CIC biomaGUNE Espainiako irudi molekularreko unitate indartsuena martxan jartzeko azken lanetan ari da

Gipuzkoa

 

Espainiako Irudi Molekularreko Unitate indartsuena martxan jartzeko azken lanetan ari da

 

CIC biomaGUNE Biomaterialen Ikerketa Kooperatiboko Zentroa Irudi Molekularreko Unitate berria martxan jartzeko azken lanetan ari da, organismo eskudunek funtzionamendurako behin betiko baimena eman zain dagoen bitartean. Unitate hori 2010eko lehen hiruhilekoan inauguratzea espero dute, eta ekipamendu ugari edukiko ditu, besteak beste, partikula azeleragailua (ziklotroia) eta Irudiak Erresonantzia Magnetiko bidez jasotzeko ekipoa, biak ere Espainiako aurreratuenak izango direlarik.

Gaitasun handiko ekipoak dira, ikertzaileek xehetasun eta zehaztasun handiagoz ikus baitezakete gorputzaren barnealdea, zatirik trinkoenak edo ehun bigunak. Unitate horrekin, CIC biomaGUNEk indartu egingo du biomedikuntzaren ikerketarako duen gaitasuna: diziplina anitzeko proiektuak garatuko ditu zenbait gaixotasun eragiten dituzten aldaketa fisiologikoak aztertzeko, tratamendu desberdinei ematen zaizkien erantzunak ebaluatzeko edota irudi bidezko diagnostikorako sistema berriak edo farmakoak garatzeko.

Irudi teknika desberdinak (ez-erasokorrak guztiak) konbinatuko dira esparru preklinikoan eta aurrerapen garrantzitsuak lortuko dira diagnostikoan eta zenbait patologiaren tratamenduan, esaterako, Alzheimer, Parkinson, iskemia edo minbizi kasuetan. CIC biomaGUNE zentroko arduradunek azaldu dute giza gorputzaren ezaugarri morfologikoak eta ezaugarri horiek abiapuntutzat hartuta izan ditzaketen patologiak ikertzen dituzten irudi teknika berri edo hobetuek azterketa prekliniko sakonak behar dituztela eremu magnetiko handiko ekipoekin, etorkizunean pertsonekin erabili baino lehen.

Ekipo eta langile espezializatuak toki berean kontzentratzeak lehiarako abantaila eskaintzen du, zeren, arduradunek azaldu dutenez, “alderdi biologiko desberdinak landu baitaitezke eskura dauden irudi teknika guztiak konbinatuz eta adituen parte-hartze interaktiboa sustatu baitaiteke tradizionalki bereizirik egon diren ezagutza eremu anitzetan”.

Ikerketa preklinikoan erabiltzeaz gain, ekipamendu honi esker erradiofarmakoak fabrikatu ahal izango dira euskal osasun sarea eta inguruko komunitateak hornitzeko, irudi bidezko diagnostikorako frogak egin daitezen hainbat ospitaletan.

CIC biomaGUNEko Irudi Molekularreko Unitatea egiteko 12 milioi euro inbertitu dira eta Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu dute. Ekipamendu hori Azpiegitura Zientifiko eta Teknologiko Singularren (AZTS) Mapako bakarra da Euskadin.

Partekatu

Beste berri batzuk