SPRIren Compite Ekimenak Programa sortu da euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzeko

Gipuzkoa

Euskal enpresen lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko bere helburua da

  • Programa honen helburua da euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko prozesuak bultzatzea lankidetza sareak ezarriz
  • SPRIk finantzaketa eskaintzen die bai proiektu indibidualei eta bai lankidetzan egindako enpresa proiektuei
  • Gainera, SPRIk diru-laguntzak emango dizkie bitarteko eragile gisa jarduten duten eskualdeko edo tokiko garapen agentziei enpresen lehiakortasun proiektuak dinamiza ditzaten.

SPRIk Compite-Ekimenak Programa abiarazi du, euskal enpresen lehiakortasunaren hobekuntza sustatzeko. SPRIren ekimen honekin kolaborazioak eta lankidetza sareak sortu nahi dira, enpresak mobilizatu daitezen eta lehiakortasuna hobetzeko prozesuak has ditzaten.

Alde batetik, SPRIk finantzaketa eskainiko die 10 langile baino gehiagoko euskal enpresei proiektu indibidualak edo lankidetza proiektuak gauzatu ditzaten, baldin eta proiektu horiek ondoko hauek lortzera bideratuta badaude: antolakundeetako lehiakortasuna hobetzea, berrikuntza sortzea, dibertsifikatzea eta merkatu berriak bilatzea. Eta, bestetik, enpresen lehiakortasun proiektuak dinamizatuko dituzten bitarteko eragileak ere finantzatuko ditu.

Compite-Ekimenak programa izen bereko Planaren barruan sartzen da. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ekimen honek lehiakortasun konponbideak proposatzen dizkie euskal enpresei eta laguntza ematen die krisi ekonomikoa amaitzean posizio onean egon dezaten.

Proiektu motak

Compite-Ekimenak programak diruz laguntzen ditu enpresen proiektu indibidualak eta baita ere lankidetzan egindako proiektuak. Proiektu indibidualei dagokienean, gastuen %50erainoko laguntzak emango dira, gehienez ere 75.000 euro onuradun eta urte bakoitzeko. Lankidetzan egindako proiektuetan, gastuen %60rainoko laguntzak emango dira; gehienez ere 90.000 euro esleituko dira onuradun eta urte bakoitzeko eta guztira 250.000 euro jaso ahal izango ditu proiektu osoak.

Eskaerak aurkezteko epea dagoeneko zabalik dago eta 2010eko abenduaren 31n amaituko da, aurrekontuan esleitutako funtsak lehenago amaitzen ez badira.

Bitarteko Eragileak

SPRIren Compite-Ekimenak programak lehiakortasuneko bitarteko eragileek (eskualdeko edo tokiko Garapen Agentziek, edota ekonomi eta enpresa sustapeneko organismoek) garatutako dinamizazio jarduerak ere finantzatuko ditu. Bitarteko eragileen helburua izango da ahalik eta enpresa gehienei laguntzea Compite-Ekimenak Programan sartzen.

Hauek dira ekimen honetan sartzen diren bitarteko eragileen jarduerak: antena teknologikoak edo lehiakortasunaren hobekuntzaren jarraipena egiteko antenak ezartzea; hornitzaileen lehiakortasun sareak sortzea edo sendotzea; lehiakortasun diagnostikoak eta lehiakortasuna hobetzeko planak egitea mikroenpresetan (3-10 langile artean) eta, azkenik, enpresen lehiakortasunaren inguruan sentsibilizatzeko eta hausnartzeko jardunaldiak antolatzea.

Partekatu

Beste berri batzuk