Ad hoc dietak klima-aldaketa arintzeko eta abeltzaintzaren errentagarritasuna ziurtatzeko
NEIKER zentro teknologikoa Europako LIFE EFACC proiektuan ari da parte hartzen. Proiektu horrek xedea da behi, ardi eta ahuntzen sektoreetarako egokitze- eta arintze-soluzioak garatzea eta baliozkotzea
Zentroaren ikerketaren ardatza da nutrizio-estrategia berritzaileak garatzea, horien bidez babesteko hausnarkarien osasuna, ongizatea, ugalkortasuna eta ekoizpen-gaitasuna
Ekimenaren esparruan sortutako ezagutza sektoreari transferitzeko, eragile anitzeko sareak eta prebentzioa kudeatzeko tresna digitalak sortuko dira, hala nola BOVICO2 softwarea
Euskal Autonomia Erkidegorako eta Europarako aurreikusitako klima-egoeren arabera, maizago gertatuko dira bero-boladak eta lehorte-aldiak, eta, ondorioz, hausnarkarien abeltzaintzak estres termikoko egoerei aurre egin beharko die. Ingurumen-presio horren hasierako zeinua animaliaren arnas erritmoa bizkortzea da, beroa galtzeko. Erantzun fisiologiko horrek ondorio-kate negatibo bat eragiten du: mantenugaien ahorakina murriztu eta pisua galtzetik, esne-ekoizpenaren jaitsiera eta emeen nahiz arren ugalketa-efizientzia txikiagoraino.
Egoera horri aurre egin nahian, NEIKER Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitatea Europako LIFE EFACC proiektuan parte hartzen ari da. Ekimenaren helburua da klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko soluzioak ezagutzea eta baliozkotzea haragi eta esnetarako behien, haragi eta esnetarako ardien eta esnetarako ahuntzen sektoreentzat, eta soluzio horiek faktore estrategikoekin bateragarriak diren aztertzea, hala nola biodibertsitatearekin, jasangarritasunarekin, eskulan-beharrekin eta ganadutegien errentagarritasun ekonomikoarekin.
Soluzioen bilaketa horren ondorioz, NEIKERek zenbait nutrizio-estrategia garatu ditu, tenperatura altuen kontrako barne-hesi gisakoak direnak.
Zentroko ikertzaile Ina Beltrán de Herediak azaldu duenez, «beharrezkoa da elikaduran esku hartzea; izan ere, gehiegizko beroak gatz mineralen desoreka eragiten du animaliarengan, eta hantura-prozesuak sortzen ditu, animaliaren digestio-sistema kaltetzen dutenak».
Geruza anitzeko babes-dieta hauen xedea oreka elektrolitikoa egonkortzea eta digestio-hartzidurak berak sortutako beroa murriztea da. Hantura, estres oxidatiboa edota azidosia bezalako prozesuak arintzeak energia-eskasia orekatzen eta pisu-galera saihesten laguntzen du. Bide horretatik, animalien emankortasuna nahiz ustiategien errentagarritasuna bermatzen da bero-boladen aurrean.
Efektu horri hausnarkarien urdaileko (errumeneko) hartzidurak berak sortutako bero metabolikoa gehitzen zaio, eta horrek are gehiago igotzen du haien gorputzeko tenperatura. Horregatik, nutrizio-formulazio berriek prozesu horiek mugatu nahi dituzte, eta abereek elikagai gutxiago jateagatik pairatzen duten energiarik eza konpentsatu, ugalketa-indizeak (erraz eta ugari ugaltzea) eta baserriaren bideragarritasun ekonomikoa babesteko.
Landara transferitzea eragile anitzeko sareen bidez
Ezagutza zientifiko hori sektorera modu eraginkorrean eramateko, proiektua eragile anitzeko eskualde-saretan oinarritzen da. Sare horiek sektoreko eragile estrategiko guztiek —abeltzainak, ikertzaileak, irakasleak eta aholkulariak— parte hartzen duten languneak dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan, NEIKER LURSAIL eta LURGINTZA kooperatibekin aritzen da elkarlanean. Kooperatiba horien ardura da klimaren inpaktua ebaluatu eta proiektuaren hasieratik soluzioen aplikagarritasuna baldintza errealetan testatu nahi duten abeltzainak hautatu eta dinamizatzea.
Eredu horrek bermatzen du onurak bi mailatara iristea. Alde batetik, parte hartzen duten abeltzainek zuzeneko informazioa eta beren arazoentzako berehalako soluzioak eskuratzen dituzte. Bestetik, sortutako material guztia, hala nola ebaluatutako soluzio bakoitzaren abantailen, desabantailen eta eragin sozioekonomikoaren azterketa, sektore osoaren eskura jarriko da, soluzio eta tresna digitalen banku baten bidez.
Ildo horretan, NEIKERek tresna digitalak egokituko ditu, hala nola BOVICO2 softwarea. Erabakiak hartzen laguntzeko sistema horrek alerta goiztiar gisa funtzionatuko du, eta aukera emango die abeltzainei eta teknikariei bero-boladen ondorioei aurrea hartzeko. «Gertakari horiek aurreikusita, softwareak prebentzio-jarraibideak aplikatzea eta diseinatutako dietak doitzea errazten du, eta ganadutegien efizientzia hobetu eta jarraitutasuna ziurtatzen da klima-erronken aurrean», adierazi du ikertzaileak.
LIFE EFACCri buruz
LIFE EFACC proiektuak Europako 6 herrialdetako 39 bazkide ditu, eta horrek Europako Ingurumen Agentziak definitutako inpaktu-arloetan oinarritutako ikuspegia ematen du. Nazioarteko izaera horrek aukera ematen du tokian tokiko egokitze-jardunbide egokienak elkarrekin lantzeko, egungo eta etorkizuneko klimaren aldakortasunera egokitzen diren aldagaiak erabilita.
Ekimena 2032ra arte luzatuko da, eta klima-gertakarien aurrean Europako abeltzaintzaren jarraitutasuna eta jasangarritasuna ziurtatuko duten estrategiak proposatzea du helburu, sektoreari prestakuntza eta ezagutza transferitzea erraztuko duen soluzio sorta bat eskainita.