Berrikuntza arloko bere doako prestakuntzaren izaera praktikoa sendotuko du Innobasquek, eta 25 ikastaro berri eskainiko ditu 2024an

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Berrikuntzaren Euskal Agentziak prestakuntza-eskaintzaren plangintza egin du, ikastaro horien bidez enpresei eta erakundeei berrikuntzaren euskal ekosisteman sartzeko bidea errazteko  

Seihileko honetarako aurreikusitako ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bloke bakoitza profil jakinen beharrizanetara egokiturik dago: ETEak, I+G+ b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresak eta erakundeak eta Agentziako bazkideak 

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2024ko lehen seihilekorako doako prestakuntza-eskaintza aurkeztu du gaur goizean. Aurreko urteetan bezala, Euskadiko enpresa eta erakunde guztiei zuzendurik dago, berrikuntzaren eta I+G arloaren kudeaketa hobetzen laguntzeko. “Formakuntza Berrikuntzan 2024” Programa osatzen duten 25 ikastaroak hiru bloketan banaturik daude, eta bakoitza profil jakin bati zuzendurik dago (alde batetik, ETEak; bestetik, kanpoko merkatuan interesa duten enpresak edo erakundeak; eta, azkenik, erakunde bazkideak), baina guztiak bat datoz bereizgarri nagusi honetan: berrikuntza praktikoa lortzea da helburua. Era horretara, enpresa munduan entzute eta eskarmentu handia duen irakasle-talde bati esker, Innobasquek partaideen beharrizan eta errealitatera egokitzen du prestakuntza. Hala, formakuntza horren bidez sarbidea eskaintzen die berrikuntzaren euskal sistemara eta edozein prozesu eraldatzailetan bidelagun izan ditzaketen eragileen sarera. Katalogo osoa, ikastaro bakoitzari buruzko xehetasunekin, eskuragarri dago jada Agentziaren webgunean.  

ETE-entzako berariazko ikastaroak 

Lehen blokean, hamar langile edo gehiagoko ETE-entzat diseinatutakoan, seihileko honetako programak intereseko bost esparru hauek ditu ardatz: merkatua, digitalizazioa, pertsonak, negozio-ereduak, finantzaketa eta produktua.  

Bloke horretako hamahiru ikastaroak otsailaren 28an hasiko dira eta aurrez aurreko formatuan egingo dira hiru lurralde historikoetako hainbat kokagunetan. Gipuzkoan (Donostian eta Arrasaten) ikastaro hauek izango dira: bezeroak fidelizatzeko estrategiei buruzkoa, salmenta osteko zerbitzuari buruzkoa eta produktuaren eta negozio-ereduen berrikuntzari loturikoa. Bizkaian (Bilbon eta Zamudioko Teknologia Parkean) hauek egingo dira: prozesuen digitalizazioa, makinaria eta kudeaketa-sistemak, bezeroak erakartzeko marka-estrategia, pertsonen konpromisoa eta erakunde adimendunek lehiarako dituzten abantailak. Araban (Gasteiz), azkenik, berrikuntzaren finantzaketarekin lotutakoak egingo dira. 

Europako laguntzei buruzko ikastaroak 

Bigarren blokea I+G+b arloa nazioartekotzeko interesa duten enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatuei zuzendurik dago. Kasu honetan, otsailaren 27tik aurrera, bost ikastaro izango dira, online saioak eta aurrez aurrekoak txandakatuz (azken hauek Zamudion izango dira), eta, besteak beste, gai hauek azalduko dira: EBren zeregin dinamizatzailea eta finantzatzailea, enpresek izan ditzaketen proiektu europarren plangintza estrategikoa eta Horizon Europe esparru-programa RIS3 estrategiari loturik.  

Bazkideentzako ikastaroak 

Azkenik, Innobasqueren seihileko honetako prestakuntza-eskaintza osatzen duten hiru blokeetan azkena Agentziako bazkideentzat diseinatuta dago berariaz. Ikastaro hauen helburuak eta edukiak askotarikoak dira: joerei buruzko informazio praktikoa ematea, hala nola adimen artifizialari buruz (izan ditzakeen arriskuak eta haren aplikazioak ekar ditzakeen aukerak); berrikuntza kudeatzeko eta norberaren estrategiarekin lerrokatzeko gakoak ematea; I+G+b departamentu bat sortzeko argibideak ematea; ingurunean edo lehiakideen artean sortutako berrikuntzak zaintzea eta aintzat hartzea; berrikuntza-proiektuak eta -planak martxan jartzeko laguntzak non eta nola eskura daitezkeen ikastea eta abar. Kasu honetan, bederatzi ikastaroak aurrez aurrekoak izango dira, eta Zamudion emango dira otsailaren 29tik aurrera.  

Informazio gehiago: https://www.innobasque.eus/eu/berritzen-laguntzen-dizugu/berrikuntzako-formakuntza/

Partekatu

Beste berri batzuk