Arabako ustiategiak dibertsifikatzeko alternatiba errentagarria da tipula

Albisteak, Araba

NEIKER zentro teknologikoak bost barietateren egokitzapena ebaluatu du Arabako Lautadan, lehen sektoreari txandakatzeko aukera errentagarri berriak eskaintzeko

Barazkiak aukera ematen du NPBaren txandakatze-eskakizunak betetzeko eta lurraren osasuna hobetzeko, lurreko patogenoen zikloa hausten baitu

Saiakuntzak ondorioztatu du barazkiak udako ureztapena modu egokian kudeatu beharra eskatzen duela, eta haren maneiua ustiategietako makineriarekin integratu ahal izatea bilatzen du

EAEko nekazaritza-sektoreak ustiategien errentagarritasuna hobetzeko erronkari heldu behar dio, ekoizpen-kostuak handitu direlako eta bete behar direlako ekosistemen jasangarritasuna bermatzeko Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) ezartzen dituen labore-txandaketak. Hala ere, lurraldearen berezitasun klimatikoek baldintzatu egiten dute praktika horien ezarpena EAEn. Hezetasun handiak eta udazkenetik udaberri hasierara arteko lanak burutzeko eguraldi-leiho estuek muga handiak jartzen dizkiete txandakatze horiek osatzeko aukera agronomiko bideragarriei.

Ingurune honetara egokitzen diren aukerak aurkitu behar direnez, NEIKER zentro teknologikoak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko entitateak, tipulak inguruko txandakatzeetarako alternatiba gisa duen potentziala ebaluatu du. 

2025eko kanpainan, zentroak bost tipula-barietateren portaera agronomikoa, errendimendua eta egokitzapena aztertu ditu Arabako Gauna udalerrian: Stingrain, Valero, Legend, Joaquin eta Citation. Ikerketa horrek baliozko informazio teknikoa eman nahi dio lehen sektoreari, eskala handian ezarri aurretik.

“Partzelan bertan datu objektiboak izan behar dira lehenik, profesionalek barazki hori bermeekin sartu ahal izateko beren txandakatzeetan. Agronomiaren ikuspegitik, espezieak txandakatzeko praktika hori ezinbestekoa da patogenoen zikloa hausteko eta lurraren osasuna zaintzeko, baita ustiategiaren arrisku ekonomikoa dibertsifikatzeko aukera emateko ere”, azaldu du Juan Bautista Relloso NEIKEReko Landare Ekoizpeneko Departamentuko Laborantzako teknikariak.

Horretarako, zentroak haren ziklo begetatibo osoa monitorizatu du, hainbat aldagai aztertuta, hala nola laborantza-praktikak, ongarritzea, herbiziden erabilera, ureztatze-maiztasuna zein ekoizpen-gaitasuna.

Ebaluazio horrek balio izan du landarea maneiatzeko jarraibideak definitzeko; horien artean, nabarmentzekoa da abuztuan ureztapena modu egokian kudeatu beharra. Izan ere, garai horretan, batez besteko tenperatura maximoak ia 29ºCkoak izaten dira inguru horretan. Lan hori ongarritze-estrategia orekatu batekin eta babes fitosanitario integratu batekin osatu behar da.

Etekin komertziala

Ikerketak, halaber, tipularen bildu osteko errendimendua ebaluatu du, haren merkataritza-egokitasuna zehazteko. Lortutako datuek Legend, Citation eta Valero barietateen portaera ona nabarmendu dute, batez beste 60 eta 80 milimetro arteko diametroa duten tipulak ekoitzi baitituzte. “Formatu horrek zuzenean erantzuten die antolatutako banaketa nagusiak eta supermerkatuek, kontsumitzaileari zuzenean saltzeko, gaur egun dituzten eskakizunei”, ziurtatu du ikertzaileak. 

Bestalde, Stingrain barietateak tamaina txikiagoak lortzeko gaitasun teknikoa erakutsi du; dena den, aurten merkaturatze-aukera ona du, egungo merkatuan kalibre handiegiko tipula gehiegi baitago.

Biltegiratzea eta bideragarritasun operatiboa

Analisiak uzta bildu osteko fasea ere hartu du, faktore erabakigarria baita ustiategien errentagarritasun logistikorako. Ikerketan zehar egindako probek agerian utzi dute Legend barietatea gai dela bere kalitate-parametroei eusteko eta ernetze baxua izateko hozterik gabeko biltegiratze-baldintzetan; Valero barietateari, aldiz, gehiago eragin dio, instalazio berberetan, hilabeteak pasatzeak.

Eskakizun agronomikoak eta uzta osteko portaera ezagutzeaz gain, bideragarritasun operatiboa ziurtatzea ere ezinbestekoa da dibertsifikazioa benetako aukera izan dadin. Horregatik, NEIKERen helburua da espezie berri horietarako trantsizioa sektoreak bere ustiategietan patatarako dituen makinak erabiliz egin ahal izatea, eskulan konplexuekiko mendekotasuna saihesteko eta partzelaren errutina mekanizatura errazago erabat egokitzeko.

Ikerketa-lerro aktiboa

Tipulekin egindako saiakuntza hau NEIKERen estrategia integral baten parte da, lurraldean espezie alternatiboak sartzea ebaluatzeko helburua duena. Arlo horretan, zentroa sojaren bideragarritasuna ere aztertzen ari da, helburu nagusi honekin: ziklo azkarreko barietateak identifikatzea, haien garapena osatzea lortu eta, EAEk eskaintzen duen leiho meteorologiko txikia aprobetxatuz, alea lehortzea ahalbidetuko dutenak.

Aldi berean, hainbat saiakuntza agronomiko egiten dira okindegirako zereal espezifikoekin. Espeltaren, zereal zaharren eta antzeko lehengaien ebaluazioak alternatiba zuzenak eskaini nahi dizkio gari konbentzionalari, sektoreak errazago egin ditzan kontsumitzaileen gaur egungo eskaerari erantzungo dioten produktuak.

Partekatu

Beste berri batzuk