Elkarrizketa: Eva Larra, 2018ko “Erronka bat Parkerako” ekimeneko irabazlea Arabako Parkean

Abenduan jakinarazi zuten “Erronka bat Parkerako” berrikuntzako ekimen irekia zer erronkak irabazi zuten. Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak urtero antolatzen du ekimen hori hiru lurraldeetan. Sareko enpresetan lan egiten duten pertsona guztiek har dezakete parte eta ekimenaren helburua Parkea eta bertan instalatutako enpresak hobetzen lagunduko duten ideiak identifikatzea da. Eva Larrarekin hitz egin dugu. AJL OPHTALMIC enpresako Produktu Berrien Garapeneko eta Araudi Gaietarako zuzendaria da eta berak irabazi du lehiaketa “Sormenerako ikasgela” lanarekin.

1.- Zorionak berriro ere, ustekabe handia izan zen zuretzat…

Bai horixe, ustekabe handia!!! Erabat ezustean harrapatu ninduen… asko hitz egiten dut ba nik… (hori esaten dute behintzat) eta hitzik gabe gelditu nintzen. Jakin izan banu, prestatuko nuen diskurtso txiki bat, baina tira, horrela, askoz benetakoagoa izan zen, ez da hala?

2.- Zerk bultzatuta aurkeztu zinen ekimen honetan?

Garrantzitsua iruditzen zait Parkeko ekimenetan parte hartzea eta are gehiago ekimen honetan, helburua Parkeko langileei zuzenean onuraren bat ekarriko dien ekintzaren bat egitea baita. Enpresa guztien artean elkarlanean aritzeko espazio bizia izan behar du Parkeak eta gisa honetako ekimenetan parte hartzeak Parkeko parte naizela sentiarazten dit. Azken aldian, ekimen interesgarri ugari antolatu ditu parkeak eta batzuetan, zoritxarrez, ez da erraza izaten parte hartzea, dela denbora-faltagatik, ordutegi bateraezinak izateagatik eta abar, baina “erronka bat parkerako” ekimenean oso erraza zen parte hartzea, ideia bat adierazi besterik ez zen egin behar!

3.- “Sormenerako ikasgela” izan zen zure proposamena, irabazi duena. Zertan datza?

“Sormenerako ikasgela” bat sortzean datza.

Enpresek lankidetzan aritzeko, ideiak bideratzeko, esperimentatzeko eta partekatzeko espazio bat izatea da ideia, baina espazio hori eguneroko ingurunetik kanpokoa izatea, ohiko bilera-gela bat ez izatea, alegia. Horrek lagundu egingo luke giza talde berritzaile eta motibatu bat sortzen eta amaierako helburua enpresa arloko sormena eta berrikuntza sustatzea izango litzateke.

Ez da ideia berria, zenbait azterlanen arabera, “sormena erabiltzen duten enpresek gainditu egiten dituzte lehiakideak enpresa-errendimenduari lotutako adierazleetan; bai diru-sarrerak handitzeari, bai merkatuan parte hartzeari, bai talentua eskuratzeari lotuta”.

4.- Zure ustez, zer ekarpen egin diezaioke zure ideiak Arabako Teknologia Parke osoari?

Nire ideiaren helburua da, ahal den neurrian, enpresa handiak, Google adibidez, aspalditik egiten ari direnaren antzeko zerbait egitea; hau da, “Sormenezko lana egiteko espazioak sortzea”.

Parkeak sor dezake gisa horretako espazio bat eta bertako enpresentzat erabilgarri jarri, hala, langileen konpromisoa eta motibazioa indartzeko, langileen arteko interakzioa bideratzeko, giro lasai bat sortu eta giro horretan ideiak sortu, arazoak konpontzeko lan egin, brainstormingak edo ideia-jasak antolatu eta abar egin dadin.

Enpresek sormenezko pentsamendua indartzeko beharra dute eta parkeak lagundu egin dezake horretan espazio hau sortuta, espazio horretan ideiak edo galderak sor daitezen eta besterik gabe, ezagutza partekatzeko saioak egin daitezen.

Ekimen horri esker, eredu izango litzateke Parkea berrikuntzaren eta sormenaren kulturari babesa emateari lotuta.

Erronka bat dator Parkea sustatzen ari den jarduera “osasungarriekin” ere. Sormenerako ikasgelak itxi egingo luke enpresen sormena eta berrikuntza sustatzeko diseinatutako ekosistemaren zirkulua.

5.- Beraz, laburbilduz, berrikuntzaren eta sormenaren kulturarik gabe, etorkizuna nolakoa izan daiteke?

Grisa, oso eskasa eta benetan frustragarria. Nik ez dut horrelako etorkizunik nahi… Ekimen honen bidez, Parkeak lagundu egin dezake berrikuntzaren eta sormenaren kultura hori sustatzen eta nire ikuspegitik, funtsezkoa da kultura hori enpresak hazteko eta garatzeko.

6.- Arabako Teknologia Parkeak aurten jarriko du zure ekimena abian. 15.000 eurokoa izango da aurrekontua gehienez. Ekimenerako nolako instalazioak izatea gustatuko litzaizuke?

Zerbait xumea nahi nuke, espazio irekiak eta kolore alaiak, giro atsegin eta lasai batean, bilerak edo eztabaidak egiteko egokia, enpresako bilerek izan ohi duten zurruntasunik gabe. Zurrunagoak izaten dira enpresetako bilerak eta batzuetan, mugatu egiten digute bat-batekotasuna.

7.- Ba al duzu buruan aurkeztu nahi duzun erronkaren bat?

Jakina! Baina ez dizut ezertxo ere kontatuko, kar-kar

8.- Animatuko al zenituzke enpresetako gainerako langileak ideiak aurkeztera?

Zalantzarik gabe. Parkea denona eta denontzat izatea lortu behar dugu. Enpresak dira Parkearen motorra eta gure esku dago lanerako ingurune adiskidetsua, gizatiarra, gertukoa eta, nola ez, sormenezkoa eta produktiboa izatea!