Bizkaiko Teknologi Parkeak Espainiako 45 parke bildu ditu APTEren Batzar Orokorrean

Gipuzkoa

 

• Bizkaiko Teknologi Parkearen 25.urteurrena dela eta, antolatu da APTEren topaketa Bizkaiko Parkean.

 • Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteko kide diren 45etik gora parketako ordezkariak bildu dira Zamudion.

 • Elkarteak abian dituen egitasmoak aztertu eta hurrengo hilabeteetarako jardunen berri eman dute Batzar honetan.

 • Technopark Motorland kide bezala onartu du APTEk.

• Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea, Araba, Bizkaia eta Donostiako Teknologi Parkeak eta Garaia Berrikuntza Gunea APTEko kide dira.

• Juan Tomas Hernani, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko Idazkari Nagusiak eman dio amaiera Batzar Nagusiari.

 

Bizkaiko Teknologi Parkearen 25. urteurrena dela bide, Espainiako 45etik gora Parke Zientifiko eta Teknologikoetako 70 ordezkari inguru izan dira Bizkaiko Parkean, APTEren 2010.eko III. Batzar Orokorrean parte hartzen, besteak beste Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea, Araba, Bizkaia eta Donostiako Teknologi Parkeak eta Garaia Berrikuntza Gunea.

Francisco Berjon, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak lehen agurra egin ondoren, Batzar Orokorraren gaiei eutsi diete Elkarteko ordezkari eta kideek, Felipe Romera, APTEko presidentearen gidaritzapean:

  • Zientzia eta Berrikuntza, Industria, Turismo eta Merkataritza eta Berdintasun Ministerioekin dituzten egitasmoen garapena aztertu dute..
  • Teruelgo Technopark Motorland APTEko kide egin dute.
  • Hurrengo hilabeteetarako jardunen berri eman dute, hala nola VII. Triple Hélice Kongresua, Barcelona Meeting Point eta CONITEC Kongresua.

Batzar Orokorrari amaiera emateko, Juan Tomas Hernani, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusia hurbildu da Bizkaiko Teknologi Parkera.
Batzar Orokorra gaur izan bada ere, atzo APTEko Gobernantza, Teknologia Transferentzia, Nazioarteratzea eta Finantza Batzordeak bildu ziren, baita Zuzendaritza Batzordea ere, arlo hoietako gaiak eta egitasmoak aztertzeko. Lan-bilerez gain, APTEko ordezkariek BTEK, Teknologiaren Interpretazio Zentrua bisitatzeko aukera izan zuten, Bizkaiko Parkeak azken urteotan garatutako ekimenik garrantzitsuenetakoa, 11 milioi euroko inbertsioarekin. Joan den ekainaren 9an inauguratu zen BTEKen xedea, gazteei teknologia gerturatzea da, gazteen artean kultura zientifiko-teknologikoa sustatuz.

Honekin batera, APTEko ordezkari eta kideek Juan Goicolea, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologia Sailburuordearekin elkartzeko aukera ere izan zuten atzoko egunez. Bileran zehar, parke espainiarren ordezkariek Euskadiko Parkeak eredu bat izan direla azpimarratu zuten. Sailburuordeak bere aldetik, APTE “erakunde bizia eta hazteko aukera handiak dituena” dela esan zuen.

Bizkaiko Teknologi Parkearen 25. urteurrena

Bizkaiko Teknologi Parkearen datuak
Enpresa kopurua 217
Langile kopurua 7.330
Goi tituludunak %50
30 urtetik beherakoak %23
I+G langileak %24
Fakturazioa 2.317 milioi €
I+G gastua 225 milioi €

1985.urtean eratua, Bizkaiko Teknologi Parkeak 25 urte bete ditu aurten, bera izan zen Estatuan sortutako lehen teknologi parkea. Hasiera batetan Zamudioko udalerrian eratu zen Parkea, gaur egun Deriora hedatuta dago, guztira 213 hektarea dituelarik. Dena den, urte gutxiren buruan Bizkaiko Teknologi Parkeak campus berriak izango ditu, bata Abanto eta Ortuellan Ezkerraldeko egitasmoarekin eta bestea Leioan, UPV/EHUko Zientzia Parkearekin.

UPV/EHUko Zientzia Parkea proiektuaren garapenerako azken tramitea joan den uztailean burutu zen, Unibertsitateak Zientzia Parkea egiteko Leioako campuseko lurren kontsezioa Bizkaiko Teknologi Parkeari eman eta Unibertsitatea Teknologi Parkearen akziodun bilakatzean. 400 milioi euro inguruko inbertsio publiko/pribatua suposatuko duen azpiegitura berri honen eraikitze lanak urte amaieran abiaraziko dira, egoitzaren eraikuntzarekin. Bizkaiko Teknologi Parkeak abian ditu Zientzia Parkearen Urbanizazio lanak eta Egoitza-Eraikina egiteko lanak egikaritzeko esleipenak.

APTE – Asociación de Parques Científicos y Tecnológicos de España

APTEren datuak
Kide kopurua (Parkeak) 81
Enpresa kopurua 5.115
Langile kopurua 136.228
Goi tituludunak %50
I+G langileak %17
Fakturazioa 21.520 milioi €
I+G gastua 972 milioi €

Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartea 1988.urtean eratu zen 6 teknologi parkeren ekimenez, besteak beste Bizkaikoa. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta bere helburu nagusia honako hau da: garapen ekonomikoari, aurrerapen teknologikoari, eta ekoizpen jardunaren dibertsifikazio eta berritzeari bultzada ematea Parke Zientifiko eta Teknologikoen hedapen eta indartzearen bidez.

APTEk garatzen dituen jarduera ildoen artean, Parke Zientifiko eta Teknologikoen sustapen, garapen eta hedapena; Enpresa arteko lankidetza bultzatzea; eta enpresa eta I+Gko azpiegituren artean Teknologia eta ezagutzaren transferentzia sustatzea daude.

 

Partekatu

Beste berri batzuk