% 2,3 hazi dira, urtetik urtera, Euskaltelen diru-sarrerak

Bizkaia

  • Goranzko joerari eutsi dio 2015ean Euskaltelek, hiruhilekoz hiruhileko, bai diru-sarrerei, bai bezero-kopuruari dagokienez.
  • Urteko hirugarren hiruhilekoan, 244,4 milioi eurokoak izan dira diru-sarrerak; 2014ko irailean, berriz, 238,9 milioikoak izan ziren.
  • Kutxa-bihurketa handia. 2015eko irailera arte, 88,1 milioi euroko Ustiapen Kutxaren Fluxu Libre doitua sortu du Euskaltelek, hots, % 2,0ko hazi da, aurreko ekitaldiko garai bereko 86,3 milioi euroekin alderatuta.
  • Azpimarratzekoa da Euskaltelen kutxa-bihurtzearen ratioa (% 75,5), gure sektoreko Europako emaitzarik onenak % 60 ingurukoak baitira.
  • Bestalde, emaitza operatiboak ere oso onak izan dira: EBITDA doitua 116,7 milioi eurokoa izan da, 2014ko ekitaldiko garai berekoa baino % 3,9 handiagoa. Diru-sarreren gaineko marjina, berriz, 0,7 puntu hazi eta % 47raino iritsi da.
  • Emaitza garbi doitua 36 milioi eurokoa izan da; 2014ko hirugarren hiruhilekokoa, berriz, 25,6 milioikoa izan zen.
  • Hazten ari da bezero-kopurua. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan, 40.987 bezero gehiago izan ditugu telefonia mugikorrean, eta bezeroen alta-portzentaje garbiak sare finkoan.
  • Euskaltelen bezeroen % 63,1k hiru eta lau zerbitzuko paketeak kontratatu du; 2014ko ekainaren 30ean, berriz, % 53,8k.
  • Bestalde, gorantz jarraitzen dute etxeko segmentuko diru-sarrerek: % 3,7 hazi dira, aurreko ekitaldiko garai berarekin alderatuta.
  • Burtsan, azkenik, % 8tik gorako balio-irabazia izan du Euskaltelek, hots, 20 puntutik gorako aldea Ibex indizearekiko.

índiceGaur aurkeztu ditu Euskaltelek 2015eko hirugarren hiruhilekoko emaitzak, zeinek garbi erakusten baitute gure konpainiak, hiruhilekoz hiruhileko, izan duen hazkundearen sendotasuna, bai diru-sarreretan, bai bezero-kopuruan.

Konpainiaren diru-sarrerak onak izan direla berresten dute Euskaltelen emaitzek (irailaren 30era artekoak), eta, enpresaren estrategiari jarraikiz, hazkunde jarraituaren bidetik segitzen dugula erakusten. Urtetik urterako hazkundea % 2,3koa izan da: 244,4 milioi euro aurtengo hirugarren hiruhilekoan, eta 238,9 milioi 2014ko irailaren amaieran.

Bestalde, sektoreko erreferentzietako bat izaten jarraitzen du Euskaltelen kutxa-bihurtze handiak. 2015eko irailera arte, 88,1 milioi euroko Ustiapen Kutxaren Fluxu Librea sortu du euskal konpainiak, hau da, % 2,0 hazi da, aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta (86,3 milioi euro). Azpimarratzekoa da Euskaltelen kutxa-bihurtzearen ratioa (% 75,5), gure sektoreko Europako emaitzarik onenak % 60 ingurukoak baitira.

2015eko hirugarren hiruhilekora doitutako EBITDA, berriz, 116,7 milioi eurokoa izan da, aurreko urteko epe berekoa baino % 3,9 handiagoa. Diru-sarreren gaineko marjina, berriz, 0,7 puntu hazi eta % 47raino iritsi da.

2015eko hirugarren hiruhilekoko emaitza garbi doitua (irabazi garbi errepikaria), bestalde, 36 milioi eurokoa izan da, 2014ko lehen bederatzi hilabeteetakoa baino % 40,7 handigoa (25,6 milioi eurokoa izan zen iazkoa).

Burtsaratzeko prozesuaren eta R cable erosteko operazioaren ohiz kanpoko gastuak kontuan hartuta, negatiboa —ezohikoa eta ez-errepikaria—izan da hirugarren hiruhilekoko emaitza garbia(–3,3 milioi euro); lehenbiziko seihilekoan, berriz, –18,4 milioi eurokoa izan zen. Datu horrek erakusten duenez, bilakaera positiboa izan dute emaitzek, 15,1 milioi euroko hazkundea izan baitute azken hiruhilekoan.

Kapital-merkatuetan ere bilakaera positiboa izan du Euskaltelen balioak burtsaratuz geroztik, uztailaren 1etik, alegia. % 8,4 egin du gora konpainiaren kotizazioak, eta 20 puntu baino gehiagoko aldea atera dio Ibex indizeari lau hilabeteren buruan. Oso positibotzat jotzen du konpainiak kapital-merkatuaren babesa, zeina gure hazkunde jarraituko bilakaerak eta hazkunde korporatiboko estrategiak sortzen duten konfiantza duen oinarri. Nabarmentzekoa da merkatuaren babes hori, Greziako eta garabidean diren herrialdeetako egoerak eragindako ziurgabetasuna dela-eta, hegakortasun handiko testuinguru batean etorri baita.

Inbertsio-erritmoari, berriz, eutsi egin dio Euskaltelek. 2015eko irailean, 28,6 milioi euroko inbertsioa zuen metatua konpainiak (Capex), hots, diru-sarreren % 12.

