Amadeo Álvarezek, Ernesto Lauzirikak eta Enrique Del Vallek itxi dute Arabako Teknologia Parkean Hiruko Elkarrizketak izenekoen bigarren zikloa

Araba

Liderrak bat etorri dira Euskadiren abantaila lehiakorrari dagokionez eta hori mantendu egingo dela uste dute

150 enpresaburu baino gehiago elkartu da ekonomiaren eta lehiakortasunaren inguruan eztabaidatzeko Arabako Teknologia Parkean

Michelín, Inauxa eta Del Valle Aguayo enpresetako liderrek, Amadeo Álvarezek, Ernesto Lauzirikak eta Enrique Del Vallek (hurrenez hurren) itxi dute Arabako Teknologia Parkean Hiruko Elkarrizketak izeneko ekimeneko bigarren zikloa. Ekimena Arabako Teknologia Parkeak eta SEA Arabako Enpresarien Elkarteak elkarrekin antolatu dute eta enpresen eta erakundeen parte-hartze handia izan du.

Álvarezek, Lauzirikak eta Del Vallek ekonomia orokorra, egungo egoera politikoa eta beren jarduera-sektoreak aipatu dituzte. Hirurak bat etorri dira lehenbailehen gobernu zentrala izateko beharra dagoela adierazteko garaian; izan ere, ezegonkortasun politikoak ziurgabetasun ekonomikoa sortzen du.

Inauxa, Del Valle Aguayo eta Michelín enpresetako arduradunek berriro azpimarratu dute empresa-arrakastarako gako gisa giza taldeek duten garrantzia. “Arrakasta duen enpresa pertsona trebatuenak eta konprometituenak dituena da”, aipatu du Amadeo Álvarezek.

Ildo berean, Ernesto Lauzirikak berriro aipatu du Inauxa osatzen dutenen konpromisoa nazioartean lehiatu ahal izateko gakoa dela beste faktore batzuk, laneko kostuak esate baterako, lagungarriak ez direnean. Lauzirikak gehitu duenez, haien sektorean, automobilgintzan, “nazioartekotzea eta berrikuntza funtsezkoak dira merkatuan mantendu ahal izateko”.

Bestalde, Enrique Del Vallek, energia-sektorearekin lotuta horren baikor agertu ez denak, Madrilen aterako den gobernu berriari eskatu dio Espainiak bere garaian energia berriztagarrien arloan zuen “eta mantentzen asmatu ez dugun” lidergoa berreskuratzeko.

Enpresen neurriak duen garrantziaren inguruko galderarekin lotuta, Amadeo Álvarezek zehaztu du enpresa handiek berritzeko, esportatzeko eta lehiakorrago izateko erraztasun gehiago dutela. “Enpresa handiok bultzatzaile izan eta enpresa txikiekin tandema sortu nahi dugu elkarrekin aurrera egin ahal izateko”.

Industrializazio handia, berrikuntza, esportazioa, digitalizazioa eta teknologia berrien aplikazioa dela eta, hiru liderrak bat etorri dira Euskadik enpresa eta ekonomia mailako posizio pribilegiatua duela esaterako garaian. Etorkizunean ere pribilegio hori mantendu egingo dela espero dute.

Partekatu

Beste berri batzuk