CIC energiGUNEk energia biltegiratzeko Europako erreferentzia-zentro gisa zuen posizionamendua sendotu zuen 2023an
Euskal zentroak % 100eko arrakasta-tasa lortu du Estatuko Ikerketa Agentziaren “Ezagutza Sortzeko Proiektuak” ekimenaren azken deialdian, eta Europako ikerketa-esparruan izandako arrakasta-tasa % 50etik gorakoa izan da, 12 euskal enpresa bultzatuz
SCImago rankingak Europako eta Iberoamerikako Energia arloko Fundaziorik garrantzitsuena izendatu zuen CIC energiGUNE, bateriaren arloko Europako ekimen nagusietan –besteak beste Batteries Europe eta Battery 2030+– dago.
CIC energiGUNE, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurtzean eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak, energia biltegiratzearen arloko ikerketa eta transferentzia teknologikoaren erreferentziazko eragile nagusietakoa izanda itxi du 2023. urtea, lurralde zein Europa mailako ikerketa-proiektu berriei esker, bai eta enpresa eta bazkide estrategiko garrantzitsuekin egindako 40 lankidetza industrial baino gehiagori esker ere.
Horrela, CIC energiGUNEk energia biltegiratzearen arloan abangoardiako ikerketa egiteko eta enpresa-ingurunera transferi daitezkeen aktibo teknologikoak sortzeko konpromisoarekin jarraitu du. Horren adibide izan da BASQUEVOLTek eta BCAREk osatutako bere spin-off ekosistema. Joan den urtean ICEXek nabarmendu eta energiaren esparruko startup ‘cleantech’ nagusien artean sartu zituen bi horiek.
“Jakin badakigu zentroaren jardueraren ondoriozko lorpenak oso garrantzitsuak direla, eta aurten lortutako zifrek baikor eta harro egotera garamatzate. Hori guztia, gure benetako helburua ahaztu gabe: Euskadiko eta Europako industriaren lehiakortasuna hobetzen laguntzea, zientzia disruptiboa eta maila teknologiko handiko soluzioak sortuz”, adierazi du Nuria Gisbert CIC energiGUNEko zuzendari nagusiak.
Horrela, 2023an ere munduko ranking nagusien aintzatespena jaso du zentroak, bai elkarrekin egindako lanarengatik –SCImago rankingaren arabera, Europako eta Iberoamerikako Energiako ikerketa-fundaziorik garrantzitsuena da–, bai bere ikertzaile-taldearen lanarengatik. Puntu horretan azpimarratzekoa da Michel Armand CIC energiGUNEko elektrokimika arloko ohorezko zuzendari zientifikoa, Stanfordeko Unibertsitateko “Ranking of World Scientists”-en eta Elsevier argitaletxearen arabera Estatuan energiaren arloan dagoen ikertzailerik garrantzitsuena dela.
Era berean, 2023an euskal zentroa erreferentziazko eragile gisa kokatu da baterien Europako ekosistemaren barruan. Hala, urte hasieran, sektoreko arduradun nagusiak bildu zituen Gasteizen Europa mailako “BatSum23” konferentziaren inguruan. Konferentzia horrek “Europako teknologia propioaren” garapena jarri zuen balioan, eta Euskadi horren adibide da, lehen aipatutako BASQUEVOLTen bidez.
CIC energiGUNE funtsezko eragilea izan da baterien etorkizuneko ekosistema definitzeko orduan, eta nabarmentzekoa da Europako bateriaren balio-katea definitzeko funtsezko tresnak diren Batteries Europe eta Battery 2030+ ekimenen funtsezko bi ibilbide-orriak sortzen parte hartu duela. Era berean, Produktuen Ingurumen Adierazpenak (EPD) ziurtatzeko eta Produktu Kategorien Arauak (PCR) garatzeko erakunde nagusia den ‘The International EPD System’-ek aplikagarria izango den eta baterien industriaren etorkizuna zehaztuko duen ekipo elektriko eta elektronikoen PCR berria garatzeko deitutako eragileetako bat izan zen.