Finantza-zor garbia, 2015eko hirugarren hiruhilekoaren amaieran, 449,8 milioi eurokoa zen, hau da, azken 12 hilabeteetako EBITDA doituarekiko 2,8 biderreko atxikitze-maila zuen. Gure sektoreko Europako operadore konparagarrien batezbestekoa baino askoz ere txikiagoa da ratio hori.

Etxeko eta negozioetako segmentuak, hazkundearen aitzindari

Etxeko segmentua izan du aitzindari diru-sarreren inflexio-puntuak, bai eta negozio-segmentuaren bilakaera positiboa ere, % 6,7ko hazkundea izan baitute urte batetik bestera. Bilakaera positiboa izan dute etxeko segmentuko diru-sarrerek 2015eko hirugarren hiruhilekoan, eta % 3,7 hazi dira, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Bi datuon ondorio da hori: batetik, CHURN tasa (bezeroen migrazio-tasa) % 13,9raino jaitsi izanarena (2014ko garai berean, % 14,3 zen); bestetik, ARPU globala —hau da, erabiltzaile bakoitzeko batez besteko diru-sarrera, 55,75 euro/hil— hobetu izanarena.

Bezeroen alta-kopuru garbia positiboa izan da, dagokigun epean, sare finkoan, eta gora egin du bezeroko RGU-kopuruak ere (2,23tik 2,25). Mugikorren segmentuan, 40.987 bezero gehiago izan ditugu, eta bezeroko 1,81 lineako ratioa.

Igo egin da bezero bakoitzak kontratatzen duen produktu-kopurua

Etxeko segmentuko diru-sarreren hazkundeak konpainiaren pakete-estrategia du oinarri. Hari esker, bezeroen Arpu aldagaia hazi da, eta zerbitzu-bateratzean oinarritutako produktu baliozko gehiago kontratatu dira.

Euskaltelen bezeroen % 63,1ek hiru eta lau zerbitzuko paketeak kontratatzen ditu; 2014ko hirugarren hiruhilekoan, aldiz, % 53,8 zen portzentajea. 2015eko lehen bederatzi hilabeteak igarota, Euskalteleko etxeko segmentuko bezeroek 3,3 produktu kontratatzen dituzte batez beste; aurreko ekitaldiko irailean, berriz, 3,0.

Hirugarren hiruhilekoko zenbait gertakari

2015eko uztailaren 1ean, kapital sozialaren % 63,5aren Salmenta Eskaintza Publikoa gauzatu zen (% 69,9ra iritsi zen, Koordinazio Erakunde Globalei 2015eko uztailaren 7an emandako erosteko aukeraren ostean); honenbestez, burtsan kotizatzen dute, harrezkeroztik, sozietateko tituluek.

Espainiako estatuko iparraldeko lider izatea helburu duen operadore batean elkartzeko hitzarmen-printzipioa adostu zuten Euskaltelek eta R Cablek 2015eko uztailean. Eragiketa horrekin, Euskaltel Talde berriak 570 milioi euroko diru-sarrerak izango lituzke, eta 265 milioiko EBITDA.

Ondorengo gertakariak

2015eko urriaren 5ean, Euskaltelek eta R Cable y Telecomunicaciones Galicia SAko (R Cable) akziodunek R Cableko akzio guztien salerosketa-kontratu bat sinatu zuten. Eragiketaren behin betiko prezioa 1.190 milioi euro izan zen, R Cablek 2015eko irailaren 30ean zuen 300 bat milioiko zorra ere barne zela, zeina birfinantzatuko baitu Euskaltelek. Kontraprestazioa, berriz, eskudirutan ordainduko da, osorik. Kontraprestazio hori honela finantzatuko du Euskaltelek: gaur egun dituen banku bidezko finantziazio-lerroak 600 milioi handituz; 300 milioi euroko zor instituzionalaren tarte bat kontratatuz, lau finantza-erakundek bermatuta, eta akzio eta eskudiruzko funts erabilgarri berriak jaulkiz.

Loteslea da eragiketa hori R Cableko akziodunentzat; haren eraginkortasuna, berriz, 2015eko azaroaren 12an egitekoa den Euskalteleko Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar orokorraren onespenaren mende dago. Batzarrerako lehenbiziko hitzordua da hori; behar adinako legezko quorumik izan ezean, hurrengo egunerako da bigarren deialdia, 2015eko azaroaren 13rako. Halaber, Merkatuen Batzorde Nazionalaren eta Lehia Batzordearen mende ere badago.

2015eko urriaren 9an, 2018ra arte Euskalteleko lan-kondizioak arautuko dituen hitzarmen kolektiboa izenpetu zuten Euskalteleko zuzendaritzak eta langileen legezko ordezkaritzak; hori dela eta, bermatuta dago egonkortasuna hurrengo urteotarako.

2015eko urriaren 23an, “BB-” eta “B1” kreditu-kalifikazioak, hurrenez hurren, esleitu dizkiote Euskalteli Standard & Poor’s eta Moodys’s agentziek.

–      Standard&Poor’sek BB- ratinga esleitu dio Euskalteli, beste zenbait telekomunikazio-konpainiari bezala (Liberty Global eta Com Hem, adibidez) eta Europako kable bidezko beste operadore batzuei baino maila bat gehiago —Telenet, Numericable eta Tele Columbus (B+), besteak beste—.

–      Moody’sek, berriz, B1 ratinga esleitu dio Euskalteli, Telenet, Numericable eta Com Hem operadoreei bezala, eta Tele Columbus (B2) operadoreari baino maila bat gehiago.

Euskaltelek indargune hauek azpimarratu dituzte bi agentzia horiek: diru-iturriak aurkitzeko ahalmena, merkatu-egoera iraunkorra eta konpainiaren hazkuntza-iguripen onak, negozio-plan sendoa eta iraunkorra baitu Euskaltelek datozen urteotarako.

 

 

 

Partekatu

Beste berri batzuk