CIC energiGUNE buru den REslag proiektu europarrak amaiera eman dio ikerketa faseari, eta altzairutegiko sarra balorizatzeko bideak irekiko ditu
Rabatek, Horizonte 2020 ekimenaren barruan dagoen eta 8 herrialdetako 18 bazkidek parte hartu duten REslag proiektuaren azken ekitaldia jaso du
Asteazkenean, ekainaren 19an, eta ostegunean, 20an, Marokoko hiriburua izan da topaketaren agertokia, eta parte hartu duten erakundeen ia 50 ordezkarik 4 urteko lanaren ondoren lortutako emaitzak aurkeztu dituzte
REslagek, urtero hondakindegietara joaten diren altzairutegietako 3 milioi tona hondakin industriak baliatzeko oinarriak ezartzen ditu
CIC energiGUNE buru den altzairutegiko sarraren energia probetxurako REslag proiektu europarrak amaiera eman dio ikerketa faseari, 4 urteko lanaren ondoren. Horizonte 2020 ekimenaren barruan dagoen proiektuaren amaierako ekitaldia aste honetan egin da Rabaten, profesionalen eta enpresetako eta kide diren erakundeen eta instituzioen 50 ordezkari ingururen partaidetzarekin.
Proiektuaren partzuergoko bazkide den Marokoko MASEN erakundeak antolatu duen topaketan, proiektuaren azken epealdian gauzatutako aurrerapenak jarri dira mahai gainean, eta sarrak Kontzentrazioko Eguzki Plantetan (CSP) dituen aplikazio potentzialetara zuzendutako azken ekitaldia egin da. Bileran, CIC energiGUNEz gain, Sener, IK4-Azterlan, CENER, DLR, ENEA, LCE, Renotech, CEA, Fraunhofer IWKS eta IRESENeko ordezkariek hartu dute parte.
Proiektuari amaiera emateko, mahaingurua egin da parte hartu duten enpresa guztiekin, ekimenaren behin betiko ondorioak lortzeko. Orokorrean, aurrera eramandako lanak agerian utzi du altzairuaren hondakinei balio berria ematearen aldeko apustuaren potentzialtasun handia, Europako Ekonomia Zirkularraren, ingurumenaren hobekuntzaren eta garapen ekonomikoaren ikuspuntutik.
Halaber, REslag, bere bi helburu nagusiak betetzeko itxaropen bikainekin heldu da azken etapara. Alde batetik, ezagutza industriara modu azkarrean eta ukigarrian transferitzea. Horretarako, 1/10 eskalako prototipo erakusle bat egin da CIC energiGUNEn, eta dagoeneko eskala errealean ari da eraikitzen Sestaoko Arcelor Mittal-en instalazioetan.
Eta bestetik, sarrak balorizatzeko proiektuan proposatu diren lau teknologien bideragarritasuna frogatzea: hondakin beroa berreskuratzea industrian, zeramikazko material errefraktarioak ekoiztea, energia biltegiratzea eguzki kontzentrazio termikoko lantegietarako, eta balio erantsi handiko metalak lortzea.
Hamarkada honen hasieran, Europako metalaren industriak altzairutegiko 21,8 milioi tona sarra sortzen zituen. Aurreikusten zenez, hondakin horien %76 eraikuntzan eta errepideetan erabiltzeko birzikla zitekeen, baina gainerako %24a (5,23 MTn) hondakindegietara botatzen zen, eta horrek ingurumen arloko arazo handia sortzen zuen. REslagen garapenak egoera hori hobetu nahi du, industriari hondakinak baliatzeko modu jasangarria eskainiz.
REslag proiektuan, 8 herrialdetatik etorritako 18 bazkidek hartu dute parte, eta ia 10 milioi euroko aurrekontua izan du. CIC energiGUNEren koordinazioarekin, hauek dira ekimenean parte hartu dutenak: ArcelorMittal, DLR, IK4-Azterlan, ETH, Imperial College London, Friedrich-Alexander Universitat Erlangen-Nurnberg, CEA, OptimumCement, ENEA, VIT, General Electric France, Novargi, General Electric Switzerland, Fraunhofer IWKS, Life Cycle Engineering, MASEN, Hasten, Renotech eta CENER.