Biokutxa eraikinaren lehen harria jarri zuten Donostiako Teknologi Elkartegian

Gipuzkoa

Inbiomed Fundazioa izango da Biokutxa eraikinaren lehen maizterra, eta nagusia gainera

 

Biokutxa eraikinaren lehen harria irailaren 22an jarri zen eta errealitate bat izango da Donostiako Teknologi Parkean, Arbide dorreen oinean, 2011ko urtearen bukaeran. Kutxaren helburua da, aurreikusitako 4,5 milioi euroko inbertsioarekin, azpiegitura berri hau izatea Kutxa-k medikuntzaren eta zientziaren ikerkuntza alorrean parte hartzen duen proiektu guztiak bultzatzeko eta koordinatzeko ardatz nagusia.

Inbiomed Fundazioa izango da Biokutxa eraikinaren lehen maizterra, eta nagusia gainera. Dirua irabazteko asmorik gabeko fundazio bat da, eta antolaketa-eredu berritzaile bat du. Inbiomed birsorkuntza-medikuntzaren zerbitzuan dagoen erakunde bat da, eta helburu nagusitzat du lortzen dituen emaitzak berehala aplikatzea minbiziak, Parkinson gaitzak edo infartuek jotako pertsonengan.

Biokutxa eraikina Joaquín Monteroren arkitektura-proiektu bat da, eta Amenabar eraikuntza-enpresak gauzatuko du. Guztira 2.800 metro koadro hartuko ditu, hiru solairutan eta Arbide dorreetako batean, eta honexekin lotuta geratuko da eraberritze-prozesu baten ondoren. Eraikinak instalazio modernoak edukiko ditu, ekipamendu abangoardiakoenak, eta 100 ikerlari baino gehiago hartuko ditu bere baitan. Hauek, horrenbestez, baldintzarik onenetan egin ahal izango dute lan, eta bertako zein Europa osoko ikerlari taldeekin harremanetan izango dira, uneoro.

Biokutxa eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldian Kutxaren lehendakari Xabier Iturbe izan zen buru, eta beste agintari eta gonbidatuen artean partaide izan ziren, halaber, Markel Olano Diputatu Nagusi, Batzar Nagusietako lehendakari Rafaela Romero, Inbiomed Fundazioaren presidente Gurutz Linazasoro eta Teknologi Parkeko zuzendari Lucio Hernando.

Linazasorok inguruko beste zentro eta enpresekin “sinergia”-ren aldeko apostua egin zuen eta 2015ean “birsortzeko medikuntzan nazioarteko erreferentzia zentro bat izango garela” ziurtatu zuen. Ildo honetik jarraituz, Aldun Nagusiak “lehentasuna duten bereiztasun arloak zehaztu beharra dagoela” eta baita “ arlo hauen inguruan agenteen egitura eta koordinazioa ere” azpimarratu zuen. Gainera, “biozientziek eritetxeen eta osasun sareari lotutako helburu oso garrantzitsua dutela” esan zuen. Bere aldetik, Kutxako presidentea pozik agertu zen eraikin berriarekin eta Biokutxak “Kutxaren ardats estrategiko gisa”, gaur egun Inbiomed-en lanean diharduten 40 ikertzaileei marku berri bat eskeintzen diela azpimarratu zuen.

 

Partekatu

Beste berri batzuk