Bi eraikin berri egiteko lanak hasi dira UPV/EHUko Zientzia Parkean
- Abere-Bioteknologia Zentroa eta Plataforma Teknologikoaren eraikuntza lanak abenduan esleitu zituen Unibertsitateak 19.604.400,93 euroko aurrekontuarekin.
UPV/EHUko Zientzia Parkean hasi dira dagoeneko bi eraikin berri egiteko lanak; Euskal Herriko Unibertsitateak, azpiegitura berri hauen sustatzaileak, iazko urte amaieran esleitu zituen lanak eta Zientzia Parkearen kudeatzaile den Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen Administrazio Kontseiluak oniritzia eman zien esleipen horiei. Bi eraikinok egiteko lanen aurrekontu osoa 19.604.400,93 (BEZa barne) eurokoa izango da eta lanen iraupena 85 astekoa izango dela aurreikusten da.
Eraikinetako batek UPV/EHUren Abere-Bioteknologia Zentroa hartuko du. Gainazalean 6.565,50 m2 lurgainean eta 4.063,50 m2 lur azpian izango ditu eraikita Zientzia Parkearen 3. lursailean. Proiektu erabat berritzailea du eraikin honek bere egituran, izan ere ia 20 metro sakonerako argiak jartzeko aukera ematen baitu zutaberik izan gabe; aldi berean, egiturak eguzki-kontrolaren funtzioa ere egiten du.
Bigarren eraikina Zientzia Parkearen 2. lursailean eraikiko da eta Plataforma Teknologikoaren egoitza izango da. Gainazalean eraikitakoak 7.884,45 m2 lurgainean eta 2.669,40 m2 lur azpian beteko ditu. Azpiegitura berriak Azterketa Zerbitzu Zentrala izango du bigarren solairuan, espektrofotometria eta kromatografia analisiak egiteko tresneria-ekipamendurako erabiliko dena; Prestaketa Aretoak ere izango ditu, lehen eta bigarren solairuetan, laginen garbiketa eta prestaketa ezarriko diren esparruak; eta Tresneria Aretoak, hiru solairutan banatuta, neurri handiko tresna bereziak kokatzeko tokiak.
Eraikin berri hauen lanak haste diren bitartean, UPV/EHU Zientzia Parkean oso aurreratuta daude Egoitza eraikina eta Biofisika Unitatearen eraikuntza lanak, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak sustatutakoak. Zientzia Parkearen Egoitza izango denaren eraikuntza lanak martxoan amaituko dira; bertan kokatuko dira enpresa inkubagailua, Ikerketa Emaitzen Transferentziarako Bulegoa-OTRI, aholkularitza eta informazio zerbitzuak, lehen enpresa egitasmoetarako tokiak etabar. Biofisika Bizkaia Fundazioaren egoitza berriz, aurtengo azken hiruhilabetekoan egongo da bukatuta eta ikerketarako esparruak eta ikertzaileentzako eta irakasleentzako ostatua izango ditu.