BCAREk bere erreferentziazko posizioa indartu du energia-biltegiratzearen industrian, Miguel Encabo Zuzendari Tekniko izendatuta

Konpainiaren CTO berriak esperientzia handia du I+G+b kudeaketan eta garapen teknologiko orientatuan, eta euskal start up-ak baterien arloan proiektu berriei aurre egin ahal izateko zuzendaritza-egitura eratzeko apustu estrategikoa osatzen du

BCARE, CIC energiGUNEtik sortutako spin off-a, industria-sektorerako erreferente gisa finkatu da biltegiratzearen arloan, energia-trantsizioarekin eta deskarbonizazioarekin erlazionatutako balio erantsiko zerbitzuak direla eta

Miguel EncaboBCAREk, energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC EnergiGUNEtik sortutako spin off-ak, Miguel Encabo ingeniari donostiarra izendatu du konpainiako zuzendari tekniko, biltegiratzearen sektorean duen erreferentziazko posizioa sendotzeko eta gero eta lehiakorragoa den merkatuan aukera eta garapen berriei aurre egiteko.

“Oso enpresa gaztea gara, baina badakigu industriari erantzun eraginkorrak eman behar dizkiogula berehala, lortu ditugun lorpenak sendotzeko, eta hori pertsona gaituenekin bakarrik lortuko dugu”, adierazi du Soraya Romo Diez Zuzendari Nagusiak Encaboren izendapena baloratzean. “Miguel Zuzendari Tekniko gisa sartzeak erronka berriei arrakasta berme handienekin aurre egiteko aukera ematen digu”, gaineratu du Javier Olarte BCAREko CEOak.

Miguel Encabo ENSIEGeko (Grenoble) ingeniaria da, eta 1990etik aurrera I+G+b arloaren kudeaketarekin erlazionatutako ibilbide profesional nabarmena egin du, askotan enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko lankidetzaren dinamizatzaile gisa jardunez. Hain zuzen ere, BCAREn sartu aurretik, 2018az geroztik AMPO kooperatiba-sozietatean CTO eta Eraldaketarako Zuzendari gisa aritu da, eraldaketarako proiektu estrategikoak kudeatzen eta digitalizazioa bultzatzen.

Aurretik, batez ere Oronan egin zuen lan, eta, pixkanaka, I+Gko zuzendari, Berrikuntza Teknologikoko Zuzendari, Teknologiako Zuzendari Korporatibo, Orona EICeko Zuzendari eta Proiektu Estrategikoen Zuzendari karguak bete zituen. Baterien sektorearen ezagutza handia du, eta, bere etapa akademikoan, Grenobleko Ingeniaritza Elektrikoen Eskolako karrera amaierako proiektu onenaren saria jaso zuen, material amorfoak zituen korronte-sentsore bat garatzeagatik.

Jardueraren hiru urte eskasetan, BCARE erreferentziazko eragilea izan da sektorean, 2021ean 800.000 euroko fakturazioa izanda –hau da, % 28ko hazkundea aurreko aldiarekin alderatuta–, eta gaur egun kualifikazio handiko 10 profesionalek osatzen duten plantilla hazten ari da. Miguel Encabo donostiarra sartzea, beraz, beste urrats bat da CIC energiGUNEren spin off-a hazteko eta zabaltzeko estrategian.