AZTIk gidatutako proiektu batek ozeanoetako bizitza mehatxatzen duten arriskuei aurrea hartzeko tresna berriak garatu ditu
Tresna horiei esker, zehaztasun handiagoz hauteman daitezke klima-aldaketak, kutsadurak edo arrantzak itsas ekosistemetan dituzten ondorio konbinatuak, kalteak atzeraezin bihurtu aurretik
Ozeanoek gero eta presio handiagoak jasaten dituzte: klima-aldaketa, kutsadura, arrantza-presioa, itsas trafikoa eta espezie inbaditzaileen etorrera itsas ekosistemak inoiz ez bezalako abiaduran eraldatzen ari dira. Faktore horiek guztiek batera nola eragiten duten ulertzea da biodibertsitatea babesteko eta itsas baliabideen etorkizuna bermatzeko erronka nagusietako bat.
Lau urteko ikerketaren ondoren, AZTIk koordinatutako GES4SEAS Europako proiektuak —ingelesezko Achieving Good Environmental Status for maintaining ecosystem SErvices, by ASsessing integrated impacts of cumulative pressures izenaren akronimoa; hau da, «presio metatuen inpaktu integratuak ebaluatuz ingurumen-egoera ona lortzea»— tresna zientifiko berriak garatu ditu inpaktu horiek guztiak batera aztertzeko. Tresna horiek administrazioei lagunduko diete eremu kalteberak identifikatzen, arriskuei aurrea hartzen eta itsasoak babesteko erabaki eraginkorragoak hartzen, Itsas Estrategiari buruzko Esparru Zuzentarauaren barruan.
Proiektuaren ondorio nagusietako bat da ekosistemek jasaten dituzten kalteak askoz handiagoak izan daitezkeela presioen metaketa bere osotasunean aztertzen denean. Egindako azterketek erakusten dutenez, presioak banan-banan ebaluatuta egoera onean daudela diruditen itsas eremu askok arrisku-maila nabarmen handiagoa dute faktore guztiak batera kontuan hartzen direnean, hala nola uraren berotzea eta giza jarduera desberdinak.
Gainera, proiektuak ingurumenaren narriaduraren lehen zantzuak identifikatzeko eta itzulerarik gabeko balizko puntuak hautemateko gai diren sistemak garatu ditu. Egoera horietan, ekosistema batek hain aldaketa sakonak jasaten ditu, ezen oso zaila baita aurreko egoerara leheneratzea.
«Ozeanoak sistema konplexuak dira, eta haien gainean aldi berean eragiten duten presio guztien arteko elkarreragina ulertu behar dugu. Tresna hauek arazoei aurrea hartzen eta inpaktu jakin batzuk atzeraezin bihurtu baino lehen jarduten laguntzen digute», azaldu du Ángel Borja AZTIko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak.
Proiektuan garatutako irtenbideak Europako eskualde-itsasoetan —Atlantikoan, Mediterraneoan, Baltikoan eta Itsaso Beltzean— eta Frantziako Polinesian banatutako hamaika azterketa-eremutan probatu dira, baita Europako itsasoen multzoan ere. Erreminta horiek modu irekian daude eskuragarri ges4seas.eu webgunean, itsas ingurunearen kudeaketa eta kontserbazioa hobetu nahi duten administrazio, ikertzaile eta ingurumen-erakundeentzat.
GES4SEAS proiektuak 15 herrialdetako 20 erakunde bildu ditu, itsas biodibertsitatearen babesa hobetzeko eta ozeanoen kudeaketa jasangarriagoa eta ebidentzia zientifikoan oinarritua sustatzeko.