CIC energiGUNE, energiaren biltegiratzearen sustapenerako AEPIBAL enpresa elkartean sartu da

Albisteak, Araba

Aliantza horren bitartez, ikerketa guneak indartu egiten du ezagutza zientifikoa eta teknologikoa industriara transferitzeko duen orientazioa, sektoreko enpresekin eta beste eragile batzuekin lankidetza zuzena ezarriz

CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren eta termikoaren biltegiratzearen arloan Europan erreferentea den ikerketa gunea, AEPIBALeko, pila, bateria eta energiaren biltegiratze enpresen elkarteko, kide da jadanik. Horren ondorioz, CIC energiGUNEk indartu egiten du ezagutza zientifikoa eta teknologikoa industriara transferitzeko eragile gisa duen posizioa, eta atea irekitzen dio sektoreko enpresekin eta beste eragile batzuekin sinergiak sortzeari.

“CIC energiGUNEren xedean I+G industriara helaraztea dago, eta AEPIBALeko kide izatea teknologiaren transferentzia bideratzeko bide ezin hobea da”, adierazi du Raquel Ferret CIC energiGUNEko Negozio Garapen Zuzendariak.

CIC energiGUNEk aurretik ere Europa mailan posizionamendu garrantzitsua duen arren –EMIRI (Energy Materials Industrial Research Initiative), EERA (European Energy Research Alliance), Spire (Sustainable Process Industry through Resource and Energy Efficiency) eta EMMC (European Materials Modelling Council) erakundeetako kide da eta, gainera, Battery 2030+ ekimenaren kide aholkularia ere bada– aliantza horretan sartzeak indartu egingo ditu bere presentzia eta ikusgaitasuna nazioarteko agertokian.

“Uste dugu CIC energiGUNE AEPIBALeko kide bilakatzeak harreman iraunkorraren hasiera markatuko duela, eta horrek aldatu egingo duela energiaren eta energia horren biltegiratzearen panorama Espainian eta Europan. Bi aldeek defendatzen ditugun balioak, xedea eta lanerako metodoak oso antzekoak direnez, gunea AEPIBALeko kide bilakatzea ‘perfect match’ bat izan dela esan dezakegu”, adierazi du Joaquin Chacón AEPIBALeko presidenteak.

AEPIBAL, energiaren biltegiratzearen sektoreko eragileak biltzen dituen estatu mailako elkartea da, 2017an eratutakoa, eragile horien eta gizartearen arteko zubi lanak egiteko. Bere helburua sektorearen balio kate osoari estaldura ematea da, modu batean edo bestean, pilen, baterien eta energiaren biltegiratzearen merkatua bultzatzen duten enpresa, teknologia gune eta bestelako erakunde guztien interesak ordeztuz eta lehiakortasuna sustatuz. Elkartearen jarduera osoa, energiaren biltegiratzeak toki guztietan dagoen zeharkako sektore gisa betetzen duen lekua aintzatestera dago zuzenduta, beharrezkoa duen ikusgaitasuna emateko.

AEPIBALen biltzen diren eragileen aniztasunak, ikerketarako eta industriari transferentzia teknologikoa egiteko lankidetza estrategikoan finkatuko diren sinergien sorkuntza errazten du. Beste alde batetik, ikerketa guneen eta Europa eta nazio mailako epe laburreko eta luzeko politika energetikoen arteko erabateko lerrokatzea bultzatzen du.

Sistema elektrikoaren epe luzeko aldaketa estrukturala lortzeko biltegiratzea oinarrizko alderdietako bat den energiaren trantsizio testuinguruan, CIC energiGUNEren iritziz funtsezkoa da Europan sektorearen nazio mailako erreferentea den AEPIBALen sartzea.

Partekatu

Beste berri batzuk