Parke Teknologikoen Sareak eta EDE Fundazioak zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak integratzeko ekintzak gauzatuko dituzte

Sinatu duten lankidetza-hitzarmenean, gizonen eta emakumeen berdintasunaren sustapena eta GJHetako 5. eta 8. helburuen lorpena jasotzen da

Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak eta Jon Mancisidor EDE Fundazioko presidenteak sinatu dute hitzarmena

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta EDE Fundazioak, gizarte-ekonomiako eta enplegu inklusiboko proiektuak gauzatzeko lan egiten duten gizarte-erakundeek, lankidetza-hitzarmena sinatu dute honetan. Horren bidez, bi erakundeek elkarrekin gauzatuko dituzte zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak gizartearen eta ekonomiaren ikuspegietatik integratzeko ekintzak, lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten emakumeengan, gizonen eta emakumeen berdintasuna sustatzean eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzean (batez ere 5. helburua: Genero-berdintasuna eta 8. helburua: Lan duina eta hazkunde ekonomikoa) arreta berezia jarriz.

Hitzarmenean, besteak beste, Arabako Teknologia Parkean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean EDE Fundazioarekin elkarlanean egingo diren jarduketak biltzen dira, gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko, fundazioak bultzatzen dituen gizarteratze- eta laneratze-programen barruan. Horien artean daude emakumeak gizarteratzeko eta laneratzeko Emaktiva Programa; gazteak gizarteratzeko eta laneratzeko Gaztebarri Programa; egoera zaurgarrian dauden pertsonak gizarteratzeko Lanberri Programa; luzaroko langabetuekin egiten diren laneratze soziolaboraleko programak; eta EDE Fundazioaren Enplegu Inklusiboaren arloko beste zenbait programa.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak EDE Enplegu Inklusiboaren gizarteratze- eta laneratze-programetan boluntariotza korporatiboko ekintzak sustatzeko konpromisoa hartzen du, parkeetan dauden enpresetan zabaltzeko; parkeetako enpresek EDE Enplegu Inklusiboaren gizarteratze- eta laneratze-programetan parte hartzen duten pertsonak kontratatzeko ekintzak sustatzeko eta bultzatzeko; eta Enplegu Inklusiboaren bidez EDEtik gauzatzen diren proiektu eta jarduera berriei eta enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin erlazionatuta dauden edo GJHak lantzen dituzten beste eduki batzuei buruzko informazioa bidaltzeko, baldin eta EPTSko enpresentzat interesgarriak badira.

EDE Fundazioaren Enplegu Inklusiboaren Ardatzak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eremurako begirada eta ikuspegia txertatzen ditu langabetuekin eta bazterkeria-arriskuan daudenekin gauzatzen duen lan-dinamikan, zenbaut enplegu-programa integral batzuk garatuz, fokua gaitasun tekniko-profesional horietan jarrita. Gainera, EDE Fundazioa, enplegurako orientazioan Lanbide zentro laguntzailea eta Enplegu Agentzia da.

Hasiera batean 2023ko abendura arteko iraupena duen hitzarmena sinatuz jarraipena ematen zaio 2019an Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta EDE Fundazioak Emaktiva Programa bultzatzeko hasitako harremanari. Programa hori enplegua lortzeko zailtasunak dituzten emakumeak gizarteratzera eta laneratzera zuzendutako ekimena da.

Aldi honetan, lan-harremanak gauzatu dira enpresa hauekin: Accenture, Ibermática, Ieteam, Sisteplant, Ibermática, Histocell, LKS, Siemens Gamesa, Itelazpi, Noraybio, RDT Ingenieros, Sarenet eta Zucchetti. lankidetza enpresekin