Europako ikertzaile-komunitateak EBn berrikuntzaren arloan egin behar diren erreformak azaldu ditu Science aldizkarian
Aitziber Cortajarena CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak INPACT! ekimenean parte hartzen dihardu, 20 herrialde baino gehiagotako 120 zientzialari eta berritzailetik gora biltzen dituen sarean
Dokumentuaren proposamena da aurkikuntzatik merkaturatzera bitarteko trantsizioa erraztea, arrisku handiko ideien aldeko laguntza indartzea eta unibertsitateko ekintzaileentzako pizgarriak hobetzea
Science aldizkarian argitaratutako «Policy Forum» berri baten arabera, Europak bere aurkikuntza zientifikoak gehiagotan bihurtu ditzake teknologia, produktu eta enpresa berri, baldin eta berrikuntza finantzatzeko eta ikertzaileei laguntzeko modua aldatzen badu.
Dokumentuak Enhancing Europe’s Competitiveness by Empowering Researchers as Innovators (Europaren lehiakortasuna hobetzea ikertzaileak berritzaile gisa ahaldunduz) izenburua du, eta oinarrizko ikerketatik merkaturatu arteko bidean jarraitutasuna handitzea, finantzaketa-prozedurak erraztea eta unibertsitateen barruko ekintzailetzari aitorpen handiagoa ematea proposatzen du. Dokumentuak dioenez, oztopo instituzional eta finantzario etengabeek eragotzi egiten dute bikaintasun zientifikoak bere inpaktu ekonomiko eta sozial osoa sortzea.
Azterlana egiteko ekimena INPACT! sarearena da; 2023an sortu zen, eta Europako Ikerketa Eremuko 20 herrialde baino gehiagotako 120 zientzialari eta berritzailetik gora biltzen ditu, Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) laguntzen onuradunak gehienak. Sareak ikertzaileen esperientzia zuzena eta Europako finantzaketa-programen analisi ekonomikoa uztartzen ditu, ikerketa berrikuntza bihurtzeko gaitasun europarra indartu lezaketen erreformak identifikatzeko helburuarekin; haren kideen artean, Aitziber Cortajarena Ikerbasque irakaslea dago, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoa.
Ikerketa eta berrikuntza lotzea
Analisia Horizon Europe programan zentratzen da, Europar Batasunaren 2021-2027 aldirako ikerketa- eta berrikuntza-programan. Egileek diote finantzaketa zatikatuta dagoela oraindik, eta merkaturatzeko potentziala duten aurkikuntzek hutsune administratiboak topatu ditzaketela bi ildo hauen artean: Europako Ikerketa Kontseiluaren (ERC) Proof of Concept laguntzak, ikertzaileei aplikazio praktikoak esploratzen laguntzen dietenak, eta Europako Berrikuntza Kontseiluaren (EIC) programak, garapen teknologikoa eta enpresen hazkundea babesten dituztenak.
Proposamen nagusietako bat ERCren Proof of Concept laguntzak EICen gobernantza-egituran integratzea da, aurkikuntza zientifikotik hasi eta garapen teknologikoraino eta merkaturatzeraino bide jarraituago bat sor dadin. Dokumentuaren arabera, ebaluazio errepikatuen kopurua murriztea, programen arteko trantsizioak erraztea eta laguntzak ikertzaileentzat eta inbertitzaileentzat aurreikusgarriagoak izatea ahalbidetu lezake horrek.
«Europak aparteko talentu zientifikoa du, baina aurkikuntzaren eta aplikazioaren artean bultzada galtzen dugu sarritan. Oztopo gutxiagoko bidea behar dugu, ideia emankorrak oinarrizko ikerketatik atera eta inpaktu ekonomikoa eta soziala sortzeko gai diren teknologia, enpresa eta soluzioetara eramateko»,dioDario PolliPolitecnico di Milanoko irakasleak. «Policy Forum»aren egile nagusietako bat da.
«Policy Forum»ak, halaber, laguntza handiagoa eskatzen du hasierako faseko arrisku handiko berrikuntzarako. EIC Pathfinder eta Transition programen urteko finantzaketa bateratua 500 milioi euro ingurukoa da gaur egun, eta programak kudeatzeko gaitasuna mugatua da oraindik Estatu Batuetako ikerketa aurreratuko agentzienaren aldean. Baliabideak berrikuntza disruptibora birbideratzea eta programa independenteen arduradunei proiektu emankorrak gidatzeko aginpide handiagoa ematea gomendatzen da artikuluan.
«Europa teknologia ertainaren tranpan harrapatuta dago: sektore helduetan espezializatuta gaude, hala nola automobilgintzan eta industria-makinerian, eta AAren eta bioteknologiaren moduko sektore aurreratuak txikiegiak dira oraindik. Europaren lehiakortasuna eta autonomia estrategikoa indartzeko, aurkikuntza zientifikotik hasi eta ideia onenen merkaturatzea finantzatu arteko prozesua berreraiki behar dugu, eta ikerketan eta berrikuntzan dihardutenei bidea eman behar diegu gaurko aurrerapenak biharko goi-teknologiako sektore bihur ditzaten», dio Giorgio Presidente Bocconi Unibertsitateko Institute for European Policymaking institutuko ikertzaileak.
Eskabide errazagoak eta finantzaketarik gabe geratzen diren proiektu bikainentzako laguntzak
Artikuluaren egileen ustez, Europako finantzaketa-eskabideek laburragoak izan beharko lukete eta zuzenago ebaluatu beharko lirateke, ideiaren edukiari eta haren aplikazio potentzialari erreparatuta.
Finantzaketa-agentzia nazionalek urte anitzeko konpromisoak har ditzatela proposatzen dute, Europako ebaluazioa gainditzen duten baina deialdiko aurrekontuarekin finantzatu ezin diren proiektu bikainei laguntzeko, Bikaintasun Zigiluaren bidez dagoeneko aplikatzen den ikuspegia zabalduz.