UPV/EHUko Zientzia Parkea inauguratu da

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Parke Zientifikoak eta Teknologikoak bultzatuta, horrelako ezaugarriak dituen EAEko lehen parkea da

Ostegunean, uztailak 21, inauguratu da UPV/EHUko Zientzia Parke berria. Bertan biltzen dira Egoitza, Biofisika Institutua, Animalia Bioteknologiarako Maria Goyri Gunea eta Martina Casiano Plataforma Teknologikoa. Zientzia Parkea Bizkaiko Campuseko Leioa-Erandio eremuaren iparraldean dago kokatuta

Inauguraci+¦n Parke Cient+¡fico (83)Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeria, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako estatu idazkari Carmen Vela, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte, Euskadiko Parke Teknologikoen presidente José Miguel Corres eta Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroko (CSIC) presidente Emilio Lora-Tamayo D’Ocón.

Inaugurazioaren aurretik, 11:30etik aurrera, agintariek UPV/EHUko Zientzia Parkearen instalazioak ikusteko aukera izan dute. Hasteko, Egoitzako hirugarren solairura igo dira, bertan kokaturiko Basque Centre for Climate Change-BC3 ezagutzera. Ondoren, Egoitzatik 200 metro iparraldera dagoen Biofisika Institutua bisitatu dute, baita solairu nagusian kokaturiko proteinak ekoizteko eta arazteko Laborategia eta Mikroskopia Optiko Kuantitatiboko Plataforma/Bioirudi Aurreratuko Unitatea ere.

UPV/EHU Zientzia Parkea

UPV/EHUko Zientzia Parkea erreferentziako azpiegitura bat izateko sortu da, eta haren bidez berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia euskal produkzio ehunera hurbiltzeko erraztasunak eman nahi dira. Plataforma hau Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren (Bizkaia Parkea) arteko lankidetzaz sortu da. Unibertsitatearen, zientziaren eta enpresen topagune bat izango da, eta horrelako ezaugarri bereziak dituen lehen parkea, EAEn.

Leioan, Bizkaiko Campusaren inguruan kokatua, Zientzia Parkeak lau eraikin ditu gaur egun, UPV/EHUren lurretan. Egoitza Bizkaia Parkearena da, eta gainerako hirurak, berriz, UPV/EHUrenak. Kudeaketa lanak Bizkaia Parkeak egingo ditu. Eraikitako azalera osoa ia 43.810 metro koadrokoa da, eta eraikinak egiteko 35.274.507,34 €-ko (BEZik gabe) inbertsioa egin da. Proiektua martxan jartzeko, egokitu behar izan da ere BI-2731 (Leioa-Unbegana) errepidearen trazaketa. Jarduera horretan, UPV/EHUk bost milioi euroko inbertsioa egin zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste lau milioi jarri zituen.

Zientzia Parkearen garapenak berrikuntza ekosistema baten sorrera ahalbidetuko du, ekintzailetza zientifikoa eta teknologikoa, eta transferentzia bultzatzeko xedea izango duena. Horrela, UPV/EHUko Zientzia Parkea kalitate handiko espazio bat da, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan (I+G+B) diharduena, eta haren helburu nagusiak honako hauek izango dira: unibertsitate-enpresen arteko harremanak bultzatzea, oinarri teknologikoko spin-off enpresa berriak eta kualifikazio handiko enplegua sortzea, eta ikertzaileak enpresetan sartzeko erraztasunak bultzatzea.

Ezaugarri hori dela eta (unibertsitatearekiko lotura zuzena), parke hori bakarra da Euskadin; izan ere,  berrikuntza, transferentzia eta ekintzailetza  sustatu, eta harreman estuak ahalbidetuko ditu unibertsitateko ikerketaren eta egitura sozioekonomikoaren artean.   Hala, UPV/EHUko Zientzia Parkea irekita egongo da berritzeko gaitasuna, teknologia maila altua eta gizarte eta ingurumen erantzukizuna duten proiektu eta enpresentzat.  Parkearen plataformetan, ikerketako zerbitzu nagusiak, unibertsitateko ikertaldeak, unibertsitatean sortutako oinarri teknologikoko enpresak eta I+G+B erakundeak eta enpresak kokatuko dira.

Instalazioak

Zientzia Parkeak lau eraikin izango ditu: Egoitza (Zientzia Parkeak eta Bizkaiko Parte Teknologikoak sustatua), Biofisika Institutua, Maria Goyri Zentroa eta Martina Casiano Plataforma (azken hiruak UPV/EHUri atxikiak).

UPV/EHUko Zientzia Parkearen Egoitzaren eginkizuna izango da lanerako toki bat eskaintzea unibertsitatearekin lotura duten enpresa, erakunde eta ikergune publiko edo pribatuei. Dagoeneko kokatu da eraikin horretan BC3 Basque Centre for Climate Change zentroa. Ikergune hori Eusko Jaurlaritzaren BERC programaren barnean kokatzen da (Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerkuntzarako Zentroak), eta klima aldaketaren kausa eta ondorioen epe luzerako ikerketan diharduen Europako zentro bakanetako bat da. 50 pertsona inguru ari dira lanean zentro horretako taldeetan.

Bestetik, laster, eraikin berean kokatuko da Achucarro Basque Centre for Neuroscience zentroa, bikaintasun ikergune bat (BERC), Ikerbasquek eta UPV/EHUk sustatua, biologia neuroglialean oinarrizko eta translazio ikerketan diharduena, garuneko gaixotasunentzako terapia berriak aurkitzen. 120 ikerlari inguruk dihardute lanean. BERC Achucarro zentroak nazioarteko lehen mailako ikergune izan nahi du, oinarrizko ikerkuntzan arituko dena, graduondoko prestakuntzan eta neurozientzietako ezagutzaren transferentzian.

Biofisika Institutuan (UPV/EHUren eta Ikerkuntza Zientifikoen Goi Kontseiluaren -CSIC- zentro mistoa), 150 laguneko talde bat ari da lanean, mintz biologikoen, haien osagaien eta haien arteko erlazioen ikerkuntzan, diziplina anitzeko ikuspegi batetik, teknika biofisiko aurreratuen bidez. Biofisika arloko erreferentziazko zentro honen helburu nagusiak dira ezagutza sortzea, ezagutzaren ekonomian aurrera egitea, merkatura bideratutako plataforma teknologikoak sortzea, eta lankidetza publikoa eta pribatua maximizatzea, teknologia transferentzia bideratzeko.

Maria Goyri Zentroak, aldiz, Biomedikuntza, Elikagaien Zientzia eta Ekosistema Jasangarrien arloan arituko diren ikertaldeak hartuko ditu. Gainera, Biomedikuntza arloko Mikroskopia Analitikoko eta Bereizmen Handiko Unitateak ere kokatuko dira eraikin horretan, eta Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorren (SGIker) Proteomika Unitatea.

Martina Casiano Plataforma Materialen Zientzia eta Teknologiaren arloan arituko da, alor horietan diharduten ikertaldeen bidez, eta Neurri Magnetikoen eta Analisi Zerbitzu Nagusiaren Unitateak ere kokatuko dira bertan. Azkenik, aurreikusita dago ere BERC BCMaterials zentroa plataforma horretan kokatzea, materialen, aplikazioen eta nanoegituren euskal zentroa.

Maria Goyri eta Martina Casiano eraikinak urte honen amaieran irekiko dira.