Arrakasta tasa handia proiektuetan
CIC energiGUNEren 2023ko lorpen handienetakoa proiektuen deialdi guztietan oso arrakasta-tasa handiak lortu izana izan da, bai Euskadi, bai Estatu eta Europa mailan. Puntu horretan nabarmentzekoa da Estatuko Ikerketa Agentziaren “Ezagutza Sortzeko Proiektuak” deialdian lortutako % 100eko arrakasta-tasa. Era berean, zentroak % 50eko arrakasta-tasa lortu du Europako ikerketa-esparruan, 12 euskal enpresa bultzatuz.
Ildo horretan, CIC energiGUNEk parte-hartze nabarmena izaten jarraitu du garapen-fase desberdinetan dauden Europako proiektuen garapenean. Urte hasieran, zentroak Europako MUSIC proiektua abiarazteko bilera hartu zuen. Gasteiztik zuzentzen den proiektu horren helburua sodioan oinarritutako energia biltegiratzeko teknologia berria sustatzea da. Maiatzean, zentroak industriako eragileak eta materialen eta baterien garatzaileak elkartu zituen Arabako hiriburuan, HIGREEW proiektuaren azken mintegia egiteko. Proiektu horri esker, redox fluxuko bateria organikoaren prototipo bat instalatu ahal izan da Siemens Gamesak Zaragozan dituen instalazioetan.
CIC energiGUNEk parte hartzen duen beste proiektu aipagarri batzuk hauek dira: HIPERZAB, era elektrikoan kargatu daitekeen lehen zink-aire bateria garatzea helburu duena; edo HELENA, abiazio elektrikorako egoera solidoko bateriak garatu nahi dituena. Era berean, CIC energiGUNEren lanari esker, 2023an datuak aztertzeko eta horietan sakontzeko duen gaitasunari esker materialen ikerketa irauliko duen FullProfAPP softwarea amaitu ahal izan zen.
Aintzatespena taldeari
Aintzatespen profesionalei dagokienez, Michel Armand, CIC energiGUNEko elektrokimika arloko ohorezko zuzendari zientifikoa Munduko Zientzialaririk Aipatuenetakoa izan zen Clarivate Analytics-en arabera. Horrez gain, Stanfordeko Unibertsitateko rankingean euskal zentroko bost zientzialari sartu ziren munduko ikertzaile garrantzitsuenen zerrendan (Michel Armand, Elena Palomo, Montse Casas-Cabanas, Javier Carrasco, eta Yaroslav Grosu).
Gainera, Elena Palomo del Barriok BRTAren (“Basque Research and Technology Alliance”) “Ibilbidea” saria jaso zuen; María Arnaiz zientzialariak “Bikaintasunerako POLiS saria emakume ikertzaileentzat” saria jaso zuen Alemanian, eta Sara Ortiz Astiz CIC energiGUNEren finantza eta estrategia zuzendariak AMPEAren “Emakumeen Talentuari Saria” jaso zuen.
Gaur egun, CIC energiGUNEko plantilla 200 profesional inguruk osatzen dute.
Ikerketa-lana eta gizarte-konpromisoa
Aurreko ekitaldian, CIC energiGUNEk ehun argitalpen baino gehiago erregistratu ditu, eta Q1 ratioa (inpaktu handiko argitalpenak) guztizkoaren % 95etik gorakoa izan da. Gordailututako patente-kopuruari dagokionez, 2023an, 39 patente-familia aktibotara iritsi da, eta CIC energiGUNEren portfolioko zitazioak % 150 igo dira 2022arekin alderatuta, Apple, Samsung, LG edo Harvardeko Unibertsitatea bezalako enpresa garrantzitsuekin.
Pertsonekiko konpromisoaren eta karrera profesionalaren garapenaren esparruan, CIC energiGUNEk, iaz, mentoring-prozesu berriak egin zituen doktoregaientzat, errendimendu handiko taldeentzako coaching-a, prestakuntza- eta laguntza-planak, eta arlo horretan eragile aktibo gisa duen eginkizuna sendotu zuen. Horri esker, lau urte baino gehiago daramatza erakarpenean eta talentuan duen bikaintasunarengatik Europako Batzordearen aintzatespena jasotzen.
Azkenik, 2023an jarduerak eta baliabideak digitalizatzeko prozesu osoa jarri zen abian, Plan Estrategikoan jasotako ekintza-ardatzekin bat etorriz.