Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Batxilergoko 100 ikasle baino gehiago bildu ditu gaur zientziaren eta teknologiaren esparruan generoaren arrailari aurre egiteko
APTErekin eta Emakunderekin elkarlanean Parkeen Sare osoan antolatutako “Zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik” jardunaldiaren helburua da bigarren hezkuntzan zientzia edo teknologia espezialitatea hautatzen duten emakumezko ikasleen ehunekoa handitzea.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak “Zientzia eta teknologia emakumeen ikuspegitik” jardunaldian parte hartu duten Begoñazpi ikastolako 100 ikasle baino gehiago jaso ditu. Ekimenaren helburua bigarren hezkuntzan zientzia edo teknologia espezialitatea hautatzen duten emakumezko ikasleen ehunekoa handitzea da. Emakunderekin eta APTErekin (Espainiako Parke Teknologikoen Elkartea) elkarlanean antolatuta.
Programa DBHko 1. mailatik 3. mailara arteko ikasleei zuzenduta dago eta parke teknologikoko emakumezko ikerlariekin egindako hitzaldi-solasaldiak, arlo berritzaile batzuen (robotika, energia berriztagarriak edo nanoteknologia, adibidez) inguruko tailer praktikoak, erronkak eta erakusketak biltzen ditu.
Gizartera zientzia eta teknologia hurbiltzeko, arlo horretan emakumeen rola babesteko eta zabaltzeko, eta gazteenen artean bokazio zientifiko-teknologikoak zabaltzeko eta ahalbidetzeko Euskadiko parke Teknologikoen Saretik garatzen ari diren Plan Estrategikoko ekintzen planetan sartuta dago ekimena.
Jardunaldiaren irekieran, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiak, Itziar Epalzak, honako hau azpimarratu du: “esparru horietan emakumeak bultzatzen eta lanean jarraitu beharra dago; izan ere, emakumeek ikerketako lanpostu zientifikoen % 28 bakarrik betetzen dute”. Epalzak, bestalde, gai hauek ere hizpide izan ditu: laneko eta soldata arloko diskriminazioa, emakumeek erantzukizuneko postuetara iristeko garaian dituzten zailtasunak eta “aurrera jarraitzeko elkarrekin ahaleginak egiteko beharra”. Parkeen Sareko zuzendari nagusiak gogorarazi duenez, Parkeen Sarearen “Plan Estrategikoak” berdintasunarekin lotuta egiten den lana sendotzeko ekintzak jasotzen ditu.
Solasaldia emakumezko ikerlariekin, tailerrak eta erronka bat
Jardunaldiaren hasieran, hitzaldi-solasaldia izan da eta Arabako Parkean dauden enpresetan lan egiten duten emakumezko lau ikerlarik hartu dute parte: CIC bioGUNE enpresako María del Mar Vivancoek, DYNAKIN enpresako Mónica Rodriguezek, eta BCAM Elena Akhmatskayek. Solasaldi horretan bildu diren ehun ikasle baino gehiagoren aurrean, ikerketa-munduan izan dituzten esperientziak eta lana garatzeko garaian topatu dituzten zailtasunak azaldu dituzte, baina, batez ere, baikortasun-mezua bidali nahi izan dute: “lanarekin eta dedikazioarekin, helburuak lor daitezke”. Ikasleek ikerlariei galderak egiteko aukera ere izan dute.
Jardunaldiarekin aurrera jarraituta, nanoteknologiako eta energia berriztagarrien (hidrogenoa) tailerrak eta “Proposamen berritzaileak 2020ko Europako erronketarako” lehiaketaren aurkezpena izan dituzte. Horren guztiaren helburua izan da parke zientifiko eta teknologikoetan hobetu beharreko alderdiak ikasleei aurkeztea eta horiek konpondu ahal izateko erabilgarriak izan daitezkeen proposamenak egiteko gai izatea. Arazo horiek 2020ko Europako estrategian identifikatutako Europar Batasuneko erronka sozialekin lotuta egon beharko dute (ikerketa eta berrikuntza, klima-aldaketa, energia-jasangarritasuna…).
Gainera, neskek beste lehiaketa batean parte hartzeko aukera izango dute eta, zehatzago esanda, Instagram sare sozialaren bidez. Horretarako, mundua nola aldarazi nahi duten azalduz, sormen-argazki bat igo beharko dute #STEMfemenino traolarekin eta @cytfemenino profila aipatuz. Lehiaketa parte hartu nahi duten emakumezko gazte guztiei irekita egongo da (ekitaldira joandakoei zein joan ez direnei).
“Mundua aldarazi zuten emakumeak” erakusketa
Agenda osatzeko, “Mundua aldarazi zuten emakumeak” erakusketara bisita egin dute. Zientzian eta teknologian erreferenteak izan diren emakumeak nagusi dituen 10 paneleko erakusketa da: aitzindarietatik hasi eta gaur egungo ikerlariak arte. Haietako batzuk, gainera, parke teknologikoan proiektu esanguratsuak zuzentzen ari direnak dira.