Arabako ekintzailetzak balio erantsi handiko proiektu teknologikoekin saihesten du pandemia

Albisteak, Araba

BIC Arabak hogeita hamar enpresa-ideia berrirako aholkularitza-lanak egingo ditu 2020. urtean

Arabako ekintzaileak egungo egoera ekonomiko, sozial eta sanitarioa beren enpresa-ideiak gauzatzeko aukera gisa hartzen ari dira. BIC Araba sozietate publikoak, duela hiru hamarkada baino gehiagotik oinarri teknologikoaren arloko enpresaekimenak sortzen eta sendotzen laguntzen duenak, proiektuak garatzen ari direla antzeman du, proiektuen garapenaren etendura aurreikus daitekeen une latz honetan.

Izan ere, BIC Arabak aurreko urteetako kopuruei eutsiko die, eta 2020. urte zalantzagarri hau hogeita hamar enpresa-ideia berriri aholkularitza emanez amaitzeko asmoa du.

Egungo egoeraren konplexutasunak ez ditu eten urte hasieran zirriborratzen hasi ziren ekimen batzuk, eta pandemiaren ondorioz abian jarri diren beste proiektu batzuk ere gehitu zaizkie.

Ekintzailetzaren arloko adibideak

BIC Arabak aholkuak ematen dizkien Arabako ekintzaileen proiektuek badute beren osagai teknologikoa, baina haien negozio-ereduak eta sektoreak askotarikoak dira. Proposamen berrien artean, on line aplikazioak daude, hala nola ‘Flexpacio’, biltegiratze malguko plataforma bat edo ‘Hobeen’, energiaren kontsumoa optimizatzeko proiektua. Ingurumenarekiko konpromisoa ere funtsezko pieza da ‘Recyycle’ izeneko proiektuan, plastikoen bizitza erabilgarria luzatzea baitu helburu.

Horiez gainera, ikus-entzunezko baliabideari loturik dauden ekimenak ere sortu dira, hala nola ‘Movicuts’, bideo pertsonalizatuak ekoizteko xedatua, edo ‘Youkast’, enpresa handientzako multimedia edukien plataforma bat. Moda proiektu berritzaileak ere sortu dira, Andromedaren eskutik (moto-jantzi beganoak) eta Gobaken eskutik (txakurrentzako produktu eta osagarriak).

Industria-proposamenek hauteman dute zuzenen honako hau: pandemiagatik enpresa sendo batzuek gaur egun jasaten ari diren zailtasun-egoera hori aukera ederra izan daitekeela produktuak dibertsifikatzeko start up teknologiek eskaintzen dituzten teknologia berrien bidez. Hona hemen adibide batzuk: ingeniaritza-arazoak konpontzeko produktuen garapena, Inaliaren eskutik, edo industriarako ikuspen artifizialeko soluzioak, Ikustec-en eskutik.

Gainerako proiektuen artean, aipagarriak dira, halaber, “Business Intelligence” delakoak ETEentzat ere duen potentzialarekin lotutako proposamen aurreratuak (proiektu hori Bikaik sustatzen du), eta, bigarrenik, finantza kuantikoekin lotutako proiektuak, berbarako, Quantum Mads

Egungo testuingurua bultzada bat izan da beste ekintzaile batzuentzat. Adibidez, Reclamatumismo izeneko proiektua, tresna teknologiko berrien bidez mundu juridikoa iraultzen duena, edo Device Sistemak, enpresei osasun-produktuaren eta makineriaren CE markaketaren prozesuan laguntzen diena.

Ekimen ekintzaile berrien arabera, sustatzaileek goi-mailako unibertsitateprestakuntza dute; horietako batzuk doktoreak dira, eta teknologoak dira nagusi, 30 eta 40 urte bitartekoak. Proiektuetan jarduten duten zuzendarien herena baino gehiago emakumezkoak dira.

Enpresa berri horiek BIC Arabaren eskutik jasotzen duten aholkularitza oinarri teknologikoko ideia baten kontsulta jasotzen duten lehen unetik hasten da. Ekintzaileari etapa guztietan laguntzen zaio, bideragarritasun-azterketaren etapan, finantzaketarako laguntza emateko etapan eta garapenerako laguntza eskaintzeko etapan.

BIC Araba Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duen sozietate publikoa da, SPRIren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren bitartez. 1988tik aurrera, enpresa-ekimen berritzaileak eta oinarri teknologikoa duten ekimenak sortzen eta finkatzen laguntzen du Araban.

Partekatu

Beste berri batzuk