AZTI-Tecnaliak eta Norvegiako Arrantza Ikerketarako Institutuak itsasoko baliabide jasangarrien potentziala ikertzeko inbertituko dute
AZTI-Tecnalia zentro teknologikoak, itsas eta elikagai-arloko ikerketan espezializatuak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu berri du SINTEF – Norvegiako Arrantza eta Akuikultura Ikerketarako Institutuarekin, bi erakundeek arrantza-teknologiaren, akuikulturaren eta elikagaien prozesamenduaren arloetan dituzten ikerkuntza-lerroak sendotuko dituena. Itsasoko baliabide jasangarrien potentziala ikertzea da hitzarmenaren helburua, hartara bizi-kalitatea hobetzeko eta profesionalen praktikara eta trebakuntzara orientatutako ikerkuntza zientifikoa eta industriala egiteko. AZTI-Tecnaliako merkatu zuzendari Adolfo Uriartek eta SINTEF – Arrantza eta Akuikulturako zuzendari nagusi Karl A. Almasek sinatu zuten hitzarmena.
Orain dela hamar urte baino lehenagotik dihardute elkarlanean bi erakundeek itsas ikerkuntzako hainbat proiektutan, eta zientzialariak trukatzeko programa dute abian profesionalen trebatze-aldian. Hitzarmen berriaren bidez, sakondu egingo dute AZTI-Tecnaliak eta SINTEFek beren harremanetan, bien ala bien eskarmentu, azpiegitura eta giza kapital guztiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta itsas baliabide jasangarrien ikerkuntzan inbertitzeko.
Nazioarteko son handia aitortzen zaie bi erakundeei itsasoaren eta itsas baliabideen ikerkuntzaren eremuan, eta, haien aburuz, funtsezkoa da lankidetza ikerkuntzaren arlo estrategiko jakin batzuetan. Itsasoari buruzko foro nagusietan elkar hartuta jarduteko aukera onak zabaltzen ditu sinatu berri den hitzarmenak, bai eta Europako itsas ikerkuntza gidatzen laguntzeko.
SINTEF – Arrantza eta Akuikultura
SINTEF taldeko 12 institutuetako bat da SINTEF – Arrantza eta Akuikultura, eta itsas baliabide berriztagarrien erabileraren arloan dihardu. Balio-katean zehar soluzioak bilatzen laguntzen du institutuak, hasi itsasoko produkzio biologikotik, akuikulturatik eta arrantzatik eta eraldaketa eta banaketaraino. Bezeroen artean enpresa pribatuak zein Norvegiako eta Europar Batasuneko administrazio publikoak ditu, besteak beste, bai eta Nazio Batuak ere. Bere diru-sarreren % 80 baino gehiago ikerkuntza-kontratuetatik datorkio, industriarentzat egindakoetatik, batik bat. 120 langiletik gora ditu institutuak, 17 herrialdetan barreiatuta.
AZTI-Tecnalia, itsas eta elikagaien ikerkuntzako erreferentzia-zentroa
AZTI-Tecnalia, itsas eta elikadura-arloko ikerketan aditua den zentro teknologikoa, fundazioa da, eta helburu hau du: bere jarduera-sektoreetan -itsasoa eta elikagaiak- garapen soziala lortzea eta haien lehiakortasuna handitzea, ikerketaren eta berrikuntza teknologikoaren bidez. Diziplina askotako profesionalek osatzen dute haren plantilla, bi unitatetan antolatuta: Itsas Ikerkuntza eta Elikagaien ikerkuntza, analisi eta saiakuntzen zerbitzuek eta lagintze-alorrak lagunduta. 2011. urtean 220 lagunetik gora dira AZTIko partaide. Tecnalia Korporazio Teknologikoko partaide da AZTI-Tecnalia. Korporazio horretako kide dira, halaber, NEIKER-Tecnalia eta Tecnalia Research & Innovation.