BioDonostia eta MJ Fox Foundation lankidetzan arituko dira ikerketa multinazional berri batean
- Pazienteen bilakaeran dauden bariazioak argitzeko markatzaileak zehaztea da Parkinson’s progression markers initiative ekimenaren xedea.
MJ Fox Foundation fundazioko Sohini Chowdhury eta Ken Marek kide gailenek Osasun Ikerketarako Institutua eta Donostia Unibertsitate Ospitalea oraintsu bisitatu dituzte PPMI ikerketaren xehetasunak azaltze aldera. Fundazioak berriki jarri du ikerketa martxan, Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologia-zerbitzuko langileak ekimenarekin batzeko asmoarekin.
Hain zuzen ere, gutxi gorabehera duela bi urtetik hona, Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologia-zerbitzuko Parkinson gaixotasun eta mugimendu-nahasmendurako taldeak parte hartzen du MJ Fox-en LRRK2 partzuergoan, aipatu genearen mutazioren bateko eramaileetan markatzaileak bilatzeko ahaleginetan. Horrela, gaixotasunaren hasiera zehaztu ahalko da eta horri esker gaixotasunaren garapena ekiditeko medikamentu neurobabesleak erabiltzeko aukera baloratuko da ere bai.
PPMI, Parkinson’s progression markers initiative, MJ Fox fundazioak 5 urterako abiarazi berri duen ikerketa multinazionala da. Bere helburu nagusia da odolean, likido zefalorrakideoan, irudi-probetan eta abarretan markatzaileak zehaztea, paziente batzuen eta besteen arteko bilakaeran hain garrantzitsuak diren bariazioak argitze aldera. Era berean, horren barruan sartzen dira gaixotasuna harrapatzeko arrisku handia duten banakoak, esaterako, LRRK2 genean mutazioak edo bestelako sintomak dituztenak, hala nola, usaimenik eza edo REM loaren portaera-nahasmendua.
Chowdhury-k eta Marek-ek Donostia Unibertsitate Ospitaleko neurologia zerbitzua eta Onkologikoa zentroko medikuntza nuklearreko zerbitzua –bertan “datscan”-ak gauzatzen dira– bisitatu ez ezik, BioDonostia Institutuko taldearekin ere bildu ziren.