CNMV-k onetsi eta erregistratu egin du Euslkaltel SA-ren sep-liburuxka
- Euskaltel zuntz optikoko eta telekomunikazio-zerbitzu integratuen konpainia liderra da Euskadin
- Eskaintza honetan datza: 80.408.930 akzio saltzea, hau da, Euskaltelen kapital sozialaren % 63,5en baliokidea
- Gaur egungo Euskaltelen akzionista guztiek akzioak salduko dituzte Eskaintzan
- Burtsara irteteko prozesuan, Euskalteleko lantaldea enpresaren akziodun bihurtuko da; Euskaltelen kapitalaren % 1,3 atxikiko du
- Prezio-tarte adierazgarri eta ez-loteslea 8,70 eta 11,05 euro artekoa da akzioko; beraz, gutxi gorabeherako kapitalizazio-tartea 1.100 eta 1.400 milioi euro artekoa izango da
- Akzioak kotizatzen hasteko aurreikusitako data uztailaren 1a da
- Green shoe aukera erabat gauzatuko dela uste izanda, Eskaintzaren tamaina, gehienez, Euskaltelen kapital sozialaren % 69,9koa izango da
- Kutxabankek segituko du erreferentziazko akziodun izaten (% 30,1), eta Euskaltelek Euskadin duen nortasuna eta sustraitzea bermatzen da
- Merkatuan duen posizio sendoak, markaren balio altuak eta zabaldua duen azken belaunaldiko zuntz optikoko sareak, zeinak ez baitu behar aparteko inbertsio osagarririk, posizio egokian jartzen dute Euskaltel ekonomiaren gaur egungo joera baikorraren eta telekomunikazio-merkatuek duten dinamismoaren etekinak eskuratzeko
- 2015eko lehen hiruhilabeteko emaitza sendoek enpresak duen etengabeko hazkundea adierazten dute
- Euskaltelek kaxa-fluxua sortzeko duen gaitasun handiak aukera emango du akziodunei ordaintzeko politika erakargarri bat egiteko
Euskaltel SA (“Euskaltel” edo “Sozietatea”) Euskadiko zuntz optikoko eta telekomunikazioko zerbitzu bateratuen enpresa liderrak iragarri du akzioak saltzeko eskaintza publikoa hasiko duela (SEP), Baloreen Merkatuaren Batzorde Nazionalak (“CNMV”) eragiketaren liburuxka onartu eta erregistratu baitu (“Liburuxka”). 2015ko uztailaren 1ean hasiko dira enpresako akzioak Madrilgo, Bartzelonako, Bilboko eta Valentziako burtsetan (“Espainiako Balore Burtsak”) kotizatzen, eta egun horretan sartuko dira Etengabeko merkatuan, ”EKT” ikurrarekin. Burtsara ateratzeak aukera emango dio Euskalteli, aparteko inbertsio gehigarririk behar ez duen azken belaunaldiko zuntz-sarearen eta bezeroei egiten dizkien eskaintza lehiakorren bidez, telekomunikazioaren sektorean hazten segitzeko estrategiari eusteko eta Euskadin bere etorkizuna sendotzeko eta sustraitzeko.
Euskaltelen lehendakari Alberto García Erauzkinek hauxe esan du Eskaintzari buruz: “Burtsara ateratzea erreferentziazko une garrantzitsua da Euskaltelen historian eta garapen korporatiboan; izan ere, aukera interesgarri eta berriak emango dizkie enpresari, bezeroei eta Euskadiri. Telekomunikazioen sektorea asko haziko da datu mugikorren trafikoari eta zerbitzu bateratuei dagokienez, eta Euskaltel ongi kokatuta dago aukera horiek areagotzeko. Gainera, berrikuntzako erreferente gisa eta bezeroarentzako zerbitzu bikain gisa dugun posizioa sendotuko dugu horrela.
SEParen ondoren, Kutxabankek segituko du izaten enpresako akziodun nagusia (% 30,1). Euskaltelek, “Konpainiaren Gobernu Korporatibo”aren araudiaren barruan, aurreikusi du enpresak Euskadin duen identitatea eta sustraitzea babestea, eta horri eutsiko dio egoitza sozialari, izen sozialari, helburu sozialari, lan-zentroei edo markaren aldaketari eragin diezaiokeen edozein erabaki hartzean.
Hauek dira Eskaintzaren ezaugarri nagusiak: Euskaltelen kapitalizazioa 1.250 milioi euroan kokatzen da, prezioen bandako erdiko puntua kontuan hartuta
Inbertitzaileen interesak neurtu ondoren, Euskateleko akziodunek adostu dute 80.408.930 akzio saltzea, enpresaren kapital sozialaren % 63,5, hain zuzen ere Gaur egungo hiru akziodun nagusiek —Kutxabank SA, International Cable BV eta Iberdrola SA— parte hartuko dute akzioen salmentan. Kutxabankek 22,5 milioi akzio salduko ditu, eta International Cablek eta Iberdrolak beren partizipazio guztiak salduko dituzte.
Merkatuak halako eragiketetan izaten duen ohiko jarduera kontuan hartuta, akziodun saltzaileek erosketa-aukera bat (green shoe) eman diete koordinatzaile orokorrei, 8.040.893 akziokoa, zeina Eskaintzaren guztizko akzioen % 10aren baliokide baita, eta lehenengo kotizazio-egunaren hurrengo egunetik 30 egun naturaleko epean gauzatu ahal izango da osorik edo zati batean. Horrenbestez, Green shoe aukera kontuan hartuta, Eskaintzaren tamaina, gehienez, Euskaltelen kapital sozialaren % 69,9koa izango da
Prezio-tarte adierazgarria eta ez-loteslea 8,70 eta 11,05 euro artekoa da akzioko. Prezio-zerrenda hori kontuan hartuta, Euskalteli hasieran esleitutako burtsako kapitalizazioa (equity-ren % 100aren balorazioa) 1.100 eta 1.400 milioi euro artean dago; beraz, enpresaren balioa (enterprise value) 1.570 eta 1.870 milioi euro artean kokatzen du horrek.
Burtsara atera ondoren eta jotzen badugu green shoe-ren aukera erabat gauzatuko dela, honela geratuko litzateke Euskaltelen akzioen egitura: Kutxabankek segituko luke izaten akziodun nagusia, kapital sozialaren % 30,1ekin, eta gainerako % 68,6 free float(kapital flotatzailea) delakoari dagozkio, alde batera utzita enpresak langileen artean banatzeko Eskaintzan erositako akzioak. International Cable BVk eta Iberdrolak akziodun izateari utziko diote, haien akzio guztiak SEPen saldu ostean.
SEPa tarte bakar batean dago egituratuta, eta Espainiako eta Espainiatik kanpoko inbertitzaile instituzional kualifikatuei zuzenduta dago, AEBko inbertitzaile instituzional kualifikatuentzako (“qualifed institutional buyers” edo QIB) tarte bat barne, Amerikako Estatu Batuetako Balioen Legeko 144A Arauari jarraituz (U.S. Securities Act).