40 jarduera baino gehiago Musika Gela zikloaren 22-23 Denboraldian

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Orkestrak lau ekoizpen propio aurkeztu eta estreinatuko ditu hezkuntza-zikloaren Denboraldi berriaren baitan: ‘Ondinaren magia’, musika, magia eta fantasia uztartzen dituen eta egunotan estreinatu dena; ‘Living Room Music’, pasa den Denboraldian bertan behera utzi ostean berreskuratzen dena; ‘Boléro’, Ravelen obra handia plater nagusitzat duena; eta ‘Elkarrekin sortu’, publikoaren eta musikarien elkarlanaren bidez garatuko den ikuskizun teknologiko-musikala

GipuzkoaZientzia eta Teknologia Parkeko Donostiako Campuseko, Kursaleko eta Gasteizko egoitzako Eskolarteko Kontzertuen eta Familiako Kontzertuen eskaintza zabala, zikloaren ardatz nagusia elkarrekin osatzen dutenak, hiru entsegu irekirekin eta beste jarduera batzuekin osatuko da

Covid-19aren mundu mailako pandemiaren ondorioz programazioa murriztuta izan zuten bi denboraldiren ondoren, indartsu itzuli da Euskadiko Orkestraren hezkuntza-zikloa, Musika Gela, 40 jarduera baino gehiagorekin. Orkestraren programazioan aspaldidanik erabat sustraituta dagoen hezkuntza-ziklo hau herritarrei, oro har, eta gazteei, bereziki, musika gerturatzeko helburuarekin jaio zen. Bere baitan eskaintzen diren kontzertuek izaera didaktikoa, pedagogikoa eta gertukoa daukate, eta askotariko adin-taldeei zuzendutakoak dira, aurtengoan 3 urtetik hasi eta 12 urteraino.

Urtez urte, Euskadiko Orkestrak bere hezkuntza-zikloaren baitan estreinatzeko produkzio propioak prestatzeko apustua egiten du, jatorrizko gidoiak erabiliz.

Denboraldi honetan lau produkzio propio prestatu ditu orkestrak. Lehenik eta behin, gure publiko gazteenarentzat Ondinaren magia izeneko kontzertu bat diseinatu dugu, musika eta magia uztartzen dituena maitagarrien eta ondinen abenturen kontakizun original baten bidez. Living Room Music perkusio-instrumenturik gabeko perkusio-kontzertuak konfinamendura eramango gaitu umorearen bidez krisi garaian giza sormenari balioa emateko. Ondoren, Boléro kontzertu sinfonikoa etorriko da, eta bertan gure ikasleek historiako crescendorik ospetsuenaz gozatzeko aukera izango dute, baita kontzertu honetarako bereziki sortutako koreografia batean parte hartzekoa ere. Eta, azkenik, Elkarrekin sortu, adin guztietarako kontzertu berritzailea, non publikoa entzungo ditugun musiken funtsezko parte izango den.

Lau produkzio hauek bi formatutan aurkezten dira, Eskola Kontzertuetan eta Musika Familian kontzertuetan.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako 11.000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute aurtengo Eskola Kontzertuetan100 ikastetxe ingurutik datozen ikasleak dira, dozenaka herri ezberdinetakoak: besteak beste, Alkiza, Azpeitia, Berrobi, Donostia, Gasteiz, Lizartza, Mendaro, Olaberria, Orio, Urretxu, Zerain, Zestoa eta Zumaia. Eskola Kontzertuek Gipuzkoako Batzar Nagusien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren Hezkuntza Sailaren eta Kursaal Eszenaren lankidetza dute gaur egun.

Bestalde, ekoizpenak Musika Familian kontzertu formatuan eskainiko dira Donostian eta Gasteizen. Euskadiko Orkestrak haur eta gazteei eskaintzen dizkien jardueren artean, ibilbide luze eta finkatuena duen atala Musika Familian kontzertuena da. Haurrek familiekin gozatzeko kultur aisialdiko eskaintza honek 26 urte daramatza orkestraren egitarauan. Donostiako Campuseko Gipuzkoako Parkeko egoitzako Familia Kontzertuek El Diario Vascoren babesa dute, eta horietatik Kursaalen egingo dena, Elkarrekin sortu, Kursaal Eszenarekin lankidetzan prestatu da. Arabako hiriburuko kontzertuek, bestalde, Gasteizko Udalaren Antzoki Sarearen lankidetza dute. Ikuskizun guztietarako sarrerek 3 eta 8 euro bitarteko prezioa dute eta euskadikoorkestra.eus webgunearen bidez eros ahal izango dira, ikuskizunen datak hurreratu ahala. Dagokion aretoaren leihatiletan eta webguneetan (kursaal.eusprincipalantzokia.org) ere egongo dira salgai.

Partekatu

Beste berri batzuk