Cleantech Innvest sortu da. Teknologia garbien proiektu berritzaileetarako inbertsiogile eta finantzatzaileen sarea
. Hasieran sarea honako hauek osatzen dute: Iberdrola, Repsol Energy Ventures, MONDRAGON Korporazioa, CAF, Gamesa, Grupo Talde, Orza, Seed Capital Bizkaia, Sociedad de Gestión de Capital Riesgo del País Vasco/EAEko Arrisku Kapitala Kudeatzeko Sozietatea, Bulka Angels, IK4 Research Alliance eta Tecnalia-k.
· Cleantech INNvest teknologia garbien (“cleantech”) proiektu berritzaileetan inbertitu eta horiek finantzatzeko sarea da, Innobasquek bultzaturiko Southern Europe´s Cleantech Hub-eko parte.
· Cleantech INNvest nazioartean konektaturik egoteko bokazioz sortu da, eta horregatik lankidetza-bideak aztertzen ari da nazioarteko beste sare batzuekin, Europako International Venture Club-arekin, adibidez.
Iberdrola, Repsol Energy Ventures, MONDRAGON Korporazioa, CAF, Gamesa, Grupo Talde, Orza, Seed Capital Bizkaia, Sociedad de Gestión de Capital Riesgo del País Vasco/EAEko Arrisku Kapitala Kudeatzeko Sozietatea, Bulka Angels, IK4 Research Alliance eta Tecnaliak gaur goizean eratu dute ofizialki Bilboko Burtsan Cleantech INNvest, teknologia garbien (“cleantech”) proiektuetan inbertitzeko eta horiek finantzatzeko sarea, hazkunde global eta errentagarritasunerako ahalmen handikoa. Tresna hau hasieran 12 erakundek osatzen dute, Southern Europe´s Cleantech Hub-ekoa da, eta plataforma hori Innobasque– Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatua da teknologia garbietan erreferentzia-gune bat garatzeko, lehiakorra eta nazioarteko merkatuetan salmentak egitera bideratua, bertan aberastasuna eta enplegua sortzeko.
Aurkezpen ofizialaren ondoren, “Teknologia garbiak, inbertsio errentagarria” jardunaldia egin da “Innobasqueren Astearteen” barruan, eta parte hartu dutenak hauek izan dira: Juan Ignacio García de Motiloa, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordea; Pedro Martínez Cid, Iberdrolako Berrikuntza-zuzendaritzaren albokoa; Maialen Astarbe, EAEko Arrisku Kapitalaren Kudeaketako analista; Fernando Lozano, Bulkan Angelseko bazkidea; Javier Lopetegi, Likuid Nanotekeko zuzendari nagusia; Juan Bautista Genúa, Luixeko kontseilari delegatua; Ander Orcasitas, International Venture Club sareko negozio-garapenaren arduraduna; Iñaki Ruiz, Ekonomialarien Euskal Elkargoko lehendakariordea; Txema Villate eta Guillermo Ulacia, Innobasqueko zuzendari nagusia eta presidentea, hurrenez hurren. Presidenteak adierazi du “teknologia garbien proiektu onak, inbertsio edo finantzaketa egokirik ez dutelako, beren helburuak lortu gabe gera ez daitezen sortu dela Cleantech INNvest, Southern Europe´s Cleantech Hub barne dagoena”.
Cleantech INNvest osagai berritzaile handiko ekimen ekintzaileak identifikatzeko bide bat da, proiektu berrien hub-a elikatzen duena, hauek finantzaketa lortu ahal izan dezaten bideragarritasuna izateko, negozio-aukerak garatzeko eta beharrezko tamaina lortzeko, bai era independentean eta bai beste proiektu batzuetan sartuta. Beraz, industria-, finantza- eta erakunde-izaerako eragile inbertsiogile eta finantzatzaile pribatu eta publikoek osaturiko sarea da, eta teknologia garbien eremuko sustatzaileekin konektatzen dira, inbertsiogileen sare zabal batera iristea erraztuz eta enpresa-proiektuaren estadio ezberdinetan inbertsioen jarraitutasuna erraztuz. Ezagutza-plataforma kualifikatua ere bada, non sustatzaileek aditu eta inbertsiogileekin iritziak truka ditzaketen, horrela aberastuz eta azeleratuz beraien egitasmoa. Bestalde, hainbat profiletako inbertsiogileen eta finantzatzaileen ko- inbertsioa errazten du, eragile bakoitzak hartzen dituen arriskuak murriztuz eta arrakasta-aukerak ugarituz.
Nazioarteko konexioa
Cleantech INNvest sare irekia da, nazioartean konektaturik egoteko bokazioarekin jaioa. Horregatik, lankidetza-bideak aztertzen ari da nazioarteko beste sare batzuekin, adibidez, Europako International Venture Club-arekin, antzeko ezaugarriak baititu, Ander Orcasitas-ek, sareko negozio-garapenaren arduradunak, esan duen bezala.
Bi urte baino gutxiagoan, Southern Europe´s Cleantech Hub-ek 118 cleantech enpresa– proiektu berritzaile identifikatu ditu, eta horietako 36 dagoeneko bete-betean ari dira parte hartzen aipaturiko plataforman. 36 horietako erdiak energia garbiko ekimenak dira, %25 ur eta hondakinen tratamendukoak, %5 mugikortasun iraunkorrekoak, %9 materialetakoak, eta gainerakoa, %3, IKTei buruzkoak. Halaber, 28 kudeatze-prozesuan daude Cleantech INNvest sarean, eta 7tan dagoeneko aztertzen ari dira elkarrekin inbertitzeko aukera.
Errentagarritasun ekonomikoa eta kostuetan eraginkortasuna
Cleantech edo teknologia garbiak garrantzi estrategikoko industria dira Euskadi bezalako eskualde berritzaileentzat, aberastasuna eta enplegua sortzeko gaitasuna dutelako; izan ere, errentagarritasun ekonomikoa eta kostuetan eraginkortasuna ingurumen-eraginaren eta jarduera ekonomikorako beharrezkoak diren baliabideen kontsumoaren murrizketarekin uztartzen dituzten negozio-ereduekin erlazionaturik daude. Merkatu honetan energia-teknologiak sartzen dira (smart grid-ak, energia berriztagarriak, etab.), baita ere mugikortasun iraunkorra, material aurreratuak, ur eta hondakinak birziklatzea eta kudeatzea, ondasun eta ekipamenduen ekodiseinua, etab. Hiru bilioi euro baino gehiagoko merkatu potentziala eratuko dute 2020an, eta gaur egun 40.000 milioi euro inguru inbertitzen dira urtean. %80 bat-egite eta erosketei dagokie, eta gainerako %20 arrisku-kapitaleko eragiketei. Merkatu honek %6,5 eta %13 arteko hazkundeak ditu urtean.