BINDek industriaren azken berrikuntza teknologikoak aurkeztuko ditu Demo Day 2024an, datorren ekainaren 27an
BINDen Demo Day erreferentziazko ekitaldia bihurtu da startupentzat, berrikuntzan adituak direnentzat, inbertitzaileentzat, ekintzailetza- eta berrikuntza-eragileentzat
Berrikuntza irekiaren aldeko urteroko hitzorduak 500 lagunetik gora bilduko ditu Bilboko Euskalduna Jauregian
Industria adimendunaren plataformaren ekimenetan parte hartzen duten startupek garatutako 30 proiektu disruptibo baino gehiago aurkeztuko dira aurten
Ekitaldian, Carlota Mateosek, ameslari, ekintzaile eta Rusticae-ren sortzaileak, hitzaldia emango du
BIND Industria Adimenduneko berrikuntza irekiko plataformak Demo Day 2024 urteroko ekitaldia egingo du datorren ekainaren 27an, Bilboko Euskalduna jauregian. Edizio honen ezaugarri nagusia Euskadiko industriaren eta sozietate publikoen etorkizuna markatzen ari diren soluzio teknologikoen protagonismoa da. Topaketan, BINDen ekimenetan parte hartu duten 25 startup baino gehiagok enpresa handiekin, ETEekin eta sozietate publikoekin lankidetzan garatutako 30 proiektu disruptibo baino gehiago aurkeztuko dira.
Zortzi edizioren ondoren, BIND Demo Day erreferentziazko ekitaldi bihurtu da startupentzat, berrikuntzan adituentzat, inbertitzaileentzat eta ekintzailetza eta berrikuntzako eragileentzat, urtero 500 parte-hartzaile inguru biltzen baititu. Azken topaketa honetan, berrikuntza-proiektu errealetan arrakastaz aplikatzen ari diren teknologiak aurkeztuko dira, enpresen, ETEen eta sozietate publikoen eraldaketa digitala bizkortzeko. Zehazki, BINDen hiru ekimenetako bat BIND GovTech da, sozietate publikoak startup disruptiboekin konektatzera zuzendua. Bi ediziotan parte-hartze handia izan ondoren, aurten saio paralelo bat izango du, ekosistemaren azken joerak eta arrakasta-kasuak aurkezteko.
BIND Demo Day 8. edizio honetan, gainera, Carlota Mateosek parte hartuko du, Rusticaeren sortzaile, mentore eta ekintzailetzan erreferenteak; hizlari nagusia izango da bera, berrikuntzari, digitalizazioaren erronkei eta ekintzailetzari buruzko topaketa honetan. Bestetik, networking jardunaldi bat eskainiko da Euskadiko ekintzailetzaren eta berrikuntzaren funtsezko eragileekin.
BIND Eusko Jaurlaritzak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen bitartez sortutako berrikuntza ireki publiko-pribatuko plataforma da. Startup disruptiboak enpresa handiekin, ETEekin eta sozietate publikoekin konektatzea du helburu, hiru ekimenekin: BIND, BIND SME eta GovTech. 2016an jarduera hasi zuenetik, 230 startup baino gehiago azeleratu dira eta 320 proiektu baino gehiago garatu dira, 9 milioi euroko fakturazioa gaindituz. Plataforma erreferente bihurtu da sektorean, industriaren eta enpresa-ehunaren digitalizazioari emandako laguntzagatik.