Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Innovanet Sareko Bizkaiko lurralde-nodoari bultzada berria eman dio
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Innovanet Sareko Bizkaiko lurralde-nodoaren berrabiaraztea bultzatu du, ekainaren 23an Parkeko egoitzan (Zamudio) izandako jardunaldian.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, pasa den maiatzetik, Sareko lurralde-nodoaren idazkaritza teknikoaren koordinatzailea da, eta bere egiteko nagusia lurralde honetan hura dinamizatu eta sustatzea da. Horretarako, lurraldeko berrikuntza-eragileen arteko lankidetza eta elkarrekintza erraztuko ditu, Gipuzkoa eta Arabako lurralde-nodoekin koordinazioa mantenduta, SPRI-Eusko Jaurlaritzaren idazkaritza teknikoaren bidez.
Gauzak horrela, ekainaren 23ko topaketa helburu horretara bideratutako nodoaren lehendabiziko ekitaldi publikoa izan zen, eta Gipuzkoa eta Araban egindakoen osteko azkena. Aipatu topaketak aurrerago egingo diren hainbat ekintzei bide emango die, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak, Tecnaliaren laguntza teknikoarekin, garatuko duen gida-planaren baitan gauzatuko direnak. Tecnalia Innovanet Sarea sortu zenetik haren garapenarekin hertsiki lotuta dagoen erakundea da.
Plan hori SPRIrekin batera landuko da, Idazkaritza Nagusi Teknikoaren koordinatzailea den aldetik, eta beste lurralde-nodo biekin lankidetzan arituta, azken hauek Bic Gipuzkoa Berrilan eta CEIA zentroen gidaritzapean egonik. Planak, datozen urteetako garapenera begira, Sarearen misioa eta helburuak kualitatiboki islatu beharko ditu, bere azpiegitura, egitekoa, helburuak eta zerbitzu-katalogoa berriro definituz. Era berean, Innovanet Sarearen helburu orokor eta zehatzak gainbegiratu beharko ditu, baita horiek indarrean ote dauden eta egokitzapenik behar duten ala ez ere. Bestalde, Sareak bere “kideei” eskainiko dizkien zerbitzuen eta jardueren katalogoa deskribatu beharko du. Honako hauek dira kidetzat hartzen direnak: Sarera atxikitakoak, Lurralde Nodoak, berrikuntza-eragileak, eta abar. Innovanet Sareak eskaintzen dituen zerbitzuetara sarbidea izango duten organizazio eta erakundeen profila ere zehaztu beharko du.
Sarea dinamizatzeko gida-plana idazteaz gain, Parkeak baditu beste zeregin batzuk, besteak beste:
- • Sarearenak diren ekimenetan lagundu eta haien antolaketan parte hartzea.
- • Koordinazio- eta dinamizazio-lanak.
- • Hedapen-ekintzetan (albisteak, ekitaldiak, eta abar) laguntzea.
Bizkaian Sarea berrabiarazteko jardunaldian Xabier Sabalzak, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Informazio Teknologien Zuzendariak, hartu zuen parte, eta Orchestra eta SPRIko kideekin batera Sarea aurkeztu zuen. Aipatutakoez gain, lehiakortasunarekin zerikusia duten bitarteko eragileen 40tik gora ordezkari ere jardunaldian aritu ziren: tokiko garapen agentziak, LH zentroak, clusterrak, zentro teknologikoak, ikastetxe profesionalak, Merkataritza Ganbera, BEAZ, Bai, eta abar.
Jardunaldia bukatzeko, “world café” bat egon zen, eta, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzera zuzenduta dagoen sare baten eragileak diren aldetik, haiek dauzkaten aukerei buruzko iritziak jaso ziren bertan. Jardunaldi horren konklusio nagusienak zera dira: eragileak gogotsu azaldu zirela ekimen honekin elkarlanean aritzeko, haien eskarmentua eta enpresaren ezagutza zuzenaren ekarpena eginez; aldi berean, ingurua hobeto ezagutzea eta beste eragile eta erakunde batzuetatik laguntza eta lankidetza gehiago jasotzea espero dutela.
InnovaNET Sarea
InnovaNET Sarea 2006an asmatu eta 2007ko maiatzean jarri zen abian, Euskadin berrikuntzaren sustapenaren esparruan jarduten duten eragileentzako bilgunea izatea izanik helburu nagusia. Euskadiko enpresa-esparruan berrikuntzaren sustatze-lanetan jarduten duten instituzio eta (irabazi asmorik gabeko) tokiko erakundeek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, hiru Foru Aldundiak, Confebask, Eusko Ganberak, SPRI eta Garapen. Sarearen helburu zehatzak hauek dira:
- • Gogoetak, diagnostikoak eta esperientziak partekatu.
- • Enpresei igorri beharreko mezuak adostu.
- • Instituzio eta erakunde bakoitzaren plangintza eta tresnei buruzko informazioa partekatu.
- • Berrikuntzaren eremuko zenbait ekimenen kudeaketa partekatu.
- • Sareko kideen prestakuntza erraztea.
- • Berrikuntzari buruzko informazio- eta prestakuntza-jardunaldiak antolatzea enpresentzat.