CIC energiGUNEk etorkizuneko bateriak Europan garatuko direla bermatzeko EBk Battery 2030+ programari emandako bultzada berrian hartzen du parte

Albisteak, Araba

Europar Batasunak 150 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa eman die Battery 2030+ programak lagundutako abangoardiako proiektuei, eta horien artean dago euskal zentroaren partaidetza nabarmena duen OPINCHARGE

Helburua da Europa bateria ekologiko, jasangarri, eraginkor eta seguruen garapenean eta ekoizpenean munduko lider bihurtzea

CIC energiGUNEk, energia elektrokimikoaren biltegiratzean, energia termikoaren biltegiratzean eta bihurketan eta hidrogenoaren teknologietan erreferentea den euskal ikerketa-zentroak eta Battery 2030+ ekimen paneuroparrean bildutako gainerako erakundeek beste bultzada bat jaso dute Europar Batasunaren aldetik, etorkizuneko baterien garapenean lanean jarraitzeko. EBren Horizonte Europa ikerketa-programaren bidez, 150 milioi euro baino gehiagoko finantziazioa eman zaie puntako proiektuei, baterien esparruan Europako teknologia garatzea lortzeko. Battery 2030+ ekimenak ekintza bateratuak sustatuko ditu ibilbide-orriak, jardunbide hobeak eta hezkuntza definitzearekin lotuta; eta proiektu horien bilakaera monitorizatuko du bikaintasun- eta lankidetza-adierazleekin alderatuta.

Partida ekonomiko garrantzitsu horrek beste bultzada bat ekarri dio Uppsalako Unibertsitateak (Suedia) koordinatzen duen ekimenari. Ekimena, kontinenteko tresna nagusietakoa da Europa bateria jasangarrien garapenean eta ekoizpenean munduko liderra izan dadin, ikerketa sustatuz. Finantzaketa horrek babestutako proiektu berriak BATT4EU Elkartearen lanaren barruan daude, eta Battery2030+ erakundeak bateriak ikertzeko argitaratutako epe luzerako Ibilbide Orria oinarri hartuta garatuko dira.

Zehatzago esanez, “autokonponketarako” sentsore eta mekanismoetan eta interfaze elektrokimikoetan zentratutako Battery 2030+ programako sei proiektu berri koordinatuko dira. Datorren urtean beste hamar proiektu jarriko dira martxan 60 milioi euro inguruko finantzaketari esker, eta 2025ean 60 milioi euroko finantzaketa izango duten bederatzi proiektu berri aurreikusten dira. Horietako batzuek ikerketa aplikatuagoko esparruak barne hartuko dituzte, hala nola ekoizpena eta birziklapena; beste batzuek, berriz, datu-analisia izango dute ardatz.

“Azken helburua bateriaren prozesu dinamikoak hobeto ulertzea da, bizitzaren arlo honetan garapen teknologikoan aurrera egiten jarraitzeko”, adierazi du Kristina Edström irakasleak, Battery 2030+en ikerketa-proiektuen koordinatzaileak. “EBk soluzio energetiko jasangarriekin duen konpromisoa agerian geratzen da Horizonte Europak proiektu aitzindari horiei ematen dien etengabeko laguntzan”, ziurtatu du.

Laguntza ekonomiko horren onuradun izan diren sei proiektuetako bat, Luxenburgoko Zientzia eta Teknologia Institutuko (LIST) SanthanaEswarak zuzentzen duen eta CIC energiGUNEk parte hartzen duen OPINCHARGE da. Zehazki, proiektu horrek egitura interfazialaren, haren bilakaera kimikoaren eta ioi-litiozko baterien karga-dinamikaren arteko elkarreraginak aurrekaririk gabeko xehetasun-mailarekin aztertzeko eta ulertzeko aukera emango duten EMN (Erresonantzia Magnetiko Nuklearra) teknikak garatu nahi ditu.

OPINCHARGEz gain, beste bi proiektuk elektrolitoaren eta bateriaren elektrodoen (anodoa eta katodoa) arteko interfaze konplexuak ikertuko dituzte. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko (UAM) Celia Polopek zuzendutako Opera, eta Danimarkako Unibertsitate Teknikoko (DTU) Martin Meedeom Nielsenek zuzendutako Ultrabat dira.

Beste hiru proiektuak baterien fidagarritasuna eta errendimendua hobetzeko detekzio eta “autokonponketa” mekanismoetan zentratzen dira. Bruselako Unibertsitate Libreko (VUB) Maitane Berecibarrek zuzendutako Phoenix; Norvegiako Teknologia Energetikoaren Institutuko (IFE) YuxiuLaik zuzendutako Salamander; eta Dortmundeko Unibertsitate Teknikoko Stefan Palzerrek zuzendutako Healingbat, proiektuak dira.

Partekatu

Beste berri batzuk