Laborategian diseinatutako proteinak, gibeleko gaixotasunetarako tratamendu itxaropentsua

Albisteak, Gipuzkoa

Aitziber L. Cortajarena buru duen taldeak gibeleko fibrosia eta kartzinoma hepatozelularra murriztea lortu du saguetan

CIC biomaGUNEren ikerketa honek bidea ireki du diseinuzko proteinetan oinarritutako terapia- eta diagnostiko-agenteak garatzeko

CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakasle Aitziber L. Cortajarena buru duen ikerketa-taldeak tratamendu antifibrotiko eta antitumoral berritzaile bat garatu du, proteina sintetiko bat eta urrezko nanoklusterrak konbinatuz (urrezko 6 atomo inguruko agregazio txikiak). Ikerketa Lovainako Unibertsitate Katolikoko (Belgika) Ana Beloqui doktorea buru duen taldearekin elkarlanean egin da, eta frogatu da formulazio hibrido horrek gibelerako espezifikotasun handia eta albo-ondorio oso txikiak dituela saguetan.

Gibeleko gaixotasunak askotarikoak izan daitezke: hantura itzulgarriak nahiz patologia kronikoak izan daitezke, hala nola gibeleko fibrosia eta gibeleko minbizia. Fibrosiaren ezaugarri nagusia da pixkanaka ehun zikatriziala metatzen hasten dela, eta fase aurreratuetan tumoreak eta gibeleko gutxiegitasuna eragin ditzakeela. OMEren arabera, 2020an 830.000 heriotza erregistratu ziren munduan kartzinoma hepatozelularraren ondorioz. Kalkuluen arabera, munduko biztanleriaren % 3,3 inguruk gibeleko fibrosi aurreratua du.

Azken urteotan ahalegin handiak egin dira Hsp90 proteinaren funtzioa blokeatzeko estrategia terapeutikoak garatzeko, proteina horrek funtsezko zeregina baitu fibrosian eta minbiziaren progresioan. Proteina-molekula sintetikoak alternatiba erakargarri gisa sortu dira; izan ere, modu arrazionalean diseina daitezke jomuga espezifikoak ezagutzeko eta haien jarduera terapeutikoa optimizatzeko.

Ildo horretan, CIC biomaGUNEko Nanoteknologia Biomolekularreko taldeak—Louvain Drug Research Instituteko Advanced Drug Delivery and Biomaterials taldearekin batera— garatutako material hibridoa Hsp90 proteinari lotzeko diseinatuta dago, giltza baten eta sarraila baten artean gertatzen denaren antzera. «Horrela, gaixotasuna eragiten duten prozesuak blokeatu egiten dira; izan ere, proteina hori gehiegizko kantitatean dago gibel gaixoetan», azaldu du Cortajarena doktoreak, CIC biomaGUNEko zuzendari zientifikoak. «Ikerketaren emaitzek erakusten dute garatutako konposatua azken belaunaldiko terapia itxaropentsu bat dela; erantzun immunologiko txikia eragiten du eta, aldi berean, potentzial terapeutiko handia du».

Gibeleko fibrosiaren kasuan, garatutako tratamenduak gibeleko kaltea murrizten du. Ikertzaileek egiaztatu ahal izan dute gaixotasuna aktibatzen duten molekulen presentzia txikiagoa dela, eta, aldi berean, metatutako kolageno-zuntzen kopurua ere txikiagoa dela. Hau da, orbainak sortzen dituen mekanismoa geldiarazten da, eta aldi berean lehendik kaltetuta zegoen ehuna ezabatzen da.

Gibeleko minbiziaren kasuan ere emaitzak itxaropentsuak dira: Hsp90 proteinen blokeoak murriztu egiten du tumore-zelulei kontrolik gabe zabaltzea ahalbidetzen dieten proteinen kopurua. «Geldiarazte» biologiko horri esker, ikerketa-taldeak nabarmen murriztu ahal izan ditu tumoreen kopurua eta tamaina; aurrerapen hori hainbat irudi-teknikaren eta analisi molekularren bidez baieztatu dute.

Terapiarako, jarraipenerako eta diagnostikorako

Bestalde, urrezko nanoklusterraren presentziari esker, «farmakoa saguan nola banatzen den detektatu ahal izan dugu, eta, beraz, baita zein organotan metatzen den ere. Informazio hori funtsezkoa da organismoan duen portaera ulertzeko eta, horrenbestez, farmako eraginkorrak garatzeko», adierazi du Gabriela Guedesek, ikerketan parte hartu duten ikertzaileetako batek.

«Azpimarratu behar da diseinuzko proteina hauen moldakortasunari esker osagai metalikoa nahi den irudi-teknikara egokitu daitekeela», azaldu du Cortajarenak. Proteina-egitura, urrearekin ez ezik, beste metal batzuekin ere —hala nola gadolinioarekin edo burdinarekin— modu egonkorrean lotzeko moduan diseina daiteke. Horri esker, sistema terapeutikoak jarraipena egin dezake, hainbat irudi- eta diagnostiko-teknikaren bidez. Adibidez, «burdinan oinarritutako nanoegiturak diseinuzko proteinarekin elkartuz gero, tratamenduaren jarraipena denbora errealean egin ahal izango litzateke erresonantzia magnetikoaren bidez, kontraste-agente gehigarririk administratu beharrik gabe», gaineratu du Ikerbasque irakasleak.

Ikerketak frogatu du diseinuzko proteinak potentzial handia duela agente antifibrotiko eta antitumoral gisa, eta agente teranostiko gisa ere garatzeko ahalmen handia duela; hau da, aldi berean terapia- eta diagnostiko-agente gisa diharduela. Emaitza horiek pazienteen tratamendua eta emaitza klinikoak hobetzeko aukera ematen dute. «Gure emaitzek aukera berriak eskaintzen dituzte proteina horietan oinarritutako terapiak garatu ahal izateko», ondorioztatu dute ikertzaileek.

Partekatu

Beste berri batzuk