Elikagaien eta uraren kutsadura azkar hautemateko biosentsoreak

Albisteak, Gipuzkoa

Tekniker zentro teknologikoak proiektu industrial bat landu du, nekazaritzako elikagaien sektorean eta azpiegituretan segurtasun biologikoa monitorizatzeko soluzio berriak garatzeko

Gaur egungo analisi mikrobiologiko gehienek prozesu bat eskatzen dute, non laginak jaso, laborategi espezializatuetara bidali eta ekipamendu oso garestiak eta itxarote-denbora luzeak behar diren diagnostiko bat eskuratzeko. Oztopo horiek gainditzeko, Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kideak, Erreka Medical eta Gaiker zentro teknologikoarekin batera egindako proiektu industrial batean, teknologia genetikoak eta sentsore elektrokimikoak erabilera bakarreko txip mikrofluidikoetan integratzea izan du helburu.

Proiektu honen emaitza sentsore eramangarrien belaunaldi berri bat da; sentsore hauek arrisku-puntuan bertan agente biologikoak eta patogenoak azkar eta zuzenean detektatzeko gai dira. Kasu honetan, soluzioak nekazaritzako elikagaien sektoreko lagin errealetan baliozkotu dira, baita azpiegitura handietako ur-zirkuitu itxietako laginetan ere.

Alde batetik, nekazaritzako elikagaien industrian, teknologia hau gai da Listeria monocytogenes bakterioa detektatzeko esnea, gazta, kefirra edo jogurta bezalako esnekien laginetan, 25 gramoko 1 UKE-ko (Unitate Kolonia-Eratzaile, ugaltzeko eta laborantza-ingurune batean kolonia bat eratzeko gai diren mikroorganismo bideragarrien kopurua kuantifikatzeko erabiltzen den neurria) detekzio-mugarekin. Horrela, elikagaien segurtasunari buruz indarrean dagoen legedia ongi betetzeko gai da.

Bestalde, eraikin eta instalazio handietako ur-banaketarako sistemetan, Legionella spp. bakterioen presentzia monitorizatzen du sareko uretan, litroko 150 UKE baino sentikortasun hobearekin.
“Bi agertoki horietan, gailuak diagnostiko azkarra eskaintzen du 30 minutu baino gutxiagoan, erabakiak berehala hartzea erraztuz eta kutsadurari aurrea hartuz”, nabarmendu du Santos Merino Teknikerreko ikertzaileak.

Emaitza horiek lortzeko, Teknikerrek, neurketa-printzipio ezberdinetan eta horiek osasun, elikagai eta ingurumen arloetako diagnostiko azkarreko sistemetan integrazioan daukan esperientzia baliatu du, baita detekzio elektrokimikoko teknologien garapenean eta sentsoreen baliozkotzean duen espezializazioa ere.

Teknologia hori nekazaritzako elikagaien eta ingurumenaren esparruetan baliozkotu ondoren, hurrengo urratsa osasun-sektorera zabaltzea da, sepsia eragiten duten mikroorganismoak eta mikrobio-aurkako erresistentziak garaiz detektatzeko. Horrela, erabaki klinikoak hobetzen, ospitaleko egonaldiak murrizten eta pazienteen arreta optimizatzen lagun dezaketen diagnostiko-tresna azkarrak garatzeko bidea irekitzen da .

Protagonismoa Biospainen

Lortutako heldutasun teknologikoak protagonismo berezia izango du Teknikerrek Biospain 2026an parte hartzen duen bitartean. Nazioarteko azokak Europako ekosistema bioteknologikoa Bilbon bilduko du irailaren 29tik urriaren 1era bitartean, eta erakusleiho paregabea izango da zentroaren dibertsifikazioa eta eragin handiko soluzioak osasunaren eta prebentzioaren industrietara transferitzeko duen gaitasuna nabarmentzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk