B2B), estrategia komertzial bateratu bati esker, produktu eta zerbitzuen aukera berriari esker, merkatuko player garrantzitsuenekiko aliantzei esker eta bere produktu eta zerbitzuen irismen globalari esker.
Gainera, konpainiak plan bat prestatua du sinplifikaziorako, eraldaketarako eta digitalizaziorako, zeinaren barruan sartzen baitira, beste hobekuntza batzuen artean, sistema-plataforma bakarra eta CRM berri bat (bezero-kudeaketa). Izan ere, Euskaltel taldea liderra da sektorearen eraldaketan: bere bezeroen beharrak aktiboki entzunda, kontsumitzaileek nahi dituzten kalitate handiko zerbitzuak eta edukiak eskaintzen ditu.
Artechek hau adierazi du: “Euskaltel Taldean, jarduteko modua errazten ari gara, gure bezeroei laguntzeko, haiek baitaude gure negozio-jarduera guztiaren erdigunean. Horren adibide da erabiltzailearen arretarako zerbitzuan jasotzen diren deiak % 17 jaitsi direla azken urtean”.
Azkenik, taldea lurralde-eremua zabaltzen ari da, eta, hala, 2019an bost merkatu berritan garatuko da –Nafarroa, Kantabria, Leon eta Errioxa–, hurbiltasun geografikoagatik, eta Katalunian ere ba; han, RACCtel+ markarekin eskaintzen ditu produktuak eta zerbitzuak, RACC aseguru-etxearekin akordio bat egin ondoren. Plan horrekin, eta Euskaltel Taldeak Orangerekin sinatua daukanarekin, operadoreak ahalmena dauka Estatuan 10 milioi etxe berritara iristeko.
García Erauzkinek hau azpimarratu du: “Merkatu berriak lortzeko haziz eta, aldi berean, gure ohiko merkatuetan dugun presentzia indartuz, hazten jarraituko dugu, bai emaitzetan, bai bezero-oinarrian, eta gure interes-taldeen aurrean hartutako konpromisoak beteko ditugu”.