AZTIko bi zientzialari, estatuko biologia-ikertzaileen artean eragin handiena dutenetakoak
Ángel Borja biologoa hirugarren lekuan dago ‘Itsasoko eta ur gezatako biologia’ atalean
Xabier Irigoien ozeanografoa bosgarren ‘Ozeanografia’ arloan
AZTI itsasoaren eta elikaduraren ikerketa-zentroko profesionalen lanak aintzatespena jaso du berriz ere. Oraingoan, AZTIko Ángel Borja eta Xabier Irigoien ikertzaileak H indizearen arabera gehien nabarmentzen diren zientzialari espainiarren artean daude. H indizea nazioartean erabiltzen den neurketa-sistema bat da, ezagutza-arlo batean gailentzen diren ikertzaileak nabarmentzen dituena. Ranking hori urtero osatzen du zerrenda ospetsu batek, ikertzaileen ikerketek, argitalpenek eta aurkikuntzek komunitate zientifikoan duten eragina ebaluatu ondoren. Bi adituak biologiaren arloan hautatuak izan dira.
‘Itsasoko eta ur gezatako biologia’ atalaren barruan, Ángel Borja biologiako doktorea hirugarren lekuan dago arlo horretan gehien nabarmendu diren estatuko 25 ikertzaileen artean. ‘Ozeanografia’ atalean, Xabier Irigoien doktoreak bosgarren lekua lortu du, txalogarri; eta ‘Ingurumen-zientziak’ atalean, berriz, Ángel Borja hamaikagarren lekuan dago.
AZTIko ikertzaileak zientzia-bikaintasunaren zerrendan sartzeak bultzada handia ekarriko dio AZTIk nazioartean ikerketari eta ezagutzari dagokienez bikaintasun-zentro izatea lortzeko daukan estrategiari; izan ere, bere ikerketen emaitzen argitalpen zientifikoaren bidez lortu nahi du AZTIk helburu hori.
Hirsch metodoa (H indizea)
H indizea Kaliforniako Unibertsitateko Jorge E. Hirsch estatubatuarrak proposaturiko sistema bat da, eta lan zientifikoak argitalpen-kopuruan oinarrituz kuantitatiboki neurtzeaz gain, beste ikertzaileek argitalpen horiek zenbat aldiz aipatzen dituzten ere neurtzen du. Horrela, ikerketaren kalitatea ebaluatzen da.
AZTI, itsas eta elikagai-berrikuntza
AZTI zentro teknologikoa itsas eta elikagai-berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 230 lagunetik gorako aditu-talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa-ekimenak sortzeko, eta natura-baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko balio dezaten.
Ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du nazioartean, Tecnalia Korporazioarekin aliantzan, bezeroei soluzio integral eta berritzaileak emateko. Zientzia gaur egungo eta etorkizuneko gizarteentzako balio eta aberastasun bilakatzea da AZTIren nortasun-adierazgarria.