Campus Zamudio/Derio musikaz, sariz eta aire zabaleko aisialdiz gozatzeko jardunaldia, “Parkea Musik Fest”en 15. edizioarekin
Campus Zamudio/Derio eraikin nagusiaren kanpoaldea topagune bihurtu zen ostegun honetan, “Parkea Musik Fest” ekimenaren edizio berri baten ospakizunarekin. Ekitaldiak berriro ere Parkeko enpresetako profesionalak biltzen dituzten hiru musika-talderen emanaldiak eskaini zituen, eta BeParke Klubaren “Enpresen Ligaren” lehen edizioko sari-banaketa ere hartu zuen bere baitan.
BeParke Klubaren baitan antolatutako “Parkea Musik Fest”en hamabosgarren edizioak berriro erakutsi zuen lan-esparrutik harago esperientziak partekatzea aukera bikaina dela lankideen arteko harremanak sendotzeko, lotura berriak sortzeko eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko giro hurbil, parte-hartzaile eta atseginean.
Zuzeneko musikak berriz ere protagonismo nagusia izan zuen jardunaldian –oraingoan aire zabaleko kokaleku paregabe batean– Euskadiko Parke Teknologikoan kokatutako enpresetako profesionalen talentuari esker. Oholtzara igo ziren Taykus, Ivan Lodeiroren izen artistikoa; ITP Aeroko piezen ikuskatzailea da eta musika elektronikoko saio bat eskaini zuen. Halaber, El Mentón pop-rock taldea aritu zen, Gorka Álvarezek gidatua; Txanogorritxu haur-eskolako arduraduna da, eta datorren irailean zabalduko ditu ateak Campus Zamudio/Derion. Azkenik, Bitter Bites rock klasikoko taldeak ere emanaldia eskaini zuen; bertan parte hartzen du Begoña Cuetok, Zucchettiko SAT zerbitzuko teknikariak, enpresentzako softwarean espezializatuak.



Musika-emanaldiez gain, bertaratutakoek zozketak, deskontu bereziak eta aurtengo berrikuntza nagusietako batez gozatzeko aukera izan zuten: Parkea Musik Festeko lehen mahai-futbol txapelketa. Ekimenak parte-hartze handia izan zuen eta egun osoan zehar jai-giroa eta lankidetasuna sustatzen lagundu zuen.






Ekitaldia, gainera, BeParke Klubaren Enpresen Ligaren lehen edizioko enpresa irabazleei sariak emateko eszenatokia izan zen. Parte-hartze handia izan duen lehiaketa honetan talde guztien arteko parekotasuna izan da nagusi, sailkapena azken jardunaldietara arte oso estu mantenduz. Amaiera lehiatu horrek agerian utzi ditu parte hartu duten enpresa guztien konpromisoa, ahalegina eta talde-espiritua.
Azkenaldian egindako ekitaldien ondoren —Crossfit, Escape Room eta 3×3 Saskibaloia—, honela geratu da behin betiko sailkapena:
- Enpresa Txikiaren irabazlea: Proquinorte
- Enpresa Ertainaren irabazlea: Grupo Arania
- Enpresa Handiaren irabazlea: Ingeteam
Hiru enpresetako ordezkariek jaso zituzten euren sariak, eta ekitaldian Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Mikel Jauregi, ere izan zen. Sailburuak pertsona irabazleak zoriontzeko aukera izan zuen.
Hamabost edizio eta gorantz
“Parkearentzako erronka bat” ekimenaren baitan sortua, “Parkea Musik Fest” BeParke Klubaren jarduera adierazgarrienetako bat bihurtu da urte hauetan. Aisialdia partekatzeko, Parke ekosistema osatzen duten pertsonen talentua ezagutzeko eta gero eta konektatuago dagoen komunitate bateko kide izatearen sentimendua indartzeko gune berezia eskaintzen du.
Hamaseigarren edizioa Campus Donostian egingo da, aurreikuspenen arabera urriaren lehen hamabostaldian.
