CIC Energigunek energiaren biltegiratzearen inguruan egin dituen azken ikerketak erakutsiko ditu europan sektore horretan egiten diren feria nagusietako batean

Araba

EuropeanUtilityWeek feria Bartzelonan egingo da, azaroaren 15etik 17ra bitarte. 600 enpresak baino gehiagok erakutsiko dituzte beren produktuak, eta 12.000 bisitari baino gehiago espero dira.

CIC energiGUNEk Euskadiko Energia Klusterrak koordinatutako SmartGridsBasque Country standean parte hartuko du.

CIC energiGUNEk (hots, energiaren biltegiratzean diharduen ikerketa kooperatiboko zentroak) energiari eta sare adimendunei buruzko Europako topaketa nagusietako batean (EuropeanUtilityWeek izenekoan, alegia) parte hartuko du gaurtik aurrera. Topaketa Bartzelonan egingo da, eta azaroaren 17ra arte iraungo du. Euskal zentroak Arabako Teknologia Parkean du egoitza, eta stand bereizi bat izango du Euskadiko Energia Klusterrak koordinatutako Smart GridsBasqueCountry izeneko standaren barruan. “Indarrak batu ditugu Euskadiko beste enpresa eta erakunde batzuekin, Euskadin energiaren eta sare adimendunen esparruan eskain ditzakegun zerbitzu berriak eta berritzeko ahalmena erakusteko. Zehazki, energiaren biltegiratzea hobetzeko material berrien ikerketan egin ditugun aurrerapenak aurkeztu eta partekatuko ditugu, sare elektrikoa optimizatzeko eta energia berriztagarriak garatzeko gakoetako bat dela kontuan hartuta”, azaldu du CIC energiGUNEko zuzendari nagusi Nuria Gisbertek.

EuropeanUtilityWeek plataforma Europako liderra da energiaren eta baliabideen kudeaketaren sektorean. 2016ko edizioan, sektorean izan diren aurrerapenen berri izateko eta horren inguruan eztabaidatzeko aukera izango duten 12.000 bisitari baino gehiago eta Europa osoko 600 enpresa baino gehiago bilduko ditu plataformak. CIC energiGUNEk, energiaren biltegiratzearen esparruan egin dituen aurrerapenak azaltzeaz gain, bere ekipamendu tekniko bikainak esparru horretan proiektu berriak garatzeko eskaintzen dituen aukera guztiak aurkeztuko ditu. “Zirkunstantzia horri eta gure “Open platform” filosofiari esker, produktu berriak edo daudenak hobetzeko prozesuak lortzea ahalbidetuko duten ikerketa-proiektuak garatzeko eskaintza bikain bat egin dezakegu. Munduko azpiegiturarik onenetakoak ditugu. Besteak beste, baterietarako gelaxken prototipoa egiteko Europako ildorik modernoenetako bat eta biltegiratze termikorako test-plataforma bat aipa daitezke”, azpimarratu du Gisbertek.

BidelekSareak

CIC energiGUNEk, halaber, BidelekSareak ekimena aurkezteko jardunaldian esku hartuko du gonbidatu gisa. Eusko Jaurlaritzaren ekimen hori Energiaren Euskal Erakundearen eta Iberdrolaren bitartez garatu da, eta hiri-eremuak eta landa-eremuak sare adimendunez hornitzea eta, era horretan, hornidura elektrikoaren efizientzia eta segurtasuna hobetzea du helburu. Topaketa hori azaroaren 17an egingo da Smart GridsBasque Country izeneko standean, eta energia biltegiratzeko modu seguruagoak eta eraginkorragoak bilatzeko lanean lortutako garapen teknologikoak erakutsiko ditu CIC energiGUNEk.

CIC energiGUNE zentroak ia 6 urte bete ditu, eta dagoeneko Europako 10 industria-proiektutan eta 10 ikerketa-proiektutan parte hartzen du (horietatik, 4 zuzentzen ditu). Zentroan, 14 nazionalitateko 70 ikertzailek baino gehiagok lan egiten dute.

Partekatu

Beste berri batzuk