IK4-IKERLANek etapa berri bati ekin dio pertsonen garapena eta bezeroarentzako zerbitzua ardatz estrategikotzat hartuta

Araba

“Proiektu berriaren hasiera bide onetik doa eta 2015aren hasiera esperantzagarria da”, adierazi du Marcelino Caballero zuzendari nagusiak

Zentroak 2014ko ekitaldian 250 pertsonako talde bat finkatzea eta 17,8 milioi euroko sarrerak lortu ditu

IKERLAN2014an 40 urte bete eta gero, IK4-IKERLAN zentro teknologikoak “erronka eta ilusioz beteriko” etapa bati ekin dio, Zuzendaritza Kontseilu berria izendatuta. Kontseiluaren buru Marcelino Caballero zuzendari nagusia da, eta bere buruari ezarri dion helburua da zentro teknologiko kooperatiboaren proiektu berri bat garatzea. “Gure eredua bezeroen behar teknologikoetara bideratuta dago, zentroko pertsonen sustapena bultzatuz, eta talentua garatzeko dugun ereduarekin leial izanik: Izan ere, plantillaren % 20 maila handiko prestakuntzan diharduten ikertzaileek osatzen dute”, adierazi du Caballerok zentroak gaur egin duen batzar nagusian.

“Proiektu berri eta itxaropentsua sortzeko lanean ari gara”, ziurtatu du Caballerok, eta, gaineratu duenez, “proiektu berriaren hasiera bide onetik doa eta 2015aren hasiera esperantzagarria da, emaitzak positiboak izaten ari baitira. Berez, zentroak datozen asteetan dozena bat ikertzaile baino gehiago sartzea behar du”.

Soluzio teknologiko mekatronikoen eta fabrikazio aurreratukoen erreferentzia

IK4-IKERLANek espezializazio maila handia du, eta bere zeharreko ahalmenei esker soluzioak eman diezazkieke bezeroei merkatu gero eta zorrotzagoetan lehiatu ahal izateko.

“Enpresen beharrekin bat egiten dugularik, 40 urte baino gehiago daramagu bezeroekin lankidetzan soluzio teknologiko mekatronikoak eta fabrikazio aurreratukoak ikertzen eta garatzen”, azaldu du erakundearen zuzendari nagusiak.

2014ko balantzea

Arratsaldeko ekitaldian, IK4-IKERLANeko lehendakari Iñaki Aranburuk zein Marcelino Caballero zuzendari nagusiak eskerrak eman dituzte joan den urtean zehar zentroa osatzen duten pertsonek egindako ahaleginagatik, horri esker erakundeak bere helburu gehienak bete ahal izan baititu.

“Aurreko ekitaldia oso konplexua izan den arren, emaitza pozgarriarekin ixtea lortu dugu, gure bezeroen leialtasunari esker”, baloratu du Caballerok, eta, gaineratu duenez, IK4-IKERLAN nabarmentzeko arrazoia da “bezero oinarri egonkorra daukala, enpresetan ongi banatuta, izan kooperatiboak zein ez kooperatiboak, enpresa txiki eta ertainak eta enpresa handiagoak, etab.”.

IK4-IKERLANek 17,8 milioi euroko sarrerak izan zituen joan den urtean, aurreko ekitaldian baino pixka bat gutxiago. Enpresekin zuzenean kontratatuta fakturatzen duenaren portzentajea sarrera guztien % 60 da gutxi gorabehera, eta horrek argi erakusten du industriaren beharrekin noraino egin duten bat.

Gainera, zentroak 250 pertsonako taldea finkatu du, eta ikertzaileak prestatzeko jardueretan egiten duen ahalegina mantentzea lortu du. Puntu horretan, Caballerok “teknologo eta ikertzaile berriak prestatzeko eta gureganatzeko garrantzi estrategikoa” azpimarru zuen, “bai IK4-IKERLANen bertan bai gure bezeroenean”.

IK4-IKERLAN pisua irabazten ari da Europako eremuan

IK4-IKERLANek etorkizunera begira dituen erronketako bat Europako eremuan baliabideak atzitzea da. Berez, urtean zentroan gertatu den albiste nagusietako bat I+G bultzatzeko Horizon 2020 europar programan lortutako emaitzak izan dira.

Programa publiko lehiakorretan lortutako sarreretatik (guztien % 36,8 izanik) % 12,2 Europar Batasunekoak dira. Fondo komunitarioen atalean % 50eko hazkundea egon da aurreko urtearekin alderatuta.

Zentroa buru-belarri ari da lanean esparru horretan eragile moduan finkatzeko. 2014an 15 europar proiektutan parte hartu zuen, eta horietatik hiru gidatu zituen, etorkizunean bezeroentzako soluzioak garatzeko funtsezkoak diren gaietan, horien artean egonik elektronika txertatua, fabrikazio aurreratua eta eraginkortasun energetikoa, besteak beste.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energiaren eraginkortasuna eta biltegiratzea, fidagarritasun estrukturala eta fabrikazio aurreratua, eta laguntzaile sare garrantzitsu bat duela, nazionala zein nazioartekoa, bezeroei soluziorik onena emateko eskaintza osatzen duena.

 

Partekatu

Beste berri batzuk