Auto elektrikoen autonomia bikoizteko lanetan dihardute hainbat ikerlari gipuzkoarrek

Albisteak, Gipuzkoa

Auto elektrikoetako baterien iraupena areagotzeko asmoa duen proiektuan parte hartzen ari da Ceit-IK4 zentroa

Beste 15 ikerkuntza-zentro, enpresa eta unibertsitate europarretako kideekin batera ari dira lanean Ceit-IK4 zentroko ikertzaileak, auto elektrikoetako baterien iraupena luzatzeko. Produktu berriak merkaturatzeko asmoa dago, PHEV (ibilgailu hibrido elektriko entxufagarriak) eta FEV (%100 elektrikoak) ibilgailuetan instalatzeko. Ibilgailu hauen bilakaeran ageri den oztopo nagusia da autonomia hain mugatua izatea, eta horregatik, gaur egungo iraupena baino luzeagoa izango duen bateria lantzen ari dira Alise proiektuko ikertzaileak.

Litio-sufrezko bateria garatzen ari dira, 500Wh/kg (Watt hour/ Kilogram) bitartekoa. Kontuan izan behar da gaur egun ezinezkoa dela 210Wh/kg gainditzea (ioi-litiozko baterietan). Hala, gaur egun karga bakarrarekin ibilgailu hauek egin dezaketen ibilbideko kilometro-kopurua bikoiztea lortuko litzateke.

Horrekin guztiarekin batera, bateria horiek merkaturatzeko plana ere abian jarri du Alise proiektuak, merkaturatzea lortzeko moduko kostua izan beharko baitu.

Europar Batasuneko Horizon 2020 programatik diruz lagundutako proiektua da Alise, eta 7 milioi euroko aurrekontua du. Ikerketan aurrera egin ahal izateko, gainera, guztira 15 bazkideren lan-taldeak osatzen du, Europako herrialde eta sektore ezberdinetakoak. PHEV ibilgailuetan litio-sufrezko bateriak txertatzea helburu duen Europako proiektu bakarra da. Ceit-IK4 zentroko ikertzaileen azken xedea, txertatutako sentsoreen bitartez bateriak duen degradazioa monitorizatzea da, baita bateriak egoki kudeatu ahal izateko algoritmoak garatzea ere.

http://cordis.europa.eu/project/rcn/197134_en.html

Partekatu

Beste berri batzuk