Bioftalmik–ek sortu duen produktu berritzaileak ikuspena zeharo areagotuko omen du erretinaren kirurgia-prozeduretan
Pasa den maiatzaren 29an, Bioftalmikek eta Iñigo Corcostegui ICQO-ko doktoreak aurkeztutako proiektuak hirugarren saria eskuratu zuen Euretina Innovation Awards-etan.
EURETINA-k, Erretinaren Espezialisten Europako Elkarteak, 3.000 elkartekide baino gehiago eta mundu osoko enpresetako ordezkariak bildu zituen Londonen egindako ekitaldian. Ordurako, EURETINAk dagoeneko hautatua zuen proiektu hau, lehiaketan parte hartuko zuten 6 finalistetako bat izateko. Guztira, mundu osoko 100 proiektu berritzaile baino gehiago aurkeztu izan dira aurten.
Proiektuak ‘Use of custom designed poly (D,L-lactide-co-glycolide) microspheres for visualization during pars plana vitrectomy and other ophthalmic surgical procedures’ izena du, eta bitrektomiak egitean kirurgialariek ongi ikusteko dituzten zailtasunak murrizteko sortu zen. Begi-sarean egiten diren ebakuntza horiek hainbat patologia zuzentzeko egiten dira: hala nola erretina-askatzea, bitreoko odoljarioa edo makulako zuloa. Horregatik, ezin zehatzagoak behar dute izan, kirurgialaria bere bidetik ateraz gero, begietan kalte handia jasan baitezake pazienteak.
Bioftalmikek garatu duen biomateriala bitreoan bertan ezartzean, pazientearen begi-sarea garbi-garbi agertzen da pantailan. Sistema horri esker, ebakuntzak askoz seguruagoak dira, eta emaitza onak lortzeko aukera, are nabarmenagoa.
Biomaterial horrek ez dakar inolako kalterik, eta biodegradagarria ere bada. Eta mesede horiez gain, eragin farmakologikoa daukaten substantziak erabili beharrik ez izatea du alde produktu berritzaile honek.
Horrekin eskuratutako patentea ez ezik, Bioftalmikek dagoeneko bazituen beste lau, berak lortutakoak denak ere. Patente horiek guztiek eta Zientzia-ikerketarako Goi-kontseiluak (CSIC) onartutako beste batek hainbat produktu merkaturatzea ekarriko dute, hurrengo hileetan.
Lotutako estekak: http://www.eurotimes.org/gallery.asp?id=72157626684388371