Euskadik Terapia Aurreratuen Biofabrikazioko HUB bat bultzatu du, industria-ahalmena handitzeko eta Europan erreferente izateko

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Basque Health Clusterrek, VIVEbiotech, Viralgen, Histocell, BTI, TAAV, Artis BioSolutions eta Bexen Medical enpresekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, bioteknologiaren eta terapia aurreratuen biofabrikazioaren arloan Euskadiren industria-ahalmena indartu eta handitzeko HUB bat bultzatu du, garapenerako, industrializaziorako eta fabrikaziorako gaitasunak elkartuz

Euskadik gaitasun enpresarial, zientifiko, teknologiko eta industrialak ditu Europa mailan bioteknologiaren eta biofabrikazio aurreratuen esparruan jokatzen ari den lehia berrian paper garrantzitsua jokatzeko. Gaitasun horiek elkartu, industria-ahalmena handitu eta nazioartean ezagutarazteko asmoz, Basque Health Clusterrek, VIVEbiotech, Viralgen, Histocell, BTI, TAAV, Artis BioSolutions eta Bexen Medical enpresekin batera, Terapia Aurreratuen Biofabrikazioko Euskal HUBa aurkeztu du. Enpresa-ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren babesa du.

HUB honen helburua da Euskadin bildutako gaitasunak abantaila industrial eta lehiakor bihurtzea. Horretarako, euskal balio-katea are gehiago integratu nahi du, terapia aurreratuen garapenari ibilbide osoan laguntzeko: berrikuntzatik eta garapen teknologikotik hasi, eta industrializaziora, ekoizpen-eskala handitzera eta fabrikaziora arte. Era berean, enpresen lehiakortasuna indartu, elkarlaneko proiektuak sustatu eta nazioarteko inbertsioa, proiektuak eta talentua erakartzeko Euskadiren gaitasuna handitu nahi du.

Euskadik espezializazio handiko enpresak ditu terapia geniko eta zelularren, medikuntza birsortzailearen, biofabrikazioaren eta industria-ekoizpena garatu eta haren eskala handitzeko teknologien arloetan. Enpresa horiek nazioarteko merkatuetan garatzen dute beren jardueraren zati handi bat.

Idoia Muñoz Basque Health Clusterreko zuzendari nagusiak aurkezpenean adierazi duenez, “Europak aparteko gaitasun zientifikoa du, baina hurrengo erronka ezagutza hori industria bihurtzeko dugun gaitasunean oinarritzen da. Testuinguru honetan, Euskadik benetako aukera du, hemen badirelako egun batetik bestera nekez eraikitzen diren konpainiak, ezagutza, talentua eta fabrikazio-gaitasunak”.

Gaitasun espezializatuetatik balio-katera

HUBaren erronka nagusietako bat izango da Euskadin gaur egun dauden gaitasunak gero eta modu koordinatuagoan baliatzea.

Ekimena bultzatzen duten enpresek elkarren osagarri diren ezagutzak eta teknologiak eskaintzen dituzte, terapia aurreratuen garapenaren eta fabrikazioaren hainbat faseri aurre egiteko aukera ematen dutenak. Horiekin batera, jarduera horren inguruan hazten ari den hornitzaile espezializatuen sarea aipatu behar da.

Helburua da terapia horiek garatu eta industrializatzeko behar diren prozesuei gero eta gehiago erantzun ahal izatea euskal ekosistemaren beraren gaitasun espezializatuen bidez.

Balio-kate hori ez da HUBa hasieratik bultzatu duten enpresetara mugatzen bakarrik. Euskadin badira, halaber, zentro teknologikoak, osasun-ikerketako institutuak, unibertsitateak, osasun-sistemako eragileak eta bioteknologia nahiz industria arloko beste enpresa batzuk, kate horren mailak pixkanaka osatzen joan daitezkeenak.

Berrikuntza eskalatzeko erronka

Terapia aurreratu baten garapena ez da amaitzen haren ahalmen zientifikoa frogatzen denean. Industria-eskalara eramateko, beharrezkoak dira instalazio eta ekoizpen-prozesu espezializatuak, automatizazioa, araudiak ezarritako baldintzak betetzea, kalitate-sistemak, finantzaketa eta kualifikazio handiko profesionalak.

Horregatik, HUBak elkarlanean landuko ditu hainbat esparru: industrializazioa eta garapen berrien eskalatzea, ekoizpen-prozesuen automatizazioa eta hobetzea, talentu espezializatua erakartzea eta prestatzea, hazkundea finantzatzea eta fabrikazio-gaitasunak sendotzea, besteak beste.

Bikaintasun zientifiko eta teknologikotik gaitasun industrial handiagorantz aurrera egin nahi da, berrikuntza jarduera produktibo, lehiakor eta pazienteentzako irtenbide berri bihur dadin lagunduz.

“Gure abiapuntua ez da asmo teoriko hutsa. Euskadin badira dagoeneko biofabrikazioaren arlo oso espezializatuetan nazioartean lehiatzeko gai diren enpresak. Orain, gaitasun horiek elkartu nahi ditugu, hazten lagundu eta, guztiek, gure herrialdeko industria indartzeko duten garrantzia balioan jarri”, azaldu du Muñozek.

Aukera bat Europako testuinguru berrian

Ekimena Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak babesten du, ezagutzan intentsiboak diren industria-jarduerak indartzeko helburuarekin bat eginez; izan ere, jarduera horiek ahalmena dute jarduera ekonomikoa eta kualifikazio handiko enplegua sortzeko.

Industriaren eta Administrazioaren arteko lankidetzak aukera emango du sakonago aztertzeko zer baldintza behar diren gaitasun horiek Euskadin haz daitezen eta nazioartean duten posizioa sendotu dadin.

HUBa, beraz, bi xederekin sortu da: lehendik dauden industria-gaitasunak hazteko baldintzak indartzea eta gaitasun horiek elkarrekin proiektatzea Europara eta nazioarteko merkatuetara.

“Gaur ekimen hau bultzatzen dugun enpresetatik harago doan aukera baten aurrean gaude. Euskadirentzat estrategikoa izango den industria-ahalmena eraikitzeaz ari gara, Europak lehentasunezkotzat jo duen esparru batean. Baditugu enpresak, ezagutza, nazioarteko esperientzia eta itxura hartzen hasi den balio-katea. Horrek guztiak eskala handiagoa hartzea da orain erronka”, gaineratu du Idoia Muñozek.

Terapia Aurreratuen Biofabrikazioko Euskal HUBari buruz

Terapia Aurreratuen Biofabrikazioko Euskal HUBa Basque Health Clusterrek bultzatutako ekimena da, terapia aurreratuetan eta biofabrikazioan espezializatutako euskal enpresekin batera. Sektorearen industria-lehiakortasuna indartzeko, balio-kate osoan lankidetza sustatzeko, nazioartekotzea bultzatzeko eta Euskadi biofabrikazio aurreratuan Europako erreferentziazko ekosistema gisa kokatzen laguntzeko sortu da.

Partekatu

Beste berri batzuk