Azti enpresako María Calvo eta Progenika-Grifols-eko Jokin del Amo “Erronka bat Parkearentzat” ekimeneko irabazleak, Bizkaian, “Park In & Move Free Parkean Euskooterekin” ideiagatik

Ideia horren bitartez, irabazleek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko pertsona, enpresa eta espazioak hurbildu nahi dituzte, Euskooters (patin elektriko geolokalizatuak) alokairuan oinarritutako mugikortasun-sistema jasangarriaren bidez

Saria Bizkaiko Parkeak bertako zuzendari eta enpresekin urtero antolatzen duen topaketan eman zitzaien

 

Aurten ere, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak “Erronka bat Parkearentzat” berrikuntza irekiko ekimena jarri du abian, Parkeko langileek lanbide-ingurunean hobekuntza-ideiak proposatzeko, eta ideia horiek langileen eta enpresen onerako izateko. Edizio honetan, mugikortasunarekin, kirolarekin, osasunarekin edo prestakuntzarekin zerikusia duten ideiak aurkeztu dira, besteak beste, eta edizio honetako epaimahaiak, azkenean, Azti enpresako María Calvok eta Progenika-Grifols-eko Jokin del Amok “Park In & Move Free Parkean Euskooterekin” izenburuarekin aurkeztutako ideia aukeratu du.

Ekimen horren helburua da Bizkaiko Parkeko pertsona, enpresa eta espazioak hurbiltzea, Euskooters (patin elektriko geolokalizatuak) alokairuan oinarritutako mugikortasun-sistema jasangarriaren bidez. Euskooters-en 8-10 bilketa-puntu egongo dira Parkeko puntu jakin batzuetan banatuta, eta, horrela, enpresek zentroen artean jasangarritasunean oinarrituta mugitu ahalko dira, dela lanbide-motiboengatik, dela motibo pertsonalengatik. Ekimen hori joan-etorri labur/ertainetarako autoa ez erabiltzeko aukera bat izango da. Gizarte-harremanak hobetuko ditu Parkean (pertsonak hurbilduko ditu), jarduera ekonomikoa sustatuko du (areagotu egingo da jendetza zenbait puntutan, besteak beste jatetxeetan, kafetegietan eta beste hainbatetan), eta ingurumenaren kalitatea hobetuko da (CO2-ren emisioak murriztuko dira). Gainera, zuzenean eragingo da Basque Country 2030eko Agendan jaso diren garapen jasangarrirako helburuetan.

Parkeak abiaraziko du ideia, gehienez 12.000 euroko aurrekontuarekin, 2020an zehar ideia irabazlea martxan jartzeko.

Nobedade gisa, aurten oinarrietan erronkak banaka edo bikoteka aurkezteko aukera jaso zen; irabazleek bikotean aurkeztu dute.

Sarien banaketa Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak bertako enpresekin urtero antolatzen duen Gabonetako topaketan izan zen.