Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro bideratuko ditu Merkataritza Sektorea dinamizatzeko

Bizkaia

Eusko Jaurlaritzak 6 milioi euro esleitu ditu 2010. urtea baino lehen autonomia-erkidegoan merkataritzaren sektorea dinamizatu eta biziberritzeko. Neurri horien arteko gehienak ‘+Euskadi 09’ ekimenean bilduta daude, irailaren 8an (asteartea) Jaurlaritzaren Kontseiluak onarturiko ekimenean, eta hainbat norabide jorratzen dituzte: hiri-inguruneak dinamizatzea; merkataritzaren sektorean, ostalaritzan eta jatetxeen arloan kontratazioa sustatzea; altzariak erosteko laguntza; komunikazio-kanpaina bat kontsumitzaileen konfiantza-indizea hobetzeko; eta beste kanpaina bat saltokietan kalitatea sustatzeko bezeroaren arretari dagokionez.

• Hiri-inguruneak dinamizatzea. ‘+Euskadi 09’ ekimenean bildutako kanpaina dugu, Kultura Sailak (500.000 euroko ekarpenaren bidez) eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak (300.000 euroko partidaren bidez) garaturikoa. Guztira, 800.000 euro hiri-inguruneak dinamizatzeko kaleko jardueren bidez (musika, antzerkia…), 3.000 biztanletik gorako guneak biziberritzeko, betiere merkataritza-jardueraren eta jarduera tertziarioaren mesedetan.

• Kontratazioa sustatzea merkataritzan eta ostalaritzan. Batez ere Gabonetako kanpainari begira pentsatutakoa, merkataritzako, ostalaritzako eta jatetxeen sektoreetako bederatzi langile baino gutxiagoko mikroETEei zuzenduta dago. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 1.200 euroko diru-laguntza emango du abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitarte formalizatzen den kontratu bakoitzeko. Hilabete eta erdikoa izango da kontratatzeko gutxieneko epea. Eusko Jaurlaritzak 2,4 milioi euro gorde ditu ‘+Euskadi 09’ ekimenaren barruan partida horretarako.

• ‘Renove Plana’ altzarietarako. Krisiak bereziki zigorturiko sektore batean —hots, altzarien merkataritza-banaketan (altzariak, argiak eta koltxoiak)— kontsumoa sustatzea du helburu nagusitzat. Ikusmer Merkataritzaren Behatokiaren datuen arabera, altzariaren merkataritza minoristan aurtengo lehen hiruhilekoan izandako salmentak % 32,7 jaitsi ziren 2008ko aldi berarekin alderatuta. ETEetako kontsumoa indarberritze aldera, ‘Renove Plan’ hau onartu du Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, honako eskakizun hauen baldintzapean: gutxienez 300 euroko erosketak, % 25eraino subentzionagarriak eta gehienez 1.000 euroko laguntzarekin etxekoen unitate bakoitzeko. SPRIk bideratuko ditu laguntzak eta irailaren 15etik aurrera erosten diren artikuluei emango zaizkie. Programari atxikitako merkatariek (ETEei zuzendutakoa da soilik) aplikatuko dute zuzenean deskontua, erosketa egiten den unean bertan. Eusko Jaurlaritzako laguntza honi bideraturiko aurrekontua 2 milioi eurora iristen da. Euskadi da altzariaren sektoreko kontsumoari zuzendutako horrelako neurri bat abiarazten duen lehenengo autonomia-erkidegoa.

Partekatu

Beste berri batzuk