‘Bihotza Sariak Aintzatespenek’ zortzi enpresa eta erakunde aintzatetsi dituzte laugarren edizioan
• Saridunak Bizkaiko Teknologia Elkartegia, Bilboko El Corte Inglés, Herri Irratia, San Prudentzio Lan Fundazioa, Euskadiko Kutxa, Metro Bilbao, Lur Batuak eta Bizkaiko Gurutze Gorria izan dira.
• Ramón Bustamantek, Herri Irratiko esatariak gidatu duen ekitaldian Juanan Arrietak, Lan Ekintza-Bilbaoko zuzendariak hartu du parte.
Maiatzaren 27an banatu dira Bihotza Sariak – Prentsak Enpresa Bihozdunei egiten dizkien aintzatespenak. Sari horiek, prentsako eta komunikazioko profesional talde zabalak, azken urtean beraien jarduera etikaren, humanismoaren eta gizarte erantzukizunaren irizpideetan oinarrituz burutu duten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako enpresei, profesionalei eta erakundeei egiten dien jende aurreko aintzatespena dira.
‘Bihotza Berrikuntza’ saileko irabazlea Bizkaiko Teknologia Elkartegia izan da. Elkartegi aitzindaria da Espainiar estatuan, eta inguru iraunkorrean, bikaintasuneko enpresak, Unibertsitateak eta Ikerketa eta Teknologia Transferentziadun Zentroak biltzen dituen kokagune berritzailean dago. Teknologiaren aldetik aurreraturik dauden 215 enpresa, ikerketa eta garapen zentro dira, eta unibertsitateko sailekin batera, 7.330 lanpostu zuzen dituen Bizkaiko Teknologia Elkartegia eratzen dute. Elkartegia osatzen duten enpresen eta zentroen fakturazioa 2.317 milioi eurokoa izan da 2009. urtearen amaieran.
Berrikuntza da Parkeko enpresen ardatz nagusietakoa, izan ere, fakturazioaren %10 baino gehiago I+G-ra bideratzen baitute. Horrela, 2009. urtearen amaieran, I+G-ko 1.670 proiektu baino gehiago zituzten, Programa Ofizialek lagundutako 705 I+G-ko proiektu eta 225 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa I+G-n.
‘Bihotza Merkataritza’ saria Bilboko El Corte Inglési eman zaio. Duela denbora gutxi 41 urte bete dira inauguratu zenetik, Gran Vía kaleko edo Kale Nagusiko 9an, 30.000 m2rekin hasieran. Gaur egun, eta hainbat handitze lan egin eta gero, 66.000 m2ko azalera du. Halaber, 1995ean, eskaintza zabaldu egin zuen, Ertzilla 24ko dendarekin eta 2001ean Kale Nagusia 20ko dendarekin. Horri guztiari, Taldearen beste zenbait ikur gehitu behar zaizkio, Bidaia Agentziak, Sfera edo Sephora, batez ere.
Bilakaera horren ondorioz, El Corte Inglés Taldeak 2.500 lanpostu zuzen baino gehiago ditu Bizkaian, eta esan behar da langile horien artean gero eta handiagoa dela urritasunak dituztenen ehunekoa.
Azken 40 urte hauetan, El Corte Inglesek hainbat ekimen bultzatu ditu, kirolarekin zein kulturarekin eta aisiarekin erlazionaturiko ekimenak, enpresa munduarekin izan duen inplikazioa ahaztu gabe, Merkataritza Ganbararen eta merkataritza alorreko elkarte mugimenduaren bitartez.
‘Bihotza Komunikazioa’ sailean, epaimahaiak, Bizkairako eta Bizkairen alde irratia egiten 50 urte daramatzan Bilboko Herri Irratia saritu du. Betidanik, beste irratiek eman izan duten programaziotik zerbait berezia eskaini du, eta bertan entzulea izan da garrantzitsuena, eta gaur egun ere horrela da, eta informazioa emateko orduan ez da egon inoren interesen mende, zehaztasunak eta egiak agindu du. Hitzari eskainitako irratia da, publizitatearen bitartez finantzatua, eta berrogeita hamar mila entzulek baino gehiagok osatutako entzule talde leiala du. Erreferentziazko irratia izan zen Francoren diktaduraren urte gogorrenetan, bere programazioan euskara erabili zuen lehena, eta Athletic-en norgehiagokak entzuteko entzule gehienek aukeratu dutena. “Lehoi zurigorriek” gol bat sartzen duten bakoitzean “bacalao” oihu ezaguna sortu eta zabaldu zuen.
Bere elkartasunezko ekimenak direla eta edo Enpresako Gizarte Erantzukizuna (EGE-RSE) aplikatzeagatik lan azpimarragarria egin duen enpresa, erakundea, elkartea edo ekimena saritzen duen ‘Bihotza Solidarioa’ atalari dagokionez, sariduna San Prudentzio Lan Fundazioa izan da, bere Titularren eta Onuradunen ongizatea eta horien eta bertako kide diren enpresen gizarte garapena helburu dituen irabaz asmorik gabeko erakundea. Gaur egun, 35.000 langile inguru biltzen dituzten 408 enpresa dira Fundazioko kide. Fundazioak zenbait jarduera burutzen ditu, langile horien eta euren familien onerako. Horrela, esan daiteke 100.000 onuradun inguru dituela.
Fundazioaren Misioa, fundazioko kide diren enpresetako gizarte eta lan eremuan Enpresako Gizarte Erantzukizuna bultzatzeko tresna eraginkorra izatea da, langileen eta enpresen arteko topaleku izanik, horrela langileen eta euren familien ongizateari, eta baita inguruaren gizarte garapenari, lagunduz, enpresek era zuzenean, arduratsuan eta borondatezkoan, euren langileentzat burutu nahi dituzten jarduerak eta zerbitzuak bideratuz.
‘Bihotza Enpresa Hazkundea’ saria Euskadiko Kutxari eman zaio, 50. urteurrena bete duen urte honetan. Euskadiko Kutxa kreditu kooperatiba da, eta bere helburu nagusia bere bazkideen eta bezeroen finantza beharrak betetzea da. Kooperatibaren lanean, kudeaketaren eta zerbitzuaren kalitatea lehiakortasunerako bereizgarria da. Estatu osoan banatutako 394 bulegok eta 1.974 bazkide langilek osatutako finantza sarea du. Horrez gain, Nazioarteko FITCH Rating Agentziak, Euskadiko Kutxari emandako A+ rating-ari eutsi dio. Horrek adierazten du erakundeak interesak eta kapitala ordaintzeko ahalmen handia duela. Kalifikazio horrek adierazten du Euskadiko Kutxa Estatu osoan kaudimen gehien duen 10 erakundeetakoa dela. Euskadiko Kutxaren Gaztenpresa Fundazioak 328 enpresa berri eta 510 lanpostu berri sortzen eta garatzen lagundu zuen 2009an, Euskadin eta Nafarroan.
‘Bihotza Berdintasuna’ aintzatespena Metro Bilbaori eman zaio. Sozietate hori izan zen Bizkaiko Foru Aldundiaren Berdintasunerako Parekatuz sarearekin eta Optima programarekin, Emakundek sustatutako ekintza positiborako planarekin bat egin zuen lehenenegoetako. Enpresa erreferente gisa, Metro Bilbaok hainbat eta hainbat ekimen burutzen ditu Berdintasunaren alorrean, eta ekimen horien bitartez trakzio efektua sortzen du, horrelako ekintzak jartzeko martxan bere inguruko beste enpresa batzuetan.
Ekintza horien barruan, bere komunikazio guztietan hizkuntza ez sexistaren erabilera dago; bazterkeria alde batera utzi du erabat langileen hautaketa prozesuan eta, horrez gain, familiako eta laneko bizitza bateragarria izan dadin neurri zabalak hartu ditu. Horrez gain, Emakumearen Nazioarteko Eguna eta Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna direla eta, informazio kartelak eta kanpainak jartzen ditu bere salmenta makinetan eta metroko geltokietako informazio euskarrietan, bezeroak kontzientziatzeko eta martxan jartzen diren ekimen publikoak eta pribatuak bultzatzeko.
Bihotz ekintzailea enpresa saritzeko ematen den ‘Bihotza Ekintzailetza’ aintzatespenak Lur Batuak enpresaren lana azpimarratu du. Enpresa hori 2004an sortu zen, Garbiñe Bellosoren eskutik. Garbiñek 22 urte baino ez zituen, BBK Gazte Lanbidean-i finantzaketa eskatu zionean enpresa muntatzeko. Larraurin (Mungia) dagoen Lur Batuak enpresak produktu ekologikoak egiten ditu, eta ondoren Bilboko Erriberako Merkatuan, Merkataritza Guneetan eta partikularren artean banatzen ditu. Bere produktuak kalitate kontrol zehatzen menpe burutu eta merkaturatzen dira, kontsumitzaileen osasuna zaintzen dute eta Ingurumena kontserbatzen laguntzen dute.
Azkenik, GESTION hilabetekariak, bere jarduera eta ibilbidea dela eta GKE edo Ongintzazko Erakunde baten lana aintzatesteko ematen duen ‘Bihotza Elkartasunezko GKE’ saria Bizkaiko Gurutze Gorriari eman dio aurten. Gurutze gorria, boluntarioen lanean oinarritzen den erakunde humanitarioa da, eta jarduera esparru zabala du: enplegua, toxikomanoak, haurrak, etorkinak eta errefuxiatuak, HIESa, laguntza eta larrialdiak… Boluntarioen lana da erakundearen zutabe nagusietakoa, eta Bizkaian 6.500 inguru dira erakundearekin lan egiten duten pertsonak. Halaber, Gurutze Gorriak Haitin martxan jarri duen laguntza kanpaina, Asia hegoaldeko tsunamiaren ondoren (2004) martxan jarritako operazio humanitario handiena izan da, eta herrialde bakar batean inoiz burutu den handiena.
GESTION hilabetekariak antolatzen dituen Bihotza Sariek laugarren edizioa bete dute. GESTION hilabetekaria ekonomiari eta enpresari buruzko argitalpena da, eta erakundeen kudeaketari, berrikuntzari, ekintzailetzari, Berdintasunari eta Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruzko informazioa zabaltzea da bere ezaugarri nagusia. Burualdea Bilbo Zaharreko bihotzetik argitaratzen da, Euskadiko eta Nafarroako enpresa eta erakunde guztietara heltzeko.
BIHOTZA Sariak 2010 Aintzatespenen laugarren edizio hau Lan Ekintza-Bilbaok eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute, eta HAMAHIRU komunikabideren laguntza eta partaidetza du. Honako hauek dira komunikabide horiek: Deia, Diario de Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias de Navarra, El Economista, Radio Euskadi, Canal Bizkaia, Canal Gasteiz, Gipuzkoa Telebista, Herri Irratia, La Ría del Ocio, eta Lanabesa eta GESTION hilabetekariak. Horrez gain, honako enpresa hauen laguntza ere badu: Unipost, Medioscom, Lankopi eta Bilboko Berreginen Museoa.