CIDETEC Surface Engineering zentroa ura eta zikinkeria aldaratzen dituzten estaldura omnifobikoak ari da garatzen eraikinetarako

Albisteak, Gipuzkoa

I-climabuilt proiektuak isurtzerik gabeko eraikinak lortzea du helburu; izan ere, ura aldaratzen duen zementua, zikinkeria itsastea eragozten duten leihoak eta eraikinetan integratutako zelula fotovoltaikoak ari da fabrikatzen

CIDETEC Surface Engineeringen estaldura omnifobikoak funtsezko elementuetako bat dira I-climabuilt proiektuaren barruan, eraikin berrien isurtze-mailak zerora hurbiltzea dute xede. Horretarako, proiektuaren iraupen osoaren erdia baino gehixeago bete denean (2021eko martxoan hasi zen proiektua), bazkideek hainbat prototipo gauzatzeko urratsak ematen dihardute, egindako ikerketak probatzeko.

Proiektuan, zikinkeria aldaratzen duen beira, bustitzen ez den zementua eta eraikinetan integratu ahal izango diren zelula fotovoltaiko omnifobikoak sortu dira, besteak beste. Hain zuzen, CIDETEC Surface Engineeringek formulatu eta optimizatu ditu elementu horietan erabilitako estaldura omnifobikoak. Eskala errealean probatzea da hurrengo urratsa, Gipuzkoako zentroko pintura-kabinan arrakastaz erabili ondoren.

CIDETECek kasu bakoitzerako optimizatu duen garapenarekin estalitako prototipoak baldintza errealetan probatuko dira, proiekturako instalatutako livings labak dauden klimetan. Hona hemen klima horiek: nordikoa, Trondheimen (Norvegian); mediterraneoa, Ampostan eta Manresan, eta euritsua, Dresdenen (Alemanian).

Prozesu horretan, CIDETEC Surface Engineeringeko pintura-kabinan, 3 m2-ko azalera duen beira bat estali da formulazio omnifobiko batekin.

I-climabuilt proiektuak 16 M€-ko aurrekontua du, eta 16 ikerketa-zentro nabarmenek eta 11 ETEk osatutako partzuergo batek hartzen du parte hartan. Proiektuan garatutako prototipoak —aipatutakoa eta gainerakoak— probatu ondoren, haien energia-efizientzia ebaluatu eta gaur egungo konponbideekin alderatuko dira, eraginkortasuna frogatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk