Azti enpresako Nerea Ariasek irabazi du “Erronka bat Parkearentzat” saria
“Erronka bat Parkearentzat” antolatu du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak bigarren urtez jarraian. Parkea, enpresak eta bertako langileak egunetik egunera hobetzeko bokazioarekin jaio zen ekimen horretan Parkeko langile guztiek parte har dezakete.
Aurtengo “Erronka bat Parkearentzat” ekimenak badu irabazlea: Nerea Ariasek, Azti enpresako langileak, aurkeztutako “Parke anual meeting” proposamenak lortu du epaimahaiaren aitortza.
Ideia asko jaso diren arren, Nerea Ariasena izango da hurrengo urtean martxan jarriko dena, alegia, bilera/kongresu bat egingo da Parkeko enpresa guztiekin. Saria emateaz gain, Parkeak egi bihurtuko baitu irabazlearen ideia.
Irabazlearen hitzetan, honela bururatu zitzaion ideia: “Parkeko enpresetan diharduten zenbait pertsonekin topo egin dut nazioarteko kongresu batzuetan eta, bileretan hasitako harremanari esker, elkarlanean aritzeko aukera izan dugu azkenean. Aldez aurretik ez genekien bakoitzak non lan egiten zuen; eta, nire ustez, pena bat da, askotan kanpora jotzen baitugu zerbitzuen bila. Parkean bertan zerbitzu horiek eskaintzen dituzten enpresak daude, baina, elkar ezagutzen ez dugunez, ez gara elkarlanean aritzen”.
Orain, Bizkaiko Parkearen txanda da; ideia irabazlea gauzatzeko lanei ekin die, 2017an egi bihur dadin.