45 milioi eurora iritsi da Euskaltel Taldearen cash flowa aurtengo lehen hiruhilekoan (% 5eko igoera); irabazi garbia, berriz, 13,2 milioi eurora

Bizkaia

  • Altxortegia hornitzeko ahalmen handia erakutsi du beste behin ere Euskaltel Taldeak; horri esker, erreferentziako errentagarritasun-marjinak ditu bere sektorean, lehia oso gogorra den arren. 44,8 milioi eurora heldu da kutxa-fluxu operatiboa, aurreko hiruhilekokoa baino % 5,2 handiagoa, beraz, 42,6 milioi eurokoa izan baitzen hura.

 

  • Eutsi egiten die Taldeak aurtengo ekitaldirako iragarritako hazkunde-aurreikuspenei.

 

  • 139,5 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu Euskaltel taldeak, eta 68 milioiko ustiapen-irabazi gordinak (EBITDA); honenbestez, oinarrizko 10 puntu egin du gora, aurreko urtearekin alderatuta, diru-sarrerekiko marjinak, eta % 48,8ra iritsi da.

 

  • Kutxa-bihurtzearen ratioa, berriz, % 65,8ra iritsi da (aurreko hiruhilekoan, % 60,0 izan zen); beraz, lidergoari eusten dio alor horretan, eta sektore horretako Europako enpresa onenen parean dabil.

 

  • Altxortegiaren hornikuntza sendoari esker, bestalde, iragarria zuen dibidendua ordaindu egin du Taldeak (22, 8 milioi euro), eta 135 milioi euro jaitsi du finantza-zor garbia azken urtean, 1.218 milioi euroraino; hobetu egin du, honenbestez, atxikitze-ratioa, eta zeina 4.2x baita gaur egun (duela urtebete, 4.8x).

 

  • Bestalde, 1,9 milioi produktutik gora dauzkate kontratatuta Euskaltelen eta R-ren bezeroek, aurreko urtean baino % 3,7 gehiago.

 

  • Balio erantsi handiko hiru edo lau produktu dituzten Euskaltelen eta R-ren bezero-ratioa, berriz, % 66,5era igo da iazko % 64,3tik.

 

  • Telefonia mugikorrari dagokionez, 53. 000 linea berri daude, iaz baino % 7,4 gehiago; guztira, 774.000 linea. Egun, Euskalteli edo R-ri kontratatutako telefono mugikor bat, gutxienik, daukate Taldearen etxeko sektoreko bezeroen % 78,6k; duela urtebete, berriz, % 74k.

 

  • Hazten jarraitzen du, bien bitartean, banda zabaleko produktuen kontratazioak, zeina 396.000ra iritsi den jada (aurreko ekitaldian baino 5.000 gehiago); hau da, merkatu-kuotaren % 84,5 du Taldeak egun.

 

  • Ordainpeko telebistak, berriz, aurreko ekitaldiaren amaieran baino 4.100 bezero gehiago ditu (guztira, 275.000), eta % 58,5eko merkatu-kuota.

 

Gaur aurkeztu ditu Euskaltel Taldeak 2017ko lehen hiruhilekoari dagozkion emaitzak. Bilakaera ona izan du epe horretan etxeko merkatuak, eta markak hautsi ditu taldearen merkatu-kuotak Banda Zabalean (% 84,5), mugikorrean (% 78,6) eta ordainpeko telebistan (% 58,5); balio erantsi handiko hiru edo lau produktu dituzten bezeroen portzentajea, berriz, % 66,5era igo da iazko % 64,3tik.

Aurtengo ekitaldiko lehen hiruhilekoko emaitzei dagokienez, 139,5 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu Euskaltel taldeak. Ustiapen-irabazi garbia (EBITDA), berriz, 68 milioi eurora heldu da; beraz, oinarrizko hamar puntu igo da diru-sarrerekiko marjina iazkoarekin alderatuta, eta % 48,8ra iritsi.

Aurreko hiruhilekoetako joerari jarraikiz, altxortegia hornitzeko ahalmen handia erakutsi du beste behin ere Euskaltel Taldeak; horri esker, erreferentziako errentagarritasun-marjinak ditu bere sektorean, lehia oso gogorra den arren. 44,8 milioi eurora heldu da kutxa-fluxu operatiboa, aurreko hiruhilekokoa baino % 5,2 handiagoa, beraz, 42,6 milioi eurokoa izan baitzen hura. Kutxa-bihurtzearen ratioa, berriz, % 32,1era heldu da diru-sarrerekiko, eta % 65,8ra EBITDArekiko(aurreko hiruhilekoan, % 60,0 izan zen); beraz, lidergoari eusten dio alor horretan, eta sektore horretako Europako enpresa onenen parean dabil.

Altxortegiaren hornikuntza sendoari esker, bestalde, iragarria zuen dibidendua ordaindu egin du Taldeak (22, 8 milioi euro, 0,15 euro akzioko); gainera, akzioko 0,21 euroko dibidendu osagarri bat ere ordainduko da, Akziodunen Batzar Orokorrak horretarako baimena ematen duenean. Bien bitartean, 135 milioi euro jaitsi da finantza-zor garbia azken urtean, 1.218 milioi euroraino; hobetu egin du, honenbestez, atxikitze-ratioa, eta zeina 4.2x baita gaur egun (duela urtebete, 4.8x).

Kutxaren fluxu librea, berriz, 28,6 milioi eurora heldu da 2017ko lehen hiruhilekoan; beraz, % 47 igo da iazkoarekin alderatuta (19,5 milioi, iaz).

Urteko lehenbiziko hiruhilekoko emaitza garbia 13,2 milioi euro izan da, iazko lehen hiruhilekokoa baino txikiagoa (14,6 milioi euro iaz), enpresa handien negozio-alorrean izandako jaitsieragatik, batez ere Eusko Jaurlaritzaren kontratua ez berritu izanagatik.

Markak hautsi ditu Taldearen merkatu-kuotak mugikorrean, ordainpeko telebistan eta banda zabalean

Balio handiko paketeen kontratazioan hazkunde jarraitua eragin du taldearen estrategiak, hau da, balio handieneko baterako paketeen kontrataziorantz bideratzea bezeroak, bai lehendik ditugunak, bai berriak. Bestalde, 1,9 milioi produktutik gora dauzkate kontratatuta Euskaltelen eta R-ren bezeroek, aurreko urtean baino % 3,7 gehiago.

Bilakaera ona izan du 2017ko lehen hiruhilekokoan Taldearen etxeko merkatuak, batez ere negozioaren segmentu nagusietan (mugikorrean , ordainpeko telebistan eta banda zabalean), non merkatu-kuotaren markak hautsi baitira lehendik bezero direnen artean.

Taldearen estrategia komertzialari esker, telefonia mugikorreko 53.000 linea berri saldu dira aurten (% 7,4ko igoera); beraz, 774.000 lineatik gora ditu orain Taldeak. Egun, Euskalteli edo R-ri kontratatutako telefono mugikor bat, gutxienik, daukate Taldearen etxeko sektoreko bezeroen % 78,6k; duela urtebete, berriz, % 74k. Bestalde, aurreko hiruhilekoan amaitu da R-ren bezeroen ostalari berrirako migrazioa; hori dela eta, 4G eta 4G+ estaldurarekiko 440.000 mugikor-linea ditu orain R-k.

Azpimarratzekoa da, halaber, ordainpeko telebistaren igoera, aurreko ekitaldiaren amaieran baino 4.100 bezero gehiago baititu (guztira, 275.000), eta % 58,5eko merkatu-kuota.

Bestalde, Euskaltelen eta R-ren bezeroen banda zabalaren kontratazioak du ratiorik handiena: % 84,5eko merkatu-kuota. 2017ko lehen hiruhilekoan, hazten jarraitu du banda zabaleko produktuen kontratazioak, zeina 396.000ra iritsi den jada (aurreko ekitaldian baino 5.000 gehiago).

Balio erantsi handieneko pakete bateratuak kontratatzeko estrategia horri esker, hazten jarraitzen du balio handiko hiru edo lau produktu dituzten bezeroen portzentajeak, eta % 66,5era iritsi da; iaz, berriz, % 64,3 zen.

Negozio alorrari dagokionez, bilakaera ona izan du aurten ere SOHO segmentuak, zeinaren diru-sarrera % 1 igo eta 17,5 milioi eurora iritsi baita. Etengabe egin du gora hiru eta lau produktuko paketeen salmentak: 2016ko lehen hiruhilekoan, % 49,9 zen merkatu-kuota; 2017ko lehen hiruhilekoan, % 55,3.

Hala eta guztiz ere, guztira 39 milioi euroko diru-sarrerak izan ditu Enpresa segmentuak lehen hiruhilekoan (iaz, epe berean, 42 milioi), enpresa handien negozio-alorrean izandako jaitsieragatik, batez ere Eusko Jaurlaritzaren kontratua ez berritu izanagatik. Eragina izan du jaitsiera horrek taldearen diru-sarrera totalean: % 1,6 murriztu da urtebeteko epean, eta 139,5 milioikoa izan da (iazko lehen hiruhilekoan, berriz, 141,8 milioikoa), nahiz eta % 1,2 hazi etxeko sektorean —92,5 milioi aurtengo lehen hiruhilekoan; iazkoan, berriz, 91,3 milioi— eta % 1 egin gora SOHO segmentuak.

Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuaren balorazioa

Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuak, Francisco Artechek, adierazi duenez, “sendo dabil negozioa, eta markak hautsi dituzte produktu nagusien merkatu-kuotek (mugikorra, ordainpeko telebista eta banda zabala), balio erantsi handieneko produktuak eta zerbitzu bateratuak eskaintzeko estrategiari esker; sendoa da, halaber, Taldearen finantza-egoera. Horri esker, ahalmen handia du Taldeak altxortegia hornitzeko, gure akziodunentzat balioa sortzeko eta, horrenbestez, dibidenduak banatzeko”.

Enpresa berritzailea dela Euskaltel azpimarratu du Francisco Artechek, eta hurrengo hilabeteetan Taldeak plazaratu nahi dituen ekimen batzuen berri eman du. Aipatu du, besteak beste, deskodetzaile berri bat merkaturatuko dela maiatzean. Android du oinarri gailu berriak, 4k-ko irudi-kalitatea, eta zenbait zerbitzu, bai bezero berrientzat bai lehendik izanik kalitate hobea nahi dutenentzat; horrez gain, sarea berritu egingo du DOCSIS 3.1-en hedapenak (Euskadin, sarearen % 24ra iristen da jada, eta % 40tik gora iritsiko da ekainean), eta zerbitzu berritzaileen pakete berriak plazaratuko dira, Enpresa Txiki eta Ertainetako bezeroentzat; azkenik, enpresentzako komunikazio-kanpaina bati ekin dio Euskaltelek ostiral honetan bertan.

Kontseilari delegatuak adierazi duenez, hiruhileko bereziki zaila izan da taldearentzat aurtengo lehenbizikoa, eta lehia gogorra dabil sektorean. Hala eta guztiz ere, hau gaineratu du Artechek: “Berretsi egiten ditugu aurtengo ekitaldirako geneuzkan aurreikuspenak eta helburuak, zeinek iaz baino diru-sarrera handiagoak eta EBITDA marjina hobea ekarriko baitituzte. “Balio handiagoa sor dezan behar bezala kokatzea gure konpainia, hori da gure helburua; horregatik, eutsi egiten diegu aurtengo ekitaldirako iragarritako hazkunde jarraituko aurreikuspenei”.

Partekatu

Beste berri batzuk