BIC Bizkaiak 10. urteurrena ospatzen du 65 enpresa garatu, 500 lanpostu sortu eta 175 milioi euroko fakturazioarekin

Albisteak, Bizkaia

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, Mikel Jauregik,  inauguratu du BIC Bizkaiaren -bio-mikro-nano teknologietan, manufaktura aurreratuan eta teknologia garbietan espezializatutako enpresen inkubagailua- hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia, eta Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, eman dio amaiera ekitaldiari

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatu eta Beaz sozietateak kudeatzen duen BIC Bizkaia inkubagailuak bere hamargarren urteurrena ospatu du Zamudio/Derio Campusan Euskadiko Parke Teknologikoko. Zentroa balio erantsi handiko sektoreetan espezializatuta dago, hala nola bio-mikro-nano teknologietan, manufaktura aurreratuan eta teknologia garbietan, eta  erreferente gisa finkatu da enpresa-proiektu berritzaileen sorreran eta azelerazioan.

Ekitaldia Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, inauguratu du eta Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, itxi du. Inkubagailuaren jarduera-balantzearen barruan, 2014ko urrian sortu zenetik, honako hauek azpimarratu daitezke:

–    Oso berritzaileak diren 65 enpresa sortu dira, besteak beste robotizazio-teknologiak, fabrikazio gehigarria, adimen artifiziala, material berriak eta gailu medikoak erabiliz.

–    Bizkaian 500 lanpostu sortzea, taldeen % 20 doktoretza-titulua duten pertsonek osatuta.

–    Enpresa horiek 175 milioi euro fakturatu zituzten 2023a itxi arte.

–    Ekintzailetza-taldeen % 48 emakumeak dira, eta datu honek BIC Bizkaiak enpresa-eremuan genero-berdintasunarekin duen konpromisoa azpimarratzen du.

Mikel Jauregi, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu duenez, “BIC Bizkaia proiektu arrakastatsua da, erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta dagoena. Azken hamarkadan gure ekintzaile eta startupei etengabeko laguntza eman die, erronkak gainditzen eta beren ideiak enpresa bideragarri eta arrakastatsu bihurtzen lagunduz. BIC Bizkaia arlo estrategikoetan espezializatuta dago, hala nola bioteknologian, medikuntzako teknologietan eta manufaktura aurreratuan, eta horri esker, Euskadi herrialde gisa indartzeko eta etorkizuneko erronketarako prestatzeko erreferente bihurtu da. Argi dugu hemen lantzen dugun oinarri teknologikoko ekintzailetza funtsezkoa dela trantsizio energetikoari eta eraldaketa digitalari ekiteko”.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek azpimarratu duenez, “Bizkaiak Bizkaiko BICen sortzen direnak bezalako enpresa teknologiko gehiago behar ditu Euskadik, balio erantsia eta kalitatezko enplegua ekarriko dutenak. Horregatik egin dugu apustu ekintzailetza eredu aurreratu baten alde, zeinak ibilbide oso bat eskaintzen baitie ekintzaileei eta startup-ei, kalitatezko enpleguak sortu eta hazkundea bultzatuko duten balio-proposamen bereizgarriak definitu eta garatzeko”. “BIC Bizkaia bezalako proiektuak funtsezkoak dira Bizkaia ekintzaile batean lan egiten jarraitzeko, ideia bat duen edonork ideia hori garatzeko behar duen laguntza izan dezan. Bizkaia lehiakorra, hazkunde ekonomikoa, garapen soziala eta ingurumenarekiko errespetua uztartuko dituena. Mundu zabalera irekita dagoen Bizkaia, nazioartean ezaguna, inbertitzeko, lan egiteko eta bizi-proiektu bat garatzeko lurralde erakargarria izateagatik Eta talentua duen Bizkaia. Talentuak berrikuntza bultzatzen duelako, eta gure ongizatearen eta lehiakortasunaren gakoa delako ” adierazi du.

6.000 metro karratuko azpiegitura modernoa

BIC Bizkaiak 6.000 metro karratuko azpiegitura modernoa du, areto zuriekin, laborategi teknologikoekin, prototipatze-tailerrekin eta coworking-guneekin. Ekosistema hau Beazek garatutako inkubazio-programekin, SPRIren laguntza-lerroekin eta Euskadiko Parke Teknologikoaren networkinga sustatzeko babesarekin osatzen da.  Basque Health Cluster eta Tknika bezalako funtsezko eragileekin lankidetzan aritzea ere oso garrantzitsua da ekintzailetza aurreratua sustatzeko eta inkubatutako ekimenetan talentu kualifikatua sartzeko.

10 urte hauetan BIC Bizkaiak STEM talentuaren eta prestakuntza zientifiko-teknologikoaren aldeko apustua egin du. DBHko eta Batxilergoko 800 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute Egin eta Ekin ekintzailetza sustatzeko ekimenean. Gainera 2015etik zentroak EHUko Ekintzailetza Aurreratuko Masterrarekin kolaboratu du 180 ekintzaileri laguntza eskainiz. Eta Tknikarekin lankidetzan Provider programa diseinatu da, Lanbide Heziketako 1.200 ikasle sentsibilizatu dituena eta 59 enpresa-proiektu sortzea sustatu duena.

Nazioarteko aintzatespena

BIC Bizkaiaren start up-ak babesteko eta bizkortzeko ereduak mundu osoko 8.500 pertsona baino gehiago erakarri ditu, besteak beste, Kroazia, Txile, Estatu Batuak, Mexiko eta Hego Koreatik etorri diren ordezkaritzekin. Interes horri esker beste lurralde batzuetako 12 startup erakarri dira eta BIC Bizkaia berrikuntza globaleko polo moduan finkatzea lortu da.

Hamar urteko ibilbidearekin BIC Bizkaiak enpresa oso berritzaileak sortzeko konpromisoa berresten du, ezagutzan, berrikuntzan eta jasangarritasunean oinarritutako ekonomiarako aldaketaren buru izango direnak.

Partekatu

Beste berri batzuk