Impact Bridgek CEGASA Energia aukeratu du energia-biltegiratzearen arloko bere lehen inbertsiorako, eta 6 milioi eurorainoko finantzaketa emango dio Europan duen hedapena bultzatzeko

Albisteak, Araba

Impact Bridgeren eragin sozialeko zor pribatuaren funtsak finantzaketa eman dio CEGASA Energiari, 90 urte baino gehiagoko industria-ibilbidea duen euskal enpresari, energia-biltegiratzeari lotutako hazkunde-etapa berri batean

Finantzaketak CEGASA Energiaren gaitasun industriala eta teknologikoa indartzen lagunduko du, eskala eta aplikazio desberdinetako proiektuetarako energia biltegiratzeko irtenbideak (BESS) garatu eta fabrikatzeko

Eragiketari esker, ekoizpena handitu eta sare-mailako energia-biltegiratzea hedatu ahal izango da; horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan kalitate handiko industria-enplegua sendotuko da eta energia-biltegiratzearen Europako balio-katearen funtsezko katebegi bat indartuko da

Impact Bridge Asset Management, eragin sozialeko inbertsioan espezializatutako Espainiako kudeatzaileak, 6 milioi eurorainoko finantzaketa formalizatu du CEGASA Energiarekin. Energia-biltegiratzeko irtenbideetan espezializatutako euskal enpresa da CEGASA Energia, eta 90 urte baino gehiagoko industria-ibilbidea du. Eragiketak haren hedapen-prozesua lagundu eta baterietan oinarritutako energia-biltegiratze sistemen (BESS, Battery Energy Storage Systems) segmentuan duen posizionamendua sendotzen lagunduko du.

Zink-Aire piletan eta baterietan espezializatuta hasi zen bere industria-ibilbidea CEGASA Energia, eta, pixkanaka, teknologia berriak txertatu zituen, besteak beste, litio-ioizko bateriak. Prozesu hori indartu egin zen elektronikan eta ingeniaritzan garatutako gaitasun propioei esker, baita EVE munduko zelula-fabrikatzaile handienetako batekin lortutako akordio estrategikoaren bidez ere. Azken urteotan, konpainiak bere gaitasun industrial eta teknologikoak zabaltzen jarraitu du, energia-sektorearen behar berriei erantzuteko.

Energia-biltegiratzea trantsizio energetikoaren funtsezko ahalbidetzaileetako bat da: energia berriztagarri gehiago integratzea ahalbidetzen du horniduraren segurtasuna arriskuan jarri gabe, eta sistemaren deskarbonizazioan modu antolatu eta eraginkorrean aurrera egitea errazten du. Gainera, haren hedapenak gero eta babes handiagoa du Europar Batasunaren aldetik, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen eta sektorearen bideragarritasun ekonomikoa indartzen duten ordainsari-mekanismoen bidez.

Konpainiaren bilakaera-prozesu horrek nazioarteko presentzia gero eta handiagoa izan du lagun, baita aplikazio berrietan sartzea ere, hala nola itsas sektorerako energia-biltegiratzean. Horrela, konpainiak bere jarduera dibertsifikatzen eta merkatu eta behar desberdinetara egokitutako biltegiratze-soluzioak garatzen jarraitzen du. Sherpa Capitalek, 2015etik konpainiarekin batera lanean ari denak, zeregin garrantzitsua izan du bilakaera eta garapen horretan.

Eragiketa Impact Bridgeren eragin-tesian kokatzen da, trantsizio energetikoa eta gizarte-eragina uztartzen baititu. 2030erako ezarritako nazioarteko klima-helburuak lortzeko beharrezkoa izango den energia berriztagarrien gaitasun instalatuaren hazkundeak energia-biltegiratzearen premia nabarmen handituko du; gaur egun, trantsizio energetikoaren oztopo nagusietako bat da, eta sistema elektrikoaren independentzia eta egonkortasuna indartzeko funtsezko elementua. Horri gehitu behar zaio eragiketaren gizarte-dimentsioa eta lurralde-errotzea: CEGASA Energiak Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten du, eta kalitate handiko industria-enplegua sortzen du, bere I+G gaitasun propioetan oinarrituta eta unibertsitate zein ikerketa-zentroekin lankidetzan arituz etengabeko bilakaeran dagoen sektore batean abangoardian mantentzeko. Eragiketa honek esanahi berezia du “IB Deuda Impacto España” funtsarentzat; haren inbertitzaileen artean euskal erakunde erreferenteak daude, hala nola Kutxabank, Elkarkidetza eta Itzarri. Izan ere, CEGASA Energia bezalako Euskal Herriko industria-enpresa bati laguntzeak lurraldeko aurrezkia trantsizio energetikora eta gizarte-eraginera bideratzea dakar.

Finantzaketa honen bidez, Impact Bridgek, Sherpak eta CEGASA Energiak eragin sozialeko inbertsioa eta Europako manufaktura-industria uztartzen dituzte, energia-biltegiratzea bezalako gaitasun estrategikoa azkartzeko, Espainiatik eta Europako balio-kate baten bidez.

Impact Bridgeren Managing Partner eta “IB Deuda Impacto España” funtsaren arduradun den María Samoilovak adierazi duenez, «energia-biltegiratzea funtsezko tresna da sistema elektrikoa deskarbonizatzeko eta trantsizio eraginkorra sustatzeko. Bereziki garrantzitsua da guretzat baterien fabrikazioko Europako balio-katea indartzen duen enpresa bati laguntzea, Espainiako zigilu propioa duen produktuarekin eta funtsaren helburuekin guztiz lerrokatutako ingurumen- eta gizarte-balioekin. Energia-trantsizioari egiten zaion ekarpen hori CEGASAk Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen duen gizarte- eta lurralde-eraginarekin uztartzeak argi eta garbi islatzen du Impact Bridgetik babestu nahi dugun proiektu-mota».

Bestalde, Iñigo Atutxa CEGASA Energiako CEOak honako hau adierazi du: «CEGASAn argi dugu energia-biltegiratzearen etorkizunak Europako gaitasun industrialak indartzea ere eskatzen duela. Espainiatik hazten jarraitu nahi dugu, nazioarteko merkatuetarako irtenbide lehiakorrak garatuz eta fabrikatuz, eta sektore estrategiko baten aukerei aurre egiteko gaitasun propioa sendotuz. Impact Bridgeren eta Sherparen babesa bultzada handia da enpresa lehiakor bat eraikitzen jarraitzeko eta gero eta sendoagoa den Europako energia-biltegiratze industriaren garapenean laguntzeko».

Partekatu

Beste berri batzuk