Vitoria-Gasteiz Campusa bizikletaz lotzen da hiriaren erdigunearekin
Bizikleta bidezko mugikortasuna errazten die Vitoria-Gasteiz Campuseko 4.000 langile baino gehiagori azpiegitura moderno eta seguruarekin. Arabako Foru Aldundiaren obra hori Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du % 40an, 2021-2027 EAEko EGEF Programaren esparruan
Vitoria-Gasteiz Campusa sendotu egin da bizikletaz hiriaren erdigunearekin lotzeko ardatz nagusi gisa
Argiztapen adimenduna eta bizikletak konpontzeko puntua ditu
Vitoria-Gasteiz Campusa hirigunearekin lotzen duen bizikleta bidea martxan dago. Arabako Foru Aldundiaren obra bat da, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) % 40an finantzatzen duena Euskadi EGEF 2021-2027 Programaren esparruan, eta campusean lan egiten duten 4.000 pertsona baino gehiagori bizikletaz joan-etorriak errazteko helburua duena. Inauguratu den tarteak 2,3 milioi euroko inbertsioa ekarri du.
Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak eta Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuak inauguratu dute bizikleta bide berri horren 3,3 kilometroko zati nagusia, Arakako base militarraren ondoan hasi eta Vitoria-Gasteiz campuseraino iristen dena. Proiektua urte amaieran osatuko da 2,2 kilometro inguruko zati gehigarri batekin, hiriaren erdigunearekin lotuko dena, gaur egun Udalak gauzatzen duena.
Ramiro Gonzalezek eta Jon Nogalesek bizikleta bide bat goraipatu dute, “Euskadiko Parke Teknologikoko Campuseko 4.000 langile baino gehiago egunero lantokira bizikleta konbentzionalean edo elektrikoan joatea errazteko, segurtasunez eta erosotasunez. Horrela, Gasteizko Campusaren eta hirigunearen artean mugikortasun iraunkorra sustatzeko urrats garrantzitsua eman dugu, Arabako Foru Aldundiak eta EGEF 2021-2027 programak batera finantzatutako jarduera baten esparruan “.

Nogalesek iragarri duenez, “datozen urteetan bizikleta-bide berriak sustatzen eta eraikitzen jarraituko dugu, bai Vitoria-Gasteiz campusaren inguruan, bai lurralde historikoko kuadrilletan”.
Vitoria-Gasteiz campusa/erdigunea bizikleta-bideak 5,5 kilometroko luzera du, eta desnibel txikiko ibilbidea eskaintzen du, campuserako sarrera-tarte txikia izan ezik.
Ibilbideak LED argiztapen-sistema adimenduna du, argi naturalik gabeko orduetan bizikleta-bidea erabiltzea errazteko, urte osoan erabili ahal izateko eta genero-ikuspegiarekin segurtasuna ere bermatzeko. Sistema horrek txirrindularien presentzia detektatzeko sistema bat du, erabiltzaileak igarotzen direnean bakarrik aktibatzen dena, eta ahalik eta energia-efizientzia handiena lortzen duena.
Era berean, bizikletak konpontzeko puntu bat du Vitoria-Gasteiz campusetik gertu, doikuntzak egiteko eta matxura txikiak konpontzeko tresnekin.