BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroak 5 urte bete ditu bisitari gehiagorekin

Bizkaia

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko 602 eraikin enblematikoan kokatzen da BTEK

P bóvedaBizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko instalazioetan dagoen Teknologiaren Interpretazio Zentroak (BTEK) bosgarren urteurrena ospatu du; gainera, urteko lehen seihilekoan jaso dituen bisita-kopurua %17 areagotu da. 2010ean ireki zituen ateak BTEKek, publiko guztientzako zientzia eta teknologiaren topagune izateko, baina, batez ere, gazteenen artean bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzeko.

Parkeko 602 eraikin enblematikoan kokatzen den zentroak hainbat sari eta nazioko zein nazioarteko aitorpen jaso ditu.

Bere ibilbidearen bost urteotan BTEKek 15.000 bisitari baino gehiago izan ditu. Gehienak Euskadikoak, baina baita estatutik edo nazioartetik etorritakoak ere. 2015eko lehen seihilekoan, hitzartutako bisita kopuruak %17 egin du gora aurreko urteko epealdi berberarekin alderatuta. Hortaz, bere garaian Bizkaiko Parkeak egindako apustua berretsi da.

Teknologiaren Interpretazio Zentroaren barrualdean, bisitaria modu erraz eta erakargarrian murgiltzen da itxuraz konplexua den eta gizartetik urrunduta dagoen mundu batean. Halere, BTEK osatzen duten moduluei esker, I+G+Bn diharduten euskal enpresa eta zentroen lorpen zientifiko-teknologikoetako batzuk ezagut daitezke. Bisitaldi gidatu eta tailerren bidez ikusleak hobeto ulertzen du teknologiaren egunerokotasuna, eta horrek irizpide zientifikoagoa osatzen laguntzen dio.

Etorkizuneko ekintzak

Hazten jarraitzeko ahaleginarekin eta 2014ko eta 2015eko “Gaztedi Planaren” esperientzia arrakastatsuaren ondoren, Kutxabank erakundearekin lanean ari dira 2015-16ko ekitaldian bisita-programa berria eskaintzeko. Hala, norbanakoak BTEKera hurbildu ahalko dira talderik osatu beharrik gabe. Hileko hirugarren larunbatean egingo dira bisitak, eskolako udako oporraldian barne.

Berriki, hidrogenoaren teknologiei buruzko modulu eta tailer praktikoa abiarazi da, ZERO-HYTECHPARK proiektu europarrarekin lankidetzan. Nanomaterialen gaineko tailerra ere sortu da, robotika eta energia berriztagarriak jorratzeko jada daudenei gehitzen zaiena.

Informazio gehiago: www.btek.org – Telefonoa: 944039500 – Posta elektronikoa: btek@btek.org

Partekatu

Beste berri batzuk