Azaroaren 17an ITS Euskadi XIV. Kongresua egingo da
Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatzen du mugikortasunerako teknologia, irtenbide eta zerbitzu adimendunei buruzko hitzordu hau, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin
Imanol Pradales diputatuak eta Nora Abete zinegotziak parte hartuko dute inaugurazioan
Ponentziez gain, ibilgailu autonomoaren simulagailu bat probatu ahal izango da
Datorren azaroaren 17an, Bilboko BAT Dorrearen auditorioan, ITS Euskadi Kongresuaren hamalaugarren edizioa egingo da. Ekitaldi horretan, mugikortasun adimentsuagoa, eraginkorragoa, seguruagoa eta garbiagoa lortzeko teknologien, konponbideen eta zerbitzuen inguruan jarduten duen industria-sektorea bilduko da. Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, topaketari hasiera emango diote Imanol Pradales Foru Aldundiko Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak eta Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloko alkateorde eta ordezkariak, kluster elkarteko presidente Eduardo Lasa lagun dutela.
Eguna. 2023ko azaroaren 17a
9: 15etik 14: 00etara
BAT – B Accelerator Tower. Entzungela. Kale Nagusia 1, 6. Bilbo
Kongresuan emango diren hamaika hitzaldiak iraunkortasuna, mugikortasun adimenduna, teknologia eta bide-segurtasuna bezalako gaien inguruan emango dira. Iraunkortasunari dagokionez, mugikortasunerako energia alternatiboei, ibilgailu elektrikoaren balio-kateari edo emisio txikiko eremuei buruzko gaiak jorratuko dira. Mugikortasun adimendunari dagokionez, etorkizuneko mugikortasunari buruzko hainbat ikuspegi eskainiko dira, eta ibilgailu konektatuen, automatizatuen eta autonomoen aurrerapenak eta proiektuak aurkeztuko dira, pribatuak zein garraio publikokoak, azpiegiturak barne. Gainera, beste berrikuntza teknologiko batzuk azalduko dira eta segurtasunari ere arreta jarriko zaio.
Ibilgailu autonomo bat gidatzen saiatu nahi duzu?
Ekitaldian zehar, simulagailu bat egongo da, gidatze autonomoko bi egoera probatzeko aukera emango duena: maniobra zuzentzaile bat, auto bat eta kamioi bat inplikatuz; eta ihesbide bat, auto bat eta motor bat tartean direla. Bi kasuetan, sistema autonomoa gidaria baino lehenago erreakzionatzeko gai dela egiaztatu ahal izango da, talka saihestuz